Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak Joxe Mari Olasagasti eta Xabier Zaldua gainditu ditu Euskal Pentatloiaren palmaresean —haiek hiruna txapel dituzte—. Aiarrak laugarren aldiz jantzi du txapela Azpeitiko (Gipuzkoa) zezen plazan jokatutako finalean; nagusiki, aizkoran egindako lan bikainari esker. Hor atera dio tartea Xabat Olaizolari, bigarren sailkatuari; dena den, Olaizolak zail jarri dizkio lanak. Iruretagoienak historiako markarik onenetan hirugarrena egin du: 30 minutu eta 53 segundo behar izan ditu lanak amaitzeko, Olaizolak baino 55 segundo gutxiago. Telleria IV.a izan da hirugarren, ia hiru minutura.
Dena den, txapeldunak aitortu du egindako lanak zapore gazi-gozoa utzi diola. Txapela irabazteaz gain, proba 30 minutu baino gutxiagoan egiteko asmoa zuen Izeta VI.ak; etxean egindako prestaketa saioetan horretarako gai izan dela kontatu du, baina plazan ez dela gai izan erakusteko. Arazoa, kirolariaren hitzetan, esfortzuak behar bezala banatzen ez asmatu izana da.
Parean izan duen aurkaria da horren errudun nagusia. Harri jasotzen, bost probetan lehenengoan, Izeta baino trebeagoa da Olaizola —lan horretan Olasagastik marka jarri zuen urtean baino denbora hobea egin zuen atzo—, eta zarauztarraren joari eutsi eta hura estutzeko ahalegin berezia egin du aiarrak. Hori, ordea, ordaindu egin du gero, korrika, bereziki. Ahituta amaitu du, eta ia geratu egin behar izan duela ere esan du.
Era batera edo bestera, aurten ere nagusitasunez jantzi du txapela Izetak. Ikuskizuna eman dute Olaizolak eta biek, eta batak zein besteak adierazi dute markak hobetzen jarraitzeko asmotan direla.
Sari banaketan, omenaldia egin diote Zalduari, plazak utziko baititu. Zumarragakoak hiru garaipen ditu pentatloian (2018, 2019 eta 2020), eta aurten ere finalean izan da. Printzipioz, euskal pentatloiak etenaldi bat izango du datorren urtean, eta, antolatzaileen arabera, indartsuago itzuliko da 2026an.
EGIN BEHARREKO LANAK
Harri jasotzea. Ehun kiloko bola 25 aldiz altxatu.
Giza proba. Bi plaza egin 400 kilokoarekin: 56 metro.
Aizkora. Hiru kana erdiko moztu.
Txingak. Sei plaza egin 50 kiloko txingekin: 168 metro.
Korrika. Hiru kilometro egin (30 itzuli plazari).