Izenik ez, izana bai

Gaur hasi eta igandera bitarte jokatuko da goma gaineko Munduko Sokatira Txapelketa, Irlandan. Taldekakoan ez ezik, nazioen arteko lehiaketan ere parte hartuko dute euskal tiralariek.

Badaiotz taldeko emakumeak sokari tiraka, Euskadiko Txapelketa batean. Irlandan ere ariko dira. BIZKAIKO HITZA.
jon eskudero
2014ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Guztia prest dute Castleberren (Irlanda) goma gaineko Munduko Sokatira Txapelketa hasteko. Gaurtik igandera bitarte jokatuko da, eta, ohikoa den moduan, bi mailatan egingo da lehiaketa: bata kluben artean eta bestea nazioen artean. Euskal ordezkaritza inoiz baino zabalagoa izango da, sei talde ariko baitira: Abadiño, Badaiotz, Gaztedi, Ibarra, Murueta eta Ñapurrak. «Euskal Herrira domina bat baino gehiago eramateko gaitasuna badugu», dio Irlandatik bertatik Eduardo Mendizabalek, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioko kideak eta Abadiñoko entrenatzaileak. Dena den, nahiago du zuhurra izan: «Txinako, Taiwango eta Ingalaterrako tiralariak oso indartsuak dira».

Bi urtean behin jokatu ohi den txapelketak izango du berritasunik aurten euskal tiralarientzat. Orain arte ez bezala, nazioen arteko lehiaketan parte hartuko baitute. «Aurreko urteetan uko egin izan diogu lehiaketa horri», TWIF Nazioarteko Sokatira Federazioak ez zietelako onartzen euren nazioaren izenean aritzea. «Parte hartzekotan, Espainia edo Frantziako selekzioa ordezkatzea eskatzen ziguten, eta ez genuen nahi». Aurten ados jarri dira. Euskal Herriko Federazioaren izenean ariko dira, «baina eskatu digute gure herriko ikurrik eta izenik ez erakusteko. Hala egingo dugu, baina zuri, gorri eta berde koloreko arropa eramango dugu soinean».

Irailean hamabi urte beteko dira TWIFen erabakiz euskal taldeetako tiralariak Japoniako Munduko Txapelketatik kaleratu zituztela. Sakanako emakume taldeak urrezko domina irabazi zuen, eta, podiumean zirela, Espainiako ereserkia entzun eta jaistea erabaki zuten. Hain justu, horregatik kaleratu zituzten euskal tiralari denak. Nazioarteko Federazioaren erabaki hark hauts ugari harrotu zuen, eta haserre handia sortu Euskal Herriko sokatira munduan.

Ereserkia: 'Txoria txori'

Aurten ez da ika-mikarik izango ereserkiaren kontura. Euskal ordezkariek dominaren bat irabazten dutenean, Mikel Laboa zenaren Txoria txori kantua entzungo da bozgoragailuetatik, hitzik gabe. «Euskal Herriko ereserkia jartzen ez ziguten uzten, eta guk Espainiakoa ez genuen nahi». Kantu bat proposatzeko eskatu zieten federazioko kideei, eta ez zuten asko pentsatu beharrik izan. «Txoria txori esanahi handiko abestia da euskal herritarrontzat». Arazorik gabe onartu zuen TWIFek.

Podiumean Txoria txori entzuteko gauzak ongi egin beharko dituzte euskal taldeek. Mendizabalen ustez, Abadiñok berak, Gaztedik eta Ibarrak aukera dezente izan ditzakete probaren bat irabazteko. Gaur eta bihar kluben arteko txapelketa jokatuko da, eta etzi eta igandean nazio mailakoa. Bada, nazioen mailan, Euskal Herrian pisu bakoitzean txapeldun izandako taldeak ariko dira.

Ibarrak, besteak beste, lehiaketa eta pisu guztietan parte hartuko du kasik. «26 lagun etorri gara Ibarratik. Herria erdi hutsik utzi dugu», dio Lander Oterminek, taldeko entrenatzaileak. Itxaropentsu joan da Irlandara. «Gizonezkoen 640 kilokoan indartsu gaude, eta emakumezkoen 500 kilokoan zer esanik ez». Dominaren bat irabaztea gustatuko litzaioke. «Gastu guztiak guk ordaintzen ditugu, eta ahalegin handia egin dugu Irlandan egoteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.