Egia esan, oso zaila egiten zait Olinpiar Joko batzuk aukeratzea. Jarraitzeko aukera izan ditudan guztiak eta bakoitzak bere xarma berezia izan dutelako eta, Jokoak ospatzen diren tokian ospatzen direlarik, badutelako kirolak bere nortasunean daramatzan ezaugarri eta balore handiak, areagotu eta nabarmentzeko zerbait, behin eta berriro telebista aurrean egonik ere hunkitzen nauena. Kirolarien eta herrien arteko lehiaren gainetik. Uda sasoiarekin batera izan ohi diren Olinpiar Jokoak noiz helduko zain egoten diren horietakoa naiz, bertan egoten den kirol ikuskizuna lehen mailakoa delako.
1984ko eta 1988ko Olinpiar Jokoen artean zalantzan egon ondoren, 1984koekin geratuko naiz. Nahiz eta Joko horietan kirolean nagusi zen Sobietar Batasunak uko egin zion parte hartzeari, beste herrialde batzuekin batera, eta arrazoi desberdinengatik... Baina 12 urte nituen, eta garai haietan oso urruti geratzen zitzaizkidan arrazoi horiek; nahikoa nuen begietatik sartzen zitzaizkidan kirol emanaldi ikusgarri horiekin. Zer esanik ez, ipar amerikarrek kirola eta ikuskizuna lotzeko duten abilezia eta gaitasuna tarteko egonik.
Olinpiar Jokoak jarraitzeko orduan, nik ere baditut nire kirol kuttunak: atletismoa, igeriketa eta gimnastika, bai gizonezkoena eta bai emakumezkoena. Urtean zehar jarraitzen ditudan kirolak albo batera uzten ditut Olinpiar Jokoetan, kasurako futbola. Eta hori oso futbolzalea naizela eta kirol horretako lehiaketa guztiak jarraitzen ditudala. Baina Olinpiar Jokoetan niretzat futbola ez da kirol erregea.
Los Angelesko Jokoetan Jaungoiko edo Jainkosa bat baino gehiago izan ziren. Zalantzarik gabe, Carl Lewis alde batetik, eta bestetik Ecaterina Szabo eta Mary Lou Rettonen arteko lehiarekin geratu nintzen. Baina ez nituzke ahaztu nahi Michael Gross igerilari alemaniarra eta Daley Thompson atleta ere.
Carl Lewisek lorturiko garaipenak ikusgarriak izan ziren, bere hanka eta pauso luzearekin. Matxinsaltoaren irudia etortzen zitzaidan burura, haren lasterketak ikustean. Jesse Owensen parean jarri zen garaikurretan. Baina egia da interesgarriagoa izan zela handik denbora batera Ben Johnsonekin izandako lehia. Eta nola ahaztu dekatloi modalitatean Daley Thompsonek lortutako garaipena!
Gimnastika ikusten orduak eta orduak eman ditzaket. Ikusgarria iruditzen zaidan kirola da. 1984an lehia polita ikusteko aukera izan genuen, besteak beste, urteetan nagusi izan ziren errumaniarren eta orduan kirol horretan oraindik ere berriak ziren, baina etxean jokatzen zuten, estatubatuarren artean. Gimnasta horiek duten gorputzaren kontrola, jauziak egiteko erraztasun eta bat-batekoa... Beti miretsi izan dut.
Eta nola ez, uda sasoian ur putzu bat baino freskagarriagorik ez denez, jauzi eta lasterketen ondoren, ur putzu urdin distiratsu eta ikusgarri horietan egiten zituzten jauzi eta lasterketak ikusteko parada. Aukera polita, uda sasoiak eskaintzen diguna, lau urtetik behin kirol honi arreta berezia eskaintzen diogunontzat. Ea Rioko Olinpiar Jokoek zein sorpresa eskaintzen diguten eta zein kirolarik lortzen duen gure bihotzetara heltzea.
ARGAZKIA
Eguna. 1984ko abuztua.
Ekitaldia. Los Angelesko Olinpiar Jokoak. Gimnastika artistikoko buruz buruko finala (emakumeak).
Emaitza. Mary Lou Retton estatubatuarra lehenengo (79.175), Ecaterina Szabo errumaniarra bigarren (79.125) eta Simona Pauca errumaniarra hirugarren (78.675). Oso lehiaketa berezia izan zen gimnastikakoa. SESBeko kirolariek ez zuten parte hartu Joko horietan, eta hangoak ziren gimnastarik puntakoenak (Natalia Iurtxenko, Oksana Omeliantxik, Ielena Xuxunova...). Haien faltan, estatubatuarren eta errumaniarren artekoa izan zen lehia, eta, buruz buruko finalean, lehen aldiz, estatubatuar bat gailendu zen: Mary Lou Retton —argazkian—. Ecaterina Szaborekin izan zuen lehia ikusgarria, eta 0,50 punturengatik irabazi zion. Szabok, dena dela, lau urre irabazi zituen Joko haietan —taldekakoa barne, Errumaniarekin—.
RIO16. Olinpiar oroitzapena. Los Angeles 1984
Jainkoak eta jainkosak
Kirolzale amorratua izaki, «oso zaila» egin zaio EH Bilduko legebiltzarkideari Joko bakar batzuk ekartzea akordura. Los Angelesekoen alde egin du: Carl Lewis, Ecaterina Szabo eta Mary Lou Retton, Michael Gross, Daley Thompson...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu