Harri jasotzea

Izetan zizelkatutako txapeldun berria

Paulo Azpiazuk estreinako aldiz irabazi du Euskal Herriko Harri Txikien txapelketa, herri kirolean hasi eta hiru urtera. Bide horretan, Joxe Ramon Iruretagoiena 'Izeta II.a' entrenatzailearen lana nabarmendu du.

Paulo Azpiazu. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Azpiazu harri jasotzailea, atzo, Getarian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2024ko azaroaren 20a
05:05
Entzun

Paulo Azpiazuk (Bergara, Gipuzkoa, 1996) mugarri berri bat ezarri du bere herri kirol ibilbidean. Euskal Herriko Harri Txikien txapelduna da joan zen larunbataz geroztik; hura nagusitu zen Abadiñon (Bizkaia) jokatutako txapelketan, guztira 12.550 kilo jasota. Xabat Olaizola sailkatu zen bigarren, 700 kilo gutxiago altxatuta, eta Jon Gisasola Zelai V.a hirugarren, 1.750 kilo gutxiagorekin. Haren atzetik sailkatu ziren Iraitz Arruti Burni eta Oskar Aguas, hurrenkera horretan. 

Nolanahi ere, Azpiazuren garaipena ez zen ezustekoa izan. Hura zen irabazteko hautagai nagusia, zenbait aldagai tarteko. Batetik, Mikel Lopetegi Urra-ren hutsunea. Azken urteetan, zarauztarrak nagusitasun erabatekoa izan du harri txikiekin —2018tik 2023ra arteko sei txapelak lortu ditu—, baina lesio batek aurten aritzea galarazi dio. 

Bestetik, Azpiazuren beraren lana dago. 2021ean ekin zion probatzeari. Ordutik, Getarian (Gipuzkoa) bizi den harri jasotzaileak bilakaera izugarria egin du hiru urtean, eta onenen jiran kokatu da: «Ni ez nator harri jasotze mundutik. Nire familia euskalduna da, eta kulturarekiko lotura badu, baina harri jasotzearen mundura beste bide batetik ailegatu naiz. Ni pisu altxaketan aritu naiz urte askoan, baina behin [Joxe Ramon Iruretagoiena] Izetak deitu ninduen hara joateko eta probatzeko esanaz, eta orduan hasi nintzen».

Azpiazuren iritzira, Izeta II.a harri jasotzaile ohiak bere bideoak ikusi ostean egin zion eskaintza hura. Izetako harri tokira igo eta lehen lana Igeldoko Harriaren molde bat altxatzea izan zuen: «Harri baldar bat zen, 134 kilokoa, eta teknika txarrez egin arren, lortu nuen jasotzea. Orduan esan zidan lanean segituz gero bidea osatu nezakeela». Ibilbide luzeko beteranoak ohartarazpen bat egin zion, dena den: «Asteartero eta ostiralero etorri behar duzu horretarako». 

Azpiazuk bere egin zuen Iruretagoienaren erronka, eta luze gabe egin zuen gorakoa bidea. Zenbait sariketatan gailentzea lortu du ordutik, nola harri arautuekin, hala harri baldarrekin. Egur Sport enpresaren Urrezko Harri jasotze Txapelketan, nahiz Iraetakoan (Zestoa, Gipuzkoa) eta Urdanetakoan (Aia, Gipuzkoa), esaterako.

«Joxe Ramonekin [Izeta II.arekin] aritzeak kirolari profesional sentiarazten zaitu; hark egiten duen lanari esker hobetzen gara gu ere»

PAULO AZPIAZUHarri jasotzailea

Alabaina, Euskadiko Federazioaren txapelketa ofizialean nagusituta, Azpiazuk oraingoan jo du goia. Bergararrak azaldu du Lopetegiren hutsuneak zabaldu diola garaipenerako bide bat, baina, aldi berean, «presioa» gehitu ziola txapelketaren bezperatan: «Ni ohituta nago Mikelen atzetik aritzera. Hau da, hark ezarritako marka hura gainditzen saiatzea izan ohi da egitekoa. Hura gabe, ezberdina izan da oraingoan. Irabazteko hautagai izendatuta nengoen, neronek ere esan nuen irabazi nahi nuela, eta horrek eragin zidan presio apur bat». 

Plazan, indartsu

Presioa presio, Azpiazuk Abadiñoko probari ekin eta berehala nabarmendu zen. Bergararrak dezenteko aldea lortu zuen lehen bi harriekin: 31 jasoaldi egin zizkion 125 kiloko errektangularrari, eta bat gutxiago pisu bereko zilindro-kopari. Segidan, Olaizolak adina jasoaldi (18) egin zituen bederatzi arroako kubikoarekin —112,5 kilokoa da—, eta nagusi izan zen azken harriarekin ere: 29 aldiz altxatu zuen 100 kiloko bola.

Zortzi arroako harri horrekin erakutsitako erraztasunaren inguruan, Azpiazuk adierazi du harri jasotzaile bakoitzak bere «gustuko» harri mota izaten duela, eta bola dela egokiena askorentzat: «Adibidez, izetatarrak beti izan dira kubikoaren oso zaleak, eta ni gustura aritzen naiz zortziko bolarekin». Horren adibide da larunbateko lana: segida-segidan aritu zen hiru minutuko txanda osatzeko garaian.

Izeta II.a da Azpiazuren harri erakuslea, beste zenbait kirolarirena bezalaxe. Zarauzko Kirol Elkartearen aterkipean aritzen dira guztiak, eta azken urteetako lana ordaina izaten ari da. Harri txikiekin puntan ari diren kirolari asko dira Izetaren eskolakoak: Urra da adibiderik argienetako bat. Euskadiko sei txapelaz gain, ezin konta ahala ditu bestelako sariketatan ere, eta berea du 2022an ezarritako errekorra ere: 14.100 kilo.

Haatik, Zarauzko klubak parte hartze oparoa izan du aurtengo ekitaldian ere. Eskola horretakoak dira lehen lau sailkatuetatik hiru; Azpiazu txapelduna, Olaizola bigarrena eta Arruti laugarrena. Baita jaialdi berean egindako emakumezko kintopekoetako garaile Maddi Gesalaga ere. Horrek guztiak Izetan du ernamuina, Azpiazuren arabera: «Joxe Ramonekin aritzeak kirolari profesional sentiarazten zaitu. Oso serio hartzen du bere lana, eta sentipen hori helarazi egiten du. Hark egiten duen lanari esker hobetzen gara gu ere».

Euskal Herriko txapelarekin goia jo arren, maisuaren bidetik segitzeko desioan da Azpiazu: «Garaipen hau bultzada da aurrera segitzeko; [Egur Sporten] binakakoa dugu orain, eta polita izango da. Harri txikietakoak eta handietakoak nahastuta eta une onean ailegatuko gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.