Zesta-puntako Jai Alai liga handitu eta handitu ari da duela bi urte eskas sortu zutenetik. Lehen ekitaldian, lau txapelketa jokatu zituzten: Gernikako Winter Seriesak (Bizkaia), Donibane Lohizuneko Nazioarteko Torneoa (Lapurdi), Miarritzeko Urrezko Xistera (Lapurdi) eta Paueko Kopa (Biarno). Bigarren ekitaldian, berriz, bederatzi txapelketa gehiago jokatu zituzten, hamahiru guztira: hasierako lau horiei Bilboko, Gasteizko, Markina-Xemeingo (Bizkaia), Lekeitioko (Bizkaia) eta Zumaiakoak (Gipuzkoa) batu zitzaizkien, besteak beste.
Hirugarren ekitaldirako, beste jauzi bat egingo du Jai Alai ligak. Batetik, lehen aldiz, Europatik kanpo jokatuko dute txapelketa bat. Atlantikoaren beste aldean izango da, AEBetan, Floridan, Dania Beachen. Byscaine Cup izena jarri diote, eta Dania Jai Alai frontoi historikoan jokatuko dute, otsailaren 20tik 22ra. Master maila izango du, eta horretan ariko diren bikoteetako bat Danian bertan jokatuko duen aurrekanporaketa batean sailkatuko da. Aurrekanporaketa horretan, Floridako denboraldia jokatzen ari diren pilotariek hartuko dute parte. Adibidez, Winter Seriesak jokatzen ari diren bi puntista ariko dira Daniako denboraldian: Eñaut Urreisti mutrikuarra eta Gorka Sorozabal miarriztarra. Hain zuzen, bi horiek osatutako bikotea Winter Serieseko finalerdietarako sailkatu da jada.
Florida eta zesta-punta eskutik helduta joan dira azken ehun urteetan, eta Jai Alai ligak keinu berezia egin nahi izan dio, omenaldi moduan. Daniako frontoia izan da Euskal Herriko puntistei luzaroen eta egonkorren jokatzeko aukera eman dien pilotalekua; hau da, hura izan da zesta-puntatik bizitzeko aukera gehien eman dien frontoia. Gaur egun, 25 puntista ari dira han, horietatik asko euskal herritarrak. Hiru hilabeteko denboraldia jokatuko dute han; iraganean baino askoz gutxiago da, baina bada zerbait, 2021eko azaroan itxi egin baitzuten frontoia. Gerora, ireki egin dute, eta, denboraldi laburragoak izan arren, puntistek badute aukera amets amerikarra deritzona bizitzeko.
Jai Alai ligaren antolatzaileen arabera, zesta-puntarentzat «aurrerapauso handia» da AEBetan halako txapelketa bat antolatzea. Hori dela eta, Benny Bueno Daniako frontoiko intendentea aurkezpenean izan da gaur, Miarritzeko Herriko Etxean. Bueno «oso pozik» azaldu da Dania halako liga baten barruan egoteagatik.
Txapelketa eta egoitza gehiago
Zabalkundean ez ezik, txapelketen kopuruan ere jauzia egingo du ligak: 31 jokatuko dituzte. 30 puntuagarria izango dira: zortzi grand slam izango dira, hamazazpi master, eta bost serie edo sailkapen proba. Horietan puntu gehien lortzen duten puntistek Lauko Finala jokatuko dute Durangon (Bizkaia).
Hamabi egoitzatan jokatuko dituzte txapelketak: Bizkaian, Bilbon, Gernika-Lumon, Durangon, Markina-Xemeinen eta Lekeition; Gipuzkoan, Mutrikun eta Zumaian; Lapurdin, Donibane Lohizunen eta Miarritzen; Araban, Gasteizen; Biarnon, Pauen; eta Floridan, Danian.
Badira beste berritasun batzuk: Donibane Lohizuneko Zesta All Star txapelketa kiniela erara jokatuko dute; ETB1ek Bilboko Iron Cupeko partida guztiak emango ditu; Gipuzkoan beste txapelketa bat jokatuko dute: Mutrikuko Master Seriesa; eta Zumaiakoak hiru jardunaldi izango ditu, orain arte baino bat gehiago.
Jai Alai ligako txapelketa bat jokatu dute jada: Miarritzeko Irekia, eta Johan eta Gorka Sorozabalek irabazi zuten. Gernikako Winter Seriesak ere jokatzen ari dira, eta ostiralean Paueko Nadau txapelketa hasiko da; hurrengo hiru ostiraletan jokatuko dute.
TXAPELKETAK
Grand Slamak: Gernikako Winter Seriesak (urriak 28-otsailak 16), Donibane Lohizuneko Zesta All Star torneoa (apirilak 10-29), Bilbo Iron Cup (maiatzak 2-ekainak 6), Markina-Xemein (ekainak 12-uztailak 13), Donibane Lohizuneko Nazioartekoa (uztailak 3-abuztuak 26), Miarritzeko Urrezko Xistera (uztailak 7-abuztuak 20), Paueko Kopa (uztailak 11-irailak 5); eta Gernika (uztailak 19-abuztuak 16).
Master Seriesak: Miarritzeko Nazioarteko Irekia (jokatu dute), Paueko Nadau Zesta (abenduak 6-20); Byscaine Cup (otsailak 20-22), Araba Euskaraz Gasteizen (martxoak 7-21), Zumaia (apirilak 14-28), Lekeitio (apirilak 12-19), Mutriku (uztailak 18-25), Donibane Lohizuneko Nazioarteko lau (uztailak-abuztua), Miarritzeko Masterreko lau (uztailak-abuztua) eta Paueko Master Cupeko bi (uztaila-abuztua).
Sailkapen seriak: Dania (otsaila), Bilbo (martxoa), Markina-Xemein (ekaina), Gernika (uztaila) eta Iparraldeko Summer Challengerra (apirila-maiatza).
Lauko Finala: Sailkapeneko pilotari onenek jokatuko dute, Durangon, urrian.
EGOITZAK
Bizkaia: Bilbo, Gernika-Lumo, Markina-Xemein eta Lekeitio.
Lapurdi: Donibane Lohizune eta Miarritze.
Gipuzkoa: Mutriku eta Zumaia.
Araba: Gasteiz.
Biarno: Paue.
Florida: Dania.