Beste klub askotako arduradunen antzera, lan askoko egunak ditu hauek Rosa Zubeldiak, Txuri Urdin hockey taldeko presidenteak (Donostia, 1962). Koronabirusaren krisiak zalantzaz bete ditu klubaren oraina eta geroa.
Duela egun batzuk bilera informatiboa izan zenuen Espainiako Hockey Federazioarekin. Zer moduz?
Jakin nahi zuten zein zen klub bakoitzaren pisten egoera, eta galdetu ziguten zein iritzi genuen hurrengo denboraldian pasatu zitekeenaren inguruan. Izan ere, ez da gauza bera pista klubarena izan, edo publikoa. Gure kasuan, publikoa da, eta horrek behartzen gaitu pistarengatik ordaintzera.
Zuen pistaren egoeraren kasua are korapilatsuagoa da, ez dagoelako argi nork kudeatuko duen, ezta?
Hala da. Abenduaren 31n atera behar zuen lehiaketara izotz pistaren kudeaketa. Ez ziren lehiaketa horren baldintzak atera, eta orain arteko kudeatzaileekinakordio bat egin zuen foru aldundiak, maiatzaren 31 arte segitzeko. Lehiaketa baldintzak egunen batean atera beharko dituzte, baina egoera honek, ziurrenik, aldatu egingo ditu. Izan ere, edukiera eta erabiltzaileen, ikusleen eta ikastaroen kopurua gutxitu egingo da. Beraz, diru sarrerak nabarmen gutxituko dira. Gainera, higiene neurriak betetzeko inbertsio handia egin beharko du kudeatzaile berriak. Guk asmoa genuen aurkezteko, baina ikusiko dugu.
Aldundiak esan dizue noiz irtengo diren baldintzak?
Orain erakundeen lehiaketa guztiak etenda daude, eta ez dakigu noiz izango den. Aldundiari, ordea, argi esan diogu sasoi honetako finala irailean jokatu behar badugu pista abuztuan irekia beharko genukeela entrenatzeko. Betiere osasun baldintzek uzten badute.
Pistaren erabilerari begira protokolo bat lantzen ari zarete, zertan datza?
Aldagelak, adibidez, erabiltzen diren aldiro garbitu egin beharko dira, desinfektatu; lehen ez. Gizonezkoen senior taldeko jokalariek materiala aldagelako txoko batean uzten zuten. Orain, berriz, bakoitzak ekarri eta eraman beharko du materiala. Bestalde, lehen, harrobiko taldeak elkarrekin entrenatzen ziren, eta aldagela bera erabiltzen zuten. Ohikoa zen 30-40 bat ume batera entrenatzen ikustea. Baina hemendik aurrera ezingo da halakorik egin, nahiz eta gure kirola ez den hain kontaktuzkoa, eta jokalariak babestuta egon.
Eta ekonomikoki ere kezka agerikoa da, ezta?
Bai, hori da kezka nagusia. Babesleak topatzea oso zaila izango da, enpresek nahikoa dutelako aurrera egiten. Laguntza publikoetan ere murrizketak izango dira, diru hori beste gauza batzuetarako erabili beharko dutelako. Gainera, familiek ere beren estutasunak izango dituzte kuotak ordaintzeko. Gure kirolak ez du horrenbesteko ikusgarritasun, saskibaloiak, eskubaloiak edo futbolak bezala, eta laguntza publikoak jasotzeko orduan antzeman da. Alde handia egon da. Hor oreka bat bilatu beharko dute, denek aurrera jarraitu ahal izateko.
Zer iruditzen zaizu Puigcerdaren aurkako liga titulua irailean jokatu behar izatea?
Gure proposamenetatik onartu duten bakarra da partida kopurua bakoitia izatea, eta hala kantxa faktorea errespetatzea. Baina ez zaigu egokia iruditzen finala datorren sasoiko lizentziekin jokatu behar izatea, sasoi honetako jokalariek lortu duten saria delako, eta taldeak ez direlako berdinak izango. Finala jokatuko dugu, baina ez gaude pozik.
Gainera, irabazleak ez du Europara joateko saria jasoko, liga erregularrean lehen postuan amaitu zuen Bartzelona izango baita horretarako aukera izango duena. Pasatu al zaizue erabaki horrekin zenuten haserrea?
Federazioak hartu duen erabakia da, eta ezin dugu ezer egin. Baina bidegabea iruditzen zaigu. Jakitun gara irailera arte ez dela jakingo Espainiako ligatik zein talde joango den, eta normalean sasoi amaieran jakiten dela. Baina bai Puigcerda eta bai gu prest geunden joateko, liga irabaziz gero. Ezohiko egoera izanda, Espainiako Federazioak Nazioartekoarekin hitz egin zezakeen, hori nola bideratu ikusteko. Izan ere, Europara joatea denboraldian egindako lanaren emaitza da, eta klubaren ikusgarritasunari begira oso garrantzitsua da, baita laguntzak lortzeko orduan.
Nola osatu hurrengo denboraldiko taldea, jokatuko dituzuen aurreko partidak sasoi honetako finalekoak izanda?
Ez gara horretan pentsatzen hasi oraindik. Baina diru laguntzetan izango ditugun murrizketekin oso zaila izango da kanpotik fitxaketak egitea. Ziurrenik, etxeko jokalariekin jokatu beharko dugu. Baina horietatik ere ez dakigu zeintzuk jarraituko duten. Guk proiektu bat eskaini nahi diegu, non, gutxienez, beraiek ez dutenordaindu beharko kirol hau goi mailan egiteagatik. Gainera, ohi bezala, lehiakorrak izan nahi dugu aurrerantzean ere. Gure balio horiei eutsi behar diegu etorkizunean ere.
Amaitu ez den arren, zein balorazio egiten duzu Iñigo Domecen lehen denboraldiaz?
Pozik gaude egin duen lanarekin, jokatzeko denbora gehiago eman dielako harrobiko jokalariei. Hasieran, jokalari horiei kosta egin zitzaien egokitzea, baina azken partidetan ikusi genuen harrobiko jokalariekin oso ondo ari zela lanean, eta aukera zegoela berriro ere liga irabazteko. Datorren sasoian, atzerritarrik ez izanda ere, talde lehiakorra izan dezakegu, eta gauden egoeran hori oso berri ona da. Denboraldi honetan egin dugun apustu hori abantaila handia izan daiteke guretzat. Historikoki, emaitza onak lortu ditugunean, harrobiaren alde egin dugunean lortu ditugu. Berdin zion zein zegoen aulkian. Pandemia honek are gehiago behartuko gaitu harrobiaren aldeko apustu hori egitera, eta behetik jokalari gehiago igotzera
Rosa Zubeldia. Txuri Urdin hockey taldeko presidentea
«Izotz pista nork kudeatuko duen ere ez dakigu»
COVID-19aren pandemiak ekarriko duen krisia tarteko, Zubeldiak badaki murrizketak izango dituztela diru laguntzetan. Baina harrobiko jokalariekin proiektu lehiakor bat osatu nahiko luke datorren sasoian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu