Izeta II.ak hamargarrenez jarraian irabaz dezake gaur Igeldoko Harria

Iaz azken orduan huts egin ondoren, Trinitate plazan izango da Aimar Irigoien errezildarra (19:30)

2013ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Izeta II.ak hamargarrenez jarraian irabaz dezake gaur Igeldoko Harria (19:30), Donostiako Trinitate plazan. 46 urterekin, sasoi betean dago, eta Goenatxoren errekorra hautsi nahi du, dozena bat aldiz proba irabaziz. Urtez urte, gertuago du marka hori. Izan ere, Goenatxo da garaipen gehien lortu duena, 11, bata bestearen atzetik (1992-2003). Baina Izeta II.ak 2004an irabazi zuenetik ez du hutsik egin, eta urtez urte altxaldi gehien egin duena izan da. Hamargarren proba irabaz dezake gaur, eta eskura edukiko luke Goenatxoren marka berdintzea.

Urtero legez, bost minutu izango ditu harri-jasotzaile bakoitzak 134 kilogramoko harriari ahalik eta altxaldi gehien egiteko. Jokin Eizmendi aurrean izango du Izeta II.ak, iazko bigarrena hamabi altxaldirekin, txapeldunak baino hiru gutxiago. Iban Ugartemendia ere izango da, iaz hirugarren 11 altxaldirekin. Aimar Irigoien, azken orduan, probatik at gelditu zen iaz lesio batengatik, baina aurten ez du hutsik egingo, eta zer maila emango duen ikusteko dago. Unai Bertiz, Izeta I.a, Izeta III.a, Izeta IV.a, Telleria II.a, Jose Antonio Ostolaza eta Aimar Galarraga izango dira gainontzeko partaideak.

Lehenengo laurak sarituak izango dira, eta harria altxatzea lortzen duen oro ere bai. Altxaldi gehien egin duena Goenatxo izan da, hemeretzi aldiz. Errekor hori hausten duenari gainsari berezia emango zaio. Izeta II.aren errekorra hemezortzikoa da, iaz hamabost egin bazituen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.