FUTBOLA

Izenez, ia ezin hobeak

Frantziak eta Espainiak Eurokopako lehen finalerdia jokatuko dute gaur, eta Herbehereek eta Ingalaterrak bigarrena, bihar. Txapelketa irabazteko hautagai nagusien zerrendan zeuden laurak.

Kylian Mbappe. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Kylian Mbappe Frantziako aurrelaria, maskara ondo jartzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Iñaki Berastegi.
2024ko uztailaren 9a
05:30
Entzun

Alemaniako Eurokopako finalerdietara ailegatu diren selekzioei dagokionez, ez da egon ezustekorik. Izan ere, txapelketa hasi aurretik, Frantzia eta Ingalaterra ziren bi hautagai nagusiak, eta haien azpitik osatutako multzoan ageri ziren Espainia eta Herbehereak. Beraz, hasieran, finalerdi ia ezin hobeak izango ditu Eurokopak. Edonola, sekula ezin da jakin zer-nolako neurketak izango diren, bereziki Frantziak eta Ingalaterrak egin duten joko eskas eta zirrara gutxikoa ikusita. Itxuraz, Frantziaren eta Espainiaren arteko kanporaketa irabazten duen selekzioa izango da txapelketa irabazteko hautagai nagusia, baina Ingalaterrak eta Herbehereek ez dute esan azken hitza.

Orain arte, ezbairik gabe, Espainia izan da selekziorik onena, jokoari eta emaitzei dagokienez. Luis De la Fuentek zuzendutako taldea izan zen ligaxkako hiru partidak irabazi zituen talde bakarra, eta, ondoren, Georgia eta Alemania menderatu ditu kanporaketetan. Joko gustagarria eta erasokorra egin du, eta, estilo horretan, Nico Williams eta Lamine Yamal hegaletako jokalari gazteak asko nabarmendu dira: geldiezinak izan dira aurkarientzat. Alemaniari azken-azkenean irabazteak hauspoa eman dio Espainiari, baina finalerdietarako oso jokalari garrantzitsuak faltako zaizkio: Le Normand eta Carvajal zigortuta daude, eta Pedrirentzat amaitu da Eurokopa, belaun batean min hartu eta gero.

Didier Deschamps lapurtarraren Frantzia ez da ikusteko hain erakargarria, baina oso eraginkorra eta lehiakorra da. Azken lau txapelketa handietan hirutan finalera ailegatu da, eta 2018ko Munduko Kopa irabazi zuen Errusian. Maskararekin jokatzen ari den Kylian Mbappe izarrak oraindik ez du bere onena eman, eta, hori horrela, golak sartzea asko kostatzen ari zaio Frantziari. Deschampsek jokalari guztiak jokatzeko dauzka, eta baliteke final-laurdenetako partidarekin alderatuta pare bat aldaketa egitea. Espainiaren eta Frantziaren arteko finalerdia Municheko (Alemania) Allianz Arenan jokatuko da gaur, (21:00, La1 eta TF1).

Beste adarrean, Gareth Southgateren Ingalaterrak oso hotz utzi du futbolzalea. Taldeak oso joko motela eta aurreikusteko erraza egin du, eta neurketa askotan gehiegitan aritu da emaitzaren arabera jokatzen. Sistema eta jokalaria hainbat aldiz aldatu arren, oro har, Ingalaterrako hautatzaileak ez du konponbide egokirik aurkitu, eta duen maila aparteko jokalari zerrenda alferrik galtzen ari dela kritikatu diote Ingalaterratik. Hala ere, final-laurdenetan, Suitzaren aurka, taldeak zertxobait erasokorrago jokatu zuen, eta txapelketa honetako jokaldirik onenak osatu zituen, presio aurreratuagoa eginez eta baloia azkarrago mugituz. Harry Kane taldeko izar eta liderrarentzat ere txapelketa zaila izaten ari da.

Finalerdietara ailegatu diren lau selekzioen artean badirudi ahulena Ronald Koemanen Herbehereak dela. Kalitate handiko jokalariak ditu lerro guztietan, baloiarekin ondo jokatzen dute, eta trantsizioetan ere min handia egin dezakete. Talde erakargarria da, erasokorra, baina batzuetan kosta egiten zaio oreka mantentzea. Cody Gakpo Liverpooleko aurrelariak zeresana eman du, hiru gol sartuta. Neurketa bihar jokatuko da Dortmundeko (Alemania) BVB estadioan, (21:00, La1 eta TF1).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.