Jagoba Arrasatek ez du Osasunan jarraituko

Sei urteren ostean utziko du kargua. «Oso eskertuta nago. Ez da erabaki erraza izan, baina ez nengoen konbentzituta segitzearekin, eta horrela ezin dut nire onena eman».

JAGOBA ARRASATE OSASUNAKO ENTRENATZAILEA.
Jagoba Arrasate aginduak ematen Osasunako partida batean. JESUS DIGES / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko martxoaren 26a
17:05
Entzun

Sei denboraldiren ondoren, ekainean amaituko da Jagoba Arrasateren aroa Osasunan. Klubak jarraitzea nahi zuen, eta horretarako eskaintza ere egin zion martxo hasieran, Braulio Vazquez kirol zuzendariak berretsi zuenez. Teknikariak, gorritxoen aulkian sei denboraldi eman arren, duela aste batzuk adierazi zuen ez zegoela higatuta, baina aztertu egin behar zuela proposamena. Berretsi zuen epe bat hartu zuela horretarako, baina martxo amaierarako erantzun bat izango zuela. Bada, hilabetea amaitzeko bost egunen faltan, erantzuna iritsi da: ezezkoa. Iragan astean jada eman zuen horren zantzuren bat. «Kontua ez da jarraitu nahi dudan, baizik eta jarraitu behar dudan edo ez». Eta gaur berretsi da. Teknikariak, Vazquezek eta Luis Sabalza presidenteak agerraldi hunkigarria egin dute arratsaldean. «Oso eskertuta nago. Ez da erabaki erraza izan, egun zailak izan dira. Baina ez nengoen konbentzituta segitzearekin, eta horrela ezin dut nire onena eman. Eta, hala, ezin dut taldearen onena atera. Ziurrenik segitu nezakeen. Hemen dena daukat. Jakitun nago Osasunatik irteten denak galdu egiten duela. Baina zintzo jokatu behar dut neure buruarekin eta klubarekin. Erabakia nirea da, eta uste dut onena dela denentzat. Ez dago errudunik, eta proposamentik harago ez dugu beste ezertaz hitz egin», esan du Arrasatek.

Atzo bertan haren gertukoek ez zekiten zer egin behar zuen. Aitortu du urtea «zaila» izan dela. «Segida eman nahi genion iazkoari, eta zailtasunak izan ditugu. Emaitzak lortzea kostatu egin zaigu. Zailtasunak izan ditugu jokalari batzuk fitxatzeko ere. Klubak muga batzuk ditu, eta aurtengoa agian errealitate kolpe bat izan da». «Lasai eta bakean» dago, eta hala doa. «Horrek asko balio du. Une egokia dela uste dut, eta nik zera nahi dut: ondo joan. Horrek atea irekita uzten baitu etorkizunean berriro bueltatzeko. Hemen zoriontsu izan naiz, eta hori oso garrantzitsua da niretzat eta nire familiarentzat. Osasunak, gainera, pertsona eta entrenatzaile hobea egin nau». Hala, argi utzi du. «Hau ez da agur bat, eta bederatzi partida geratzen dira amaiera on bat egiteko. Ziurrenik, orduan okerrago egongo naiz, jabetuko bainaiz hau amaitu dela», adierazi du Arrasatek. Eskertuta mintzatu da Vazquezekin eta Sabalzarekin. «Uste dut sei urte hauetan asko gozatu dugula, eta elkarri lagundu diogula hobeak izaten. Oso eskertuta nago denei». Baita jokalariekin ere. «Kapitainek eskerrak eman dizkidate, eta lasai joateko esan didate. Sekulako multzoa dugu. Badakit nola entrenatu diren gaur, eta nola entrenatuko diren bihar. Denen artean ahalik eta posturik onenean geratu nahi dugu. Nire etorkizunaren inguruko zurrumurruak alde batera utzi, eta hor jarriko dugu arreta».

Zaleei ere mintzatu zaie. «Ulertzen dut triste egotea. Esker hitzak besterik ez ditut. Osasuna oso handia da, eta aurrera egingo du». Urte hauetan izandako momentu «onena eta hunkigarriena» Kopako finala jokatzea izan zela berretsi du, eta zailena, hamahiru partida irabazi gabe eman zituztenekoa. «Baina hortik ere atera ginen». Etorkizunaz ez du pentsatu. «Entrenatzen jarraitu nahi dut. Baina orain, nire etorkizuna bederatzi partida hauek dira». Etorkizuneko entrenatzaileari dagokionez, ziur dago Vazquezek entrenatzaile ona ekarriko duela. «Begi ona dauka, eta entrenatzaile horri esan diezaiokedan bakarra da sekulako multzoa izango duela».

Sabalza hunkituta mintzatu da. «Zuk hemen jarraitzea nahi nuen, eta pena da. Nire agintaldia amaitu arte jarraitzea nahi duen. Baina ulertzen dut zure erabakia, errespetatzen dut. Eta esker hitzak baino ez ditut. Asko gozatu dugu sei urte hauetan. Orain Jagobaren ordezkoa topatzen hasi behar dugu. Izan ere, argi utzi nahi dut: ez genuen B planik».

Vazquezek ere eskerrak eman dizkio. «Bihotzetik hitz egin nahi dut. Niretzat oso egun gogorra da gaurkoa. Izorratuta nago. Une on asko izan ditugu, baina baita gogorrak ere. Gainditzea lortu dugu, eta lortzen duzuna bezain garrantzitsua da norekin lortzen duzun. Niretzat ez doa entrenatzaile bat, baizik eta lagun bat. Gure kapitaina badoa, eta beti egon gara hura babesten»

Arrasatek sei denboraldi egingo ditu gorritxoen aulkian. 2018-2019ko denboraldian iritsi zen Iruñera, Numantziatik. Artean talde gorritxoa Bigarren Mailan zegoen. Denboraldi hasiera ez zen ona izan, baina taldeak behetik gora egin zuen, eta bigarren itzuli hasieran goiko postuetan kokatu zen; azkenerako talde nafarrak hainbeste behar eta desio zuen igoera lortu zuen. Hurrengo denboraldietan, taldeak mailari eusteko helburua bete zuen.

Emaitzei eta lorpenei erreparatuta, zalantzarik gabe, aurrekoa izan zen Arrasateren denboraldi onena Osasuna zuzentzen. 18 urte pasatu eta gero, taldea Espainiako Kopako final batera ailegatu zen. Sevillan jokatu zen, eta Real Madril izan zuen aurrean. 2-1 galdu zuten gorritxoek, baina gertu izan zuten balentria, batez ere bigarren zatian oso partida ona egin baitzuten. Gainera, Espainiako Superkoparako sailkatu zen. Ligan ere, taldearen jarduna bikaina izan zen. Zazpigarren tokian amaitu zuen, eta hala Konferentzia Liga jokatzeko sailkatu zen. Osasunak Europan lehiatzeko aukera zuen 16 urteren ondoren. UEFA ustezko partida erosketengatik zigortzear egon zen talde gorritxoa, baina azkenean ez zen hala izan. Osasunak atariko kanporaketa jokatu zuen Bruggeren kontra,eta galdu egin zuen.

Kolpea izan zen hori taldearentzat, eta denboraldi honetan gorabehera gehiago izan ditu. Ligan hamabigarren postuan dago, 36 punturekin. Otsailean kateatutako hainbat garaipeni esker, urruti utzi ditu jaitsiera postuak. Europakoak, berriz, 10 puntura ditu. Kopan Realak utzi zuen kanpoan final-zortzirenetan, eta Superkopan, ezin izan zuen Bartzelona mendean hartu finalerdietan. Hala, bederatzi partida geratzen dira Arrasateren aroa amaitzeko, eta ondo amaitu nahi du.

Baina emaitzetatik harago, Arrasate oso teknikari maitatua izan da zaleen artean. Hasieratik barneratu zituen Osasunaren balioak, eta nabarmentzekoa da haren eskutik klubak harrobiaren alde egin duen apustua. Harekin lehen taldean finkatu dira, besteak beste: Aimar Oroz, Jon Moncayola, Jorge Herrando, Iker Muñoz eta Jesus Areso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.