Aizkora

Izeta VI.a eta Amundarain prest daude euren lehen apusturako

Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI.a' eta Txomin Amundarain aurrez aurre ariko dira bihar, aizkora apustuan, Tolosako zezen plazan. Ordubete inguruko lana izango dute: hamabi kana erdiko eta 60 ontzako sei enbor. Bosna mila euro izango dituzte jokoan.

Izeta II.a ezkerrean, eta Txomin Amundarain eskuinean, apustuaren inguruko azalpenak ematen. AITOR KARASATORRE / FOKU
Izeta II.a ezkerrean, eta Txomin Amundarain eskuinean, apustuaren inguruko azalpenak ematen. AITOR KARASATORRE / FOKU
jon eskudero
2025eko apirilaren 25a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Data bat jarritakoan, legea izaten da eguna ailegatzea, eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak (Aia, Gipuzkoa, 1993) eta Txomin Amundarainek ere (Arribe, Nafarroa, 1995) iristear dute egun handia. Duela hiru hilabete mahaian hitz egindakoa plazara eramateko garaia heldu zaie, eta aizkora apustuan neurtuko dituzte indarrak bihar, Tolosako zezen plazan, 18:00etan hasita. Ez dute edonolako lana egin beharko: hamabi kana erdiko eta 60 ontzako sei enbor ebaki beharko dituzte, eta biek bosna mila euro izango dituzte jokoan. Txapelketetan ohituta egon arren, bi aizkolariek lehen aldiz jakingo dute zer den apustu bat, eta gogotsu eta ilusioz dira. «Bizi egin behar da apustu batek sortzen duen guztia, eta gozatzen ari gara», aitortu dute biek. Apustu etxeetan Izeta VI.a ageri da faborito, baina lehia irekia dagoela uste dute adituek. Izeta VI.ak eskarmentu handiagoa du plazetan; Amundarain, berriz, trebeagoa da aizkoran. Ziurtatua dago ikuskizuna.

Urduritasuna izan ohi da gakoetako bat halako egun handietan; are gehiago, esperientziarik ez izanda. Dena den, oraingoz lasai daude bi aizkolariak. Izeta VI.a: «Eguna iristeko gogoz nago, lasai. Egunean bertan urduri jarriko naiz, nahi baitut etxean egindako lana jendeari erakutsi. Horrek presioa sortzen du, baina hori kudeatzen ikasten ari naiz. Plazagizona naiz, eta prest nago lehiarako». Amundarainek ere ez du lo egiteko arazorik. «Momenturen batean presio apur bat sentitu dut, baina hiru hilabete hauetan gero eta hobeto sentitu naiz egunetik egunera, eta konfiantza osoa dut nigan».

«Momenturen batean presio apur bat sentitu dut, baina hiru hilabete hauetan gero eta hobeto sentitu naiz, eta konfiantza osoa dut nigan»

TXOMIN AMUNDARAIN Aizkolaria

Herri kiroletan esan ohi da mahaian bertan irabazten direla apustuak, baina ez dute halako irudipenik bi protagonistek. Bakoitzak bere aldera eraman nahi izan zituen negoziazioak, eta iruditzen zaie erdibidean geratu zela kontua. Izeta VI.ak nahiago zituen lan luzeak; Amundarainek, berriz, motzagoak. Izeta VI.a: «Ni baino indartsuagoa da bera, teknikoagoa ere bai, baina lan luzeak nire mesederako direla uste dut. Erdi lanetatik aurrera egongo da gakoa. Badakit apustuan atzetik hastea tokatuko zaidala, baina maratoi moduko bat izango da, eta burua hotz izan beharko dut». Ordubete inguruko lana izango dute bi aizkolariek, eta Amundarainek onartzen du lan luzeetan gehiago kosta izan zaiola orain arte. Dena den, zera ohartarazi du: «Asko hobetu dut, eta entrenamenduek hori berretsi didate. Ez diot inolako beldurrik lan luzeari, ezta egur gogorrei ere, eta bukaerara fresko iritsiko naizela uste dut».

Aiarra ageri da faborito apustu etxeetan. Izeta VI.a bera ere harritu egin zen hori jakinarazi ziotenean. «Bera aizkolaria da, eta ni ez. Ni joan naiz haren terrenora, eta ulergaitza egiten zait faborito ni izendatzea. Halere, horrek ez du ezertarako balio». Plaza zer den ondo baino hobeto daki gipuzkoarrak, pentatloian erronka handietan ibilia baita. «Akaso, horregatik jotzen naute faborito. Egia da plazak sortzen duen tentsio horretan ohituta nagoela; batez ere, erlojuaren eta neure buruaren aurka lehiatzen ohituta nago. Eskola gehiago daukat arlo horretan, motorrez ere handiagoa naiz, baina egunean bertan erakutsi beharko da daukagun guztia». Amundarainek zera izango du bere alde: bete-beteko aizkolaria dela. «Horretaz gain, ohituta nago egunean hamar-hamabi orduz lan egitera, baina apusturako oso ongi prestatu naiz. Lan orduak eta nekeak neurtu ditut, medikuek esanda bezala prestatu naiz, eta lehiarako prest nago».

«Badakit apustuan atzetik hastea tokatuko zaidala, baina maratoi moduko bat izango da, eta burua hotz izan beharko dut»

ANDONI IRURETAGOIENA 'IZETA VI.A' Aizkolaria

Ingurukoen babesa

Biek ala biek eskertu dute ingurukoen babesa. Izetatarren familia ohituta dago apustu egunetara, eta aiarrak gustu handiz hartuko du senideen lekukoa. «Osaben kontuak entzutea tokatu izan zait beti, eta orain ni ariko naiz plazan. Ohorea izango da, eta familiak izugarri lagundu dit bidean. Entrenamendu guztietan ondoan izan ditut, eta goi mailako kirolari sentiarazi naute. Negar ere egin dut lan saio batzuen ondoren, sufrimenduaren ondorioz, baina asko gozatu dut». Amundarainek ere gogotik eskertu du ingurukoen laguntza. Batez ere, Saralegi anaiena, Eneko eta Ruben. «Laguntzarik gabe ezingo nuen apustua ongi prestatu, eta eskertuta nago. Biok helduko gara bikain prestatuta, eta ea jendeak ongi erantzuten duen harmailetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.