Futbola

Jagoba Arrasate Mallorcaren entrenatzailea izango da

Hiru denboraldirako sinatu du Berriatuko entrenatzaileak. Aurretik, sei urtez entrenatu du Osasuna.

Jagoba Arrasateri ongi etorria emateko Mallorcak zabaldu duen irudia. RCD MALLORCA
Jagoba Arrasateri ongietorria emateko Mallorcak zabaldu duen irudia. RCD MALLORCA
pettan uralde
2024ko ekainaren 10a
11:26
Entzun

Mallorcaren entrenatzaile berria izango da Jagoba Arrasate. Herrialde Katalanetako taldeak gaur iragarri du Berriatuko (Bizkaia) entrenatzailearen kontratazioa. Sei urte arrakastatsu igaro ondoren, Osasuna utzi eta beste abentura bati ekingo dio Balear uharteetan.

Mallorcak teknikariaren aldeko apustu sendoa egin du, eta hiru denboraldirako sinatu du, 2027ko ekainaren 30era arte. Arrasatek Javier Aguirre mexikarra ordezkatuko du, 2021-2022ko denboraldi amaieratik Mallorcako entrenatzaile izan dena, eta azken denboraldian Espainiako Kopako finalera heltzea lortu duena. Arrasatek, aurten Osasunarekin egin duen bezala, hurrengo denboraldian Espainiako Superkopa jokatuko du Mallorcarekin, Saudi Arabian.

Lehen hitzak Mallorcako entrenatzaile moduan

Lehen adierazpenetan, Mallorcak eskaini dion proiektua eskertu du, eta horrek eman dion konfiantza. «Entrenatzaileari maitatua sentitzea gustatzen zaio, eta haiek interes hori eta proiektu hori transmititu dizkidate. Denbora oso garrantzitsua da, uste baitut hiru urteek aukera ematen didatela jaso dudanarekin zerbait eraikitzeko gai izango naizela, eta hori oso ona da».

Aurreko denboraldietako lana baloratu du Arrasatek, eta Javier Aguirre goraipatu du. «Talde sendoa» eta «lehen mailan finkatua» jaso duela nabarmendu du. «Nire ekarpena egingo diot taldeari, eta futbola ikusteko dudan ideia. Uste dut ilusioa ez zaigula faltako. Erraz ezagutzeko moduko talde bat nahi dut. Aurreko urteetan lortu ahal izan dut, eta Mallorcan gauza bera egitea da asmoa».

Arrasatek denboraldi amaieran utzi zuen Osasuna, baina erabakiaren berri martxoan eman zuen malko artean. Izan ere, arrasto handia utzi du Nafarroako taldeak harengan, baita berak zaleen artean ere. 46 urte ditu entrenatzaile bizkaitarrak, eta Lehen Mailara igo zuen Osasuna bere lehen denboraldian, 2018-2019koan. Ondoren, beste arrakasta batzuk iritsi ziren, hala nola 2023ko Espainiako Kopako finala eta 2023-2024 denboraldiko Konferentzia ligako aurreko faserako sailkapena, Espainiako Superkopa jokatzeaz gain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.