Azken urteetan gerra kroniketan irakurri izan da droneei buruz, baina erabilera askoz gehiago dituzte guda zelaietatik kanpo. Badira urteak argazkiak eta bideoak egiteko kamerak gehitu zitzaizkiela, eta aurrez kamera bat iritsi ezin zen lekuetara iritsi dira. Hala, kirol proben emisioetan erabiltzen hasi dira; besteak beste, txirrindularitzan. Antton Aldekoa EITBko kirol errealizadoreen koordinatzaileak azaldu du Euskal Herriko Itzulian erabiltzen dituztela, baina ez soilik irudiak grabatzeko, baita komunikaziorako ere.
Bide aldrebesa izan dute munduko telebista kateek txirrindularitza probetan droneak erabiltzeko. Izan ere, 2022ko Belgikako ziklo-kros lasterketa batean erabiltzekoak ziren, baina UCIk —Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna— ez zien utzi. Handik gutxira, araudia aldatu zuen, halakoak baimenarekin erabili ahal izateko. Hala ere, iazko O Gran Camiño lasterketan, Galizian, telebistako drone bat Jonas Vingegaardengandik oso gertu pasatu zen erlojupekoan, eta UCIko arduradunek antolatzaileei ohartarazi zieten txirrindularien segurtasuna bermatu behar zutela ezeren gainetik.
Hala ere, ordutik ere erabili izan dira droneak. Horren adibide da aurtengo Paris-Nizako taldekako erlojupekoa; abiadura bizian grabatu zituzten txirrindulariak droneek, eta, hala, ikusleek izugarrizko esperientzia bizi ahal izan zuten. Aldekoak adierazi du haiek ere erabili izan dituztela, Arrateko igoeran (Eibar, Gipuzkoa) esaterako, baina arazoak ere sortzen dituzte.
Lehenik eta behin, kontu handiz ibili behar da droneekin helikopteroak hegan ari direnean. Hori dela eta, jende gutxi dagoen leku espezifikoetan soilik erabil ditzakete. Beste arazo bat irudiaren kalitatea da: «Droneen %90 grabatzeko daude prestatuta. Erreportaje baterako, adibidez, ederto datoz, baina guk zuzeneko irudia behar dugu, eta oraingoz ez dauka kalitate nahikoa broadcast sistema batean zuzeneko irudi hori dronetik dronea maneiatzen duen sistemara bidaltzeko. Sakelakoetan ikusteko balio du, baina telebista handi batean ez du kalitate nahikorik», azaldu du.
Hala ere, ziur da etorkizunean droneek grabatutako irudi askoz gehiago ikusiko direla; teknologia hobetzea besterik ez da falta: «Oso kontziente gara oso tresna indartsua dela, jainkoaren begiradaren gisakoa da, kamera edozein puntutan kokatzeko ahalmena baitauka», esan du.
«Normalean audioari ez zaio horrenbesteko garrantzia ematen, eta irudiaren ikusgarritasunera mugatzen gara, baina oso garbi dugu audioa dela ikuslea espazioetan kokatzen duena».
ANTTON ALDEKOAEITBko kirol errealizatzaileen koordinatzailea
Aurten ETIBk kamioi berria estreinatu du, Euskal Herriko Itzulian transmisioa hobetzeko. Beste proba batzuetan ibili dira erabiltzen azken hilabeteetan, eta horri esker, telebistan definizio handiko irudia eskaintzeaz gain, Internet bidez 4Kn ematen ari dira Irundik Eibar bitarteko etapak.
Irudia baino gehiago
Aldekoaren arabera, droneez gain helikopteroetako eta motoetako kameren estabilizatzaileak ere hobetu dituzte, baina hobekuntza guztiak ez daude zuzeneko irudietan zentratuta. Izan ere, ikuslearen esperientzia ez da irudiena bakarrik, audioa eta grafismoak ere hor baitaude. Eta horretan ere ari dira berrikuntzak egiten EITBn. «Normalean audioari ez zaio horrenbesteko garrantzia ematen, eta irudiaren ikusgarritasunera mugatzen gara, baina oso garbi dugu audioa dela ikuslea espazioetan kokatzen duena».
Esaterako, duela urte batzuk taldeekin hitz egin zuten, eta lortu zuten erlojupeko batean txirrindulari bakoitzaren irteeran bizikleta guztien garapena erakustea ikusleari. Aldekoak adierazi du haiek dakitenez lehenengoak izan zirela hori egiten, eta handik hilabetera Italiako Giroan gauza bera egin zuten. «Harro» sentitzen dira horrekin: «Giroak kopiatu egiten badizu, seinale ona da».
Horrez gain, taldeetako kirol zuzendarien autoetako audioa ere sartzen dute tarteka telebistako emisioan, taldeen baimenarekin betiere. Euskal Herriko Itzuliaren barne irratiaren batzuk ere sartzen dituzte batzuetan, ikuslea lasterketaren barruan sentitu dadin. Etorkizunean bizikletetan kamerak jartzea gustatuko litzaioke Aldekoari, etapen ostean ikusleei esprinten barruan zer gertatu den erakusteko. Hala ere, horrek lana eskatuko du oraindik, taldeen baimenaz gain teknologia hobetu behar baita.
Beste kiroletan ere bai
Beste kirolen emankizunak ere asko hobetu dituzte EITBn. Droneak estropadetan ere erabiltzen dituzte, baita beste kirol batzuetan ere: «Herri kiroletan ere erabiltzen ditugu; segan eta artzain zakurretan beste dimentsio bat ematen diote kirolari», azaldu du Aldekoak.
Azken finean, ikusleen esperientzia hobetzeko asmoa dute, eta teknologia hobetuz doan heinean, haien emankizunetan integratzen dituzte horretarako. «Kirol bakoitzean helburu ezberdinak ditugu, ezaugarrien arabera aldatu egiten baitira». Arrauna da EITBren apusturik handienetako bat. Iaz hasi ziren traineru guztietan kamera txikiak jartzen, baita bina mikrofono ere, arraunlarientzat bat eta patroiarentzat bestea. Sistema hori frontoietan ere integratu dute, eta zesta-puntan pilotari bakoitzak mikrofono bat du, eta harmailetan ere erreproduzitzen dute soinua.