Jaikitzeko arrazoi ugari ditu

Alex Remirok joan den igandean egindako hutsak harrabots handia sortu du. Alberto Lopez Realeko atezain ohiaren ustez, partidako uneak eta kontrarioak eragin zuzena izan dute horretan, baina aurrera egitearen alde azaldu da: «Jokatzen duenari gertatzen zaio». «Ondo» ari dela dio.

Alex Remiro, lurrean, jota, Iker Muniainek gola sartu berritan, joan den igandean, Realak eta Athleticek Anoetan jokatutako derbian. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Igande gaueko irudia izan zen: Alex Remiro Realeko atezaina, burumakur, Athleticek partidaren hondarrean haren huts baten ondorioz derbia berdindu eta gero. Atezainak berak onartu du ondorengo orduak «oso gaizki» pasatu zituela: «Nire gaurik txarrena izan da. Ez dut lorik egin, eta negarrez igaro ditut orduak».

Iker Muniainek 90. minutuan jaurtitako falta bat aldentzen asmatu ez, eta baloia sareetan sartu izanak hondoa jota utzi zuen, baina atezainak badu agudo jaikitzeko arrazoirik. «Akats latza izan zen, baina ez zaio buelta gehiagoeman behar. Jokatzen duenari gertatzen zaizkio halakoak», esan du Alberto Lopezek (Irun, Gipuzkoa, 1967), Realeko atezain ohiak. Haren esanetan, partidaren izaerak zerikusi handiagoa izan du harrabotsarekin, akatsak berak baino: «3-0 irabazten joanez gero, ez litzateke aipatuko huts hori; halako egoera batean sor daitezkeen jirabira desatsegin guztiak sortu zaizkio. Hori da kontua».

Haietako zenbait zerrendatu ditu irundarrak. Esan du gola azken unean sartu izanak, puntuetan eragina izateak, eta halako esangura duen aurkari baten aurrean gertatzeak eragin handiagoa izan duela: «Han hezia eta handik etorritakoa da Remiro, eta badakigu nola utzi zuen Athletic. Harentzat egoera erabat desatsegina bilakatu duten hainbat faktore batu dira».

Uneko garraztasunaz aparte, ordea, derbikoa bazter utzi eta datorrenari begiratzearen zale da Alberto Lopez. Ez alferrik, Cascanteko (Nafarroa) atezainak agerian utzia baitu bere balioa: «Bai taldea, baita bera ere oso ondo aritu dira, eta hein batean horregatik dago Reala hain goian. Gol gutxi jasotzen dituzte [hamar hamabi partidatan]».

Realak atea hutsean utzi du jokatu dituen hamabost partidetatik zortzitan, eta langintza horretan eragin zuzena izan du Remirok. Joan zen igandean ere ateko sarraila ixtear egon zen, meritu handiko zenbait geldiketa eginda: «Berenguerri geratu ziona oso zaila izan zen. Nire ustez, hura izan zen partidako geldiketarik onena».

Akatsek ondo egindakoek baino zarata gehiago ateratzen dute, ordea, eta horri kateatuta geratzea ez da komeni izaten: «Istripua da, eta edozeini gerta dakioke Atezainen egunerokotasunaren barruan dago, eta onartu beharra dago. Egoera gainditu, eta kito».

Lanturako astirik ez

Izan ere, txuri-urdinek ez dute atsedenerako tarterik. Europa ligako partida jokatuko dute bihar, Sturm Grazen aurka, Anoetan. Realak hiru puntu garrantzitsu izango ditu jokoan. Luze gabe jaikitzeko beste arrazoi bat da: «Oraintxe bertan Realean aritzeak hori du: txapelketa asko jarraian jokatu beharra. Onerako eta txarrerako, dena oso azkar doa, eta trena berriz ere martxan dago, Ostegunekoa partida ezberdina izango da, oso gutxitan jokatzen den aurkari baten aurka, eta berezia da. Inor ez da zain egongo, eta prest egon beharra dago».

Partida asko jokatzen ari da Reala, eta horrek zenbait egokitzapen egitera bultzatu du Imanol Alguacil. Esaterako, iragan ostegunean Matthew Ryan jarri zuen atepean Vigon (Galizia). Australiarraren parte hartzea ere aletu du Alberto Lopezek. «Partida bikaina egin zuen. Hori ere pasatu dakioke burutik Remirori, eta barruan zerbait mugitu. Atezain profesionalen kasuan buruak garrantzi handia du: norberarenganako segurtasuna, erabakiak hartzea... desoreka txiki batek asko eragin dezake. Ikusi beharko da nola dagoen Remiro, baina horretarako, jokatu egin behar du». Haren ustez kolpeei erantzuteko denborak bereizten ditu atezain bikainak eta oso onak: aurrenekoen artean dagoela erakusteko aukera bikaina du Remirok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.