GIMNASTIKA

Izenari izana ere jarri nahi diote

Biribildu Gasteizko klubeko gimnastak Munduko Aerostep Txapelketan ariko dira gaur eta bihar, Pesaron. Urte eta erdi daramate jo eta ke, eta lana biribildu nahi dute orain.

Biribildu. JOSE A. RAMOS SPORT / RFEG
Biribildu klubeko gimnastak, herenegun, Munduko Txapelketako lehen entrenamendu ofizialean. JOSE A. RAMOS SPORT / RFEG
Julen Etxeberria.
2024ko irailaren 27a
05:10
Entzun

Gimnastika entzun, eta Simone Bilesekin gogoratzea, biak bat dira. Hura da gimnastika artistikoaren izarrik distiratsuena. Baina bada beste gimnastika mota bat, aerobikoa, eta Euskal Herriko gimnastak bikain moldatzen dira modalitate batean: aerostepean. Munduko Txapelketa jokatuko dute gaur eta bihar, Pesaron (Italia), eta zortzi euskal gimnasta lehiatuko dira. Gasteizko Biribildu klubekoak dira guztiak. Espainiako selekzioarekin ariko dira, eta beste sei herrialderekin lehiatuko dira: Hego Korea, Hungaria, Italia, Mongolia, Txina eta Ukrainarekin.

Ainhoa Sanchez (Gasteiz, 1978) Biribildu klubeko entrenatzailea ohituta dago aerostepa zer den azaltzera. «Aerobikeko koreografia bat da, eta step plataformekin egiten da; ohikoek hamar zentimetroko garaiera dute, eta aerostepekoek, hamabostekoa. Zortzi gimnasta aritzen dira elkarrekin: gora eta behera egiten dute plataforman, besoak batera mugitzen dituzte, plataformak batera eta bestera mugitzen dituzte, egitura ezberdinak osatzen dituzte, eta era koordinatuan aritzen dira. Erritmo biziko musikaz lagunduta egiten dute hori guztia».

Puntuazioak ere badu berezitasunik. «Bi epaile mota daude: batzuek, arlo artistikoa epaitzen dute; nola sortu den koreografia, zein zailtasuna duten mugimenduek, nola egokitu diren gimnastak, nola egin dituzten ariketak, zenbatetan aritu diren elkarrekin eta zenbat egitura sortu dituzten. Beste epaileek, berriz, koreografia nola egin den epaitzen dute: teknikoki nola gauzatu den, mugimenduak nola egin diren eta taldea nola koordinatu den».

Koordinazioa aipatu du behin baino gehiagotan, erabakigarria den seinale. Eta nola lortzen da denak elkarrekin aritzea? Ez dago sekreturik; lana besterik ez. «Urte eta erdi daramagu koreografia prestatzen. Astean bitan entrenatu gara, lau ordu astean. Ordu asko dira. Ea lan hori biribildu dezakegun».

Zortzi gimnasta ariko dira, zazpi emakumezko eta gizonezko bat: Irati Kintana, Irati Blanco, Lucia Hernandez, Izaro Saez de Ibarra, Malen Acedo, Alazne Bertolini, Soraya Jimenez eta Aratz Asteasu. Bi ordezko daude: Iraia Serrano eta Izaro Martinez. «Gehienek 18-19 urte dituzte, eta lehen aldiz ariko dira maila nagusian». Aldaketa handia izan du taldeak azkeneko txapelketatik hona; Kintana bakarrik aritu zen iaz Europakoan, Turkian. «Txapelketa horretan bi klubeko gimnastekin osatu genuen taldea: lau Biribildukoak ziren, eta beste lau, Arrasate klubekoak [Gipuzkoa]. Hala ere, pozik gaude klubean; harrobia dago. Egun, hamar gimnasta ari dira aerostepean, baina nire asmoa da datorren urterako beste talde bat osatzea».

Diziplina erakargarria

Horretarako, jende berria behar dute. Azkar hasi da aerostepa saltzen. «Beste gimnastikak baino errazagoa da: ez da egin behar ez spagatik, ez flexiorik, ez jauzi indartsurik. Garrantzi handia du gauzak ongi eta koordinatuta egiteak, eta gai izateak koreografiarekin artelan txiki bat sortzeko. Egungo musikak lagunduta egiten da dena; beraz, oso motibagarria da. Diziplina polita da ikusteko; erakargarria da».

Biribilduko gimnastek gaur ekingo diote lehiari: finalerdian ariko dira, 17:25ean. Zazpi talde lehiatuko dira, eta guztiak sailkatuko dira finalerako; horretan aritzeko ordena zehazteko balioko du finalerdiak. Finala, berriz, bihar izango da, 18:15ean. 

«Podiumetik ahalik eta gertuen egon nahi dugu. Badakigu zaila dela, baina horretarako borrokatuko gara»

AINHOA SANCHEZBiribildu klubeko entrenatzailea

Dominetatik «ahalik eta gertuen» egon nahi dute. «Iaz, brontzezko domina lortu genuen Europako Txapelketan. Baina hau munduko txapelketa bat da, eta oso talde indartsuak daude. Asiako herrialdeak, adibidez, oso onak dira; robotak dirudite. Hirugarrenez ariko gara, eta gero eta hobeto aritu gara: 2016an, Korean, zortzigarren izan ginen, eta 2018an, Portugalen, laugarren. Podiumetik ahalik eta gertuen egon nahi dugu. Badakigu zaila dela, baina horretarako borrokatuko gara».

Itxaropena dute prestatu duten koreografia epaileen eta ikusleen gustukoa izango dela. «Minutu bat eta 25 segundo irauten du, eta Mario Brosena da musika. Bideojokoaren mugimendu ezagun batzuk txertatu ditugu. Jendeari ezaguna egingo zaio».

Diru laguntzarik ez

Munduko Txapelketan aritzeak eguneroko ahaleginaz haratago doa; ahalegin ekonomiko handia eskatzen du: 16.000 euro inguru, 1.500 euro pertsonako. Eta Biribildukoek ez dute diru laguntza bakar bat ere. «Aerostepa ez denez diziplina olinpikoa, ez dugu jasotzen diru laguntzarik. Espainiako Federazioak gonbidatu egiten gaitu, baina gure patriketatik ordaindu behar dugu dena. Gonbidapena onartu aurretik familiekin hitz egiten dugu, eta galdetzen diegu ea gastuari aurre egin diezaioketen. Baietz esaten badute, gastua murrizteko zer egin dezakegun pentsatzen dugu. Zozketak egin ditugu, eta elastikoak saldu. 700 euro inguru lortu ditugu, baina askoz gehiago behar dugu». Asmo horretan, diru bilketa kolektibo bat egin dute.

Entrenamendu orduak, dirua... sakrifizio asko dira. Baina argi du: «Merezi du. Bai niretzat, bai gure gimnastentzat pasioa da hau; izugarri maite dugu kirol hau, eta aukera honi esker, munduko onenekin lehiatu gaitezke. Zein kirolarik ez du hori nahi? Merezi du, bai noski. Sekulako taldea dugu, eta sekulako ilusioa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.