Izerdiaren bidean, arnasbidea

Kirolari profesionalak banaka entrenatzen hasiko dira bihartik aurrera. Ziklistak irrikaz daude errepidera itzultzeko, Omar Frailek eta Mikel Iturriak kontatu dutenez.

Mikel Iturria etxeko atarian, eta Omar Fraile etxe barruan, arrabola egiten. BERRIA.
enaut agirrebengoa
2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Pedalei tokitik mugitu gabe eragitea, lau paretaren artean aritzea, izerdiz blai eginda bukatzea… Ziklistaren gogoa higatu egiten du arrabolak. Sasoiari ahal den heinean eusteko ezinbesteko tresna izan da konfinamendu garaian, baina txirrindulariek errepide premia dute. Bada, itxaronaldia amaitu da Hego Euskal Herriko profesionalentzat: bizikleta kalera atera ahalko dute bihartik aurrera, banakako entrenamenduak egiteko —baldintzak zehazteke daude oraindik—. Kirolaren mundua normaltasunera itzultzen hasiko da apurka, eta kirolari profesional guztiek eskertuko dute. Txirrindularientzat, aitzitik, arnasbidea izango da, arnasa luzeko kirolariak izaki.

«Kalera atera eta haizea sentitzeko gogo handia genuen. Ziklista kalean egin nintzen; bertan sentitzen den askatasunak txikitatik erakarri ninduen, eta hori dena galdu egiten da etxean», laburbildu du Mikel Iturriak (Urnieta, Gipuzkoa, 1992). Edonola ere, geldialdia «nahiko ondo» eraman du Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak; arrabolaz «nekatuta» bukatu du, baina, era berean, «uste baino gusturago» aritu da. «Orain dela urtebete esan izan balidate arrabolean hainbeste ordu emango nituela, ez nuen inolaz ere sinetsiko. Nahiko ondo moldatu naiz, ordea, eta esperientzia gisa hor geldituko da». Gogorrena «behin eta berriz leku berean aritzea» izan da Iturriarentzat, eta izerdia ere aipatu du. «Ematen du euritan bukatzen duzula entrenamendua. Kontuz ibili behar duzu deshidratazioarekin, ura behin eta berriro edan arren izerdi asko galtzen baita».

Hortaz, gogoa ez ezik, gorputza ere higatzen du arraboleko lanak. «Giharrak txikitu egiten dizkizu; areago, masajerik gabe», azaldu du Omar Frailek (Santurtzi, Bizkaia, 1990). Erresistentzia lantzen hasteko premiaz mintzatu da Astanakoa. «Intentsitatea eta indarra landu ditut, baina sasoia galtzen da errepidera atera ezean. Grafiko oso zehatzak ditugu, eta ikusten da apur bat behera egin dugula etxealdiaren ondorioz. Kanpoan lanean hasteko gogo handia dugu». Itzuli handiei begira, azaldu du «30 orduko asteak» pilatu beharko dituztela; etxean, gehien jota, 20 ordu egin ditu arrabol gainean. Iturria ere inguru horretan ibili da. «Aurreneko bi asteetan, eguneko hiru bat ordu egin nituen. Gero, hamar bat egun lasaiago hartu nituen, ikusita denbora batean ez zela izango lasterketarik. Azken asteetan estutu egin dut berriro. Egunen batean lau ordu jarraian egin ditut».

Halako ordu pila egiteko, teknologiaren laguntza izan dute txirrindulariek. Arrabolak ordenagailura konektatu, eta mota guztietako ibilbideak egiteko aukera dago gaur egun, simulatzaileen bidez. «Saioak arinagoak bihurtzen dira, eta pedalkada naturalagoa izaten da. Arrabola motak ere zerikusia dauka. Zilindrodunarekin edo finkoarekin aritzea tortura baten gisakoa da. Transmisio zuzenekoek asko erraztu dituzte gauzak», adierazi du Frailek.

Lasterketak antola daitezke simulatzaileen bidez, eta profesionalek ez dute aukera galdu; birtualki egin dituzte egutegiko proba handietako batzuk. Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek, adibidez, aurtengo Euskal Herriko Itzulian Bilbon jokatzekoa zen erlojupekoa simulatu zuten. Iturria izan zen taldeko onena. Lasterketa birtualetan izaten diren emaitzak ezbaian jarri ditu urnietarrak. «Zaila da jakitea benetan nork irabazten duen. Bakoitzaren potentzia nola kalkulatu den ikusi behar da. Batzuk motor gainean doazela dirudi. Pisua aldatzeko tranpa ere hor dago». Behintzat, halako saioak «entretenitzeko» tresna «baliagarritzat» jo ditu Iturriak.

Egutegi berria, etzi argitara

UCIk etzi argitaratuko du egutegiaren birmoldaketa. Lasterketak abuztutik aurrera jokatuko dira; beraz, orain sasoi-aurre moduko bat abiatuko dute txirrindulariek. Poliki errepidean kilometroak metatzea izango dute helburu, eta altuerako egonaldiak ere egingo dituzte. Hala esan du Frailek. «Lehen gauza birusak behera egitea da. Atzeraldirik ez bada, ziurrenik altuerako egonaldiren bat egingo dugu, gero zuzenean abuztuko lasterketetan eta Frantziako Tourrean lehiatzeko». Haren ustez, funtsezkoa litzateke itzuli handien aurretik bestelako probak jokatzea, «erritmo egokia» hartzeko. «Etapak laugarren edo bosgarren orduan erabakitzen dira; beraz, lan dezente dugu aurretik. Etxean 50 egun igaro ostean, asko kostako zaigu atera eta lehen egunean lauzpabost ordu egitea».

Txirrindulariek biziki estimatuko dute egutegiaren berri izatea, azken asteetan helburu jakinik gabe aritu baitira lan egiten. Frailek ez du uste denboraldi hasierako plana gehiegi aldatuko zaionik. Frantziako Tourrera itzultzea gustatuko litzaioke, beste etapa garaipen bat lortzeko esperantzarekin. «Tourra egutegian sartua nuen hasieran, eta, dena ondo badoa, bertan egon nahiko nuke». Talde askoren bideragarritasuna lasterketa horren menpe dago, txirrindularitzaren erakusleiho mediatiko nagusia baita. Euskaltel-Euskadi, aitzitik, Espainiako Vueltari begira dago. «Han izateak denboraldia salbatuko liguke», aitortu du Iturriak. Alta, oraindik ez dakite gonbidapena jasoko duten ala ez.

Aurrez, Itzulia zuen jomugan Euskadi Fundazioaren taldeak. Bertan abiatu behar zuen aro berria, berriz ere Euskaltel bidelagun hartuta. Baina, Itzuliaren aurtengo aldia bertan behera geldituta, egutegiak distira galdu du talde laranjarentzat. Ikusteko dago zer eta zenbat proba jokatuko diren World Tourretik kanpo. «Vuelta Irunen hasiko da azkenean; beraz, bertan egotea lortuz gero, Itzuliaren arantza aterako genuke», adierazi du Iturriak. Dirudienez, azaroan jokatuko da Espainiako proba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.