Jaia amai ez dadin

Urteetako utzikeriaren ostean, hondakin artetik burua atera nahian ari da Madrilgo Beti Jai pilotaleku historikoa. Pilotaren garai loriatsuaren erantzuleetako bat izan zen, eta, udalak eraberritzeko asmoa badu ere, kolokan dago haren iraupena. Bizilagunek salatu dute ez dela uxatu esku pribatuen itzala.

Beti Jai pilotalekua, goitik ikusita, iaz. SALVEMOS EL FRONTON BETI JAI.
Oihan Vitoria.
Madril
2016ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Hilzorian dagoen orube huts bat dirudi lehen begi kolpean: hotz eta zurbil, isil eta herdoil. Zabortegi bat. Ikusteko aukera duenarentzat, hori bai. Chamberi auzoan ezkutatutako ondarea ezagutzeko ezinbestekoa baita inguruko teilatu garaienera igotzea: erabat babestuta dago, belar luze eta burdin hesien artean. Ez da batere ohikoa halako eraikinekin topo egitea Madrilgo gune aberatsenetako baten kaleetan barrena.

Inork imajinatuko ez lukeen tokian dago Beti Jai pilotaleku historikoa. Inork ikustea nahiko ez balute bezala, lotsagorrituta, trafiko soinu eta hormigoi pareta erraldoien artean. Chamberi auzoaren bihotzean eta Castellana pasealekutik gertu egonagatik, gutxi batzuek baino ez dute haren berri. Maila altuko etxebizitza eta finantza bulego mordoa ditu inguruan.

XIX. mendearen hondarrean, ordea, makina bat pilota partidaren lekuko pribilegiatua izan zen, eta, orain, kolokan dago haren etorkizuna, hamaikagarrenez. Interes kulturaleko eraikin izendatu eta Madrilgo Udalak hura berritzeko asmoa agertu arren, Beti Jairen aldeko plataformako kideak ez dira fio. Udala inbertsiogile baten bila ari ote den susmoa dute, lanen dirua haiek jarri behar ez dezaten. «Horrek irekita uzten du espekulatzeko eta gunea erabilera komertzialetarako bideratzeko atea. Eta ez du pilotaren jarraitutasuna bermatzen», salatu du Fernando Larunbe bozeramaileak.

1970ean pilota laburreko munduko txapeldun izandakoa Salvemos el Fronton Beti Jai elkarteko sortzailetako bat da, eta ondo daki ia ezinezkoa dela eraikina soilik pilotarekin berpiztea. «Pilotaren negozioa ezin daiteke inola ere mantendu; ez hemen, ezta Euskal Herrian ere. Zaharberritze proiektua oso garestia da, eta hori partidekin berreskuratzea utopia da».

Oraindik ere eraikina erortzear dagoen arren, arkitektura aldetik «ikaragarrizko balioa» dauka. Arrazoia dute: adreilua eta egurra metalezko egiturekin uztartzen lehen kirol eraikina izan zen. Kantxa ere bikaina zen: 67 metro luze ingururekin, hamazazpi koadro eta erdi zituen, eta 11 metroko zabalera. Ez zuen erreboterik, eta 4.000 ikusle sar zitezkeen.

Pilotaren susperraldia

Pilotaren garai loriatsuaren erantzuleetako bat izan zen. 1892-1895 urteen artean beste hiru frontoi zeuden Madrilen —Jai Alai, Vista Alegre eta Euskal Jai—, eta launa ikuskizun eskaintzen zituzten egunero. Apustuak egiteko toki bakarrenetarikoak ziren, eta lepo betetzen ziren. Milioi erdi lagun eskas bizi ziren orduan Madrilen.

Estalkirik gabeko kafe antzoki baten itxura zeukan. Orduko eliteen modara egin zuen Joaquin Rucoba arkitektoak 1894an; besteak beste, Bilboko udaletxea eta Arriaga antzokia ere diseinatu zituen. Donostiako Beti Jai pilotalekua zenaren arrakastak bultzatuta, haren planoetan oinarritu zen Rucoba, Eskoriatzako Jose Arana enpresariaren eskariz.

25 urtez pilotaren bilgune izan zen, baina gerra igarota itxi egin zuten, espainiarrek ez zutelako euskal atzizkiarekin lotutako ezer jakin nahi. Pilotaren gainbehera eragin zuen horrek, eta Beti Jaik hondoa jo zuen. Hondakin artetik burua atera nahian dabil orain. Udaleko gobernu aldaketak pilotalekua behin betiko berreskuratzeko aukera ireki die bizilagunei.

Hiru hamarkadako utzikeriaren ostean, begi onez hartu dute udalaren aurrerapausoa, baina ez datoz bat moduetan. Larunbek iragarri du aste honetan helegiteak jarriko diotela udalaren planari. 30 urtetik gora daramatza kontuarekin bueltaka, eta nekea antzeman zaio. Halere, ez du galdu itxaropena: «Garai okerragoak bizi izan ditugu, baina ez gaude lasai, esku pribatuen itzala ez delako aldendu». Eraikina orotariko aisialdi jardueretarako berreskura daitekeela nabarmendu du: azokak, antzerkiak, kontzertuak...

1919an azken pilota partida jokatu zutenetik, eraikinak kirolarekin zerikusirik ez duten beste erabilpen batzuk izan ditu: militarren eskola, autogile baten garaje, espetxe, Falangeko musika bandaren entsegu toki, okupen topaleku... Eta, nola edo hala bada ere, berezko egitura mantendu du: zutik da Beti Jai. Beste kontu bat da nola: «Munduko frontoi zaharrena da, zutik dagoen bakarra. Egoera negargarrian, bai, baina hor dago, eta ez da gutxi. Roland Garros, Wimbledon eta horiek guztiak eraberrituta daude».

Asko dago jokoan: «Beti Jai ez da pilotaleku soil bat; proiektu estrategikoa da, garrantzi handikoa Madrilentzat eta pilotarentzat, atzetik zenbait pilota eskola martxan jartzeko egitasmoa dakarrelako. Madril berreskuratu behar dugu; pilota berreskuratu behar dugu». Kexu da, ordea, pilotari ematen zaion trataeraz, eta lehia politikoetatik ateratzeko eskatu du. «Kulturalki daukagun balio handienetakoa da, eta, zaindu ordez, gutxietsi egiten dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.