Arrauna

Izenak eta izana, tosta berean

Urdaibaik eta Kaikuk irabazi dute Bizkaiko traineru txapelketa. Orioko bi taldeak izan dira garaile Gipuzkoan, eta, emakumezkoei dagokienez, aurrenekoz lortu dute txapelketa irabaztea

Orioko emakumezkoen trainerua garaipena ospatzen. Estreinakoz jantzi zuten atzo Gipuzkoako txapela. J. URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Bizkaiko traineru txapelketa eta Gipuzkoakoa jokatu zituzten atzo Lekeition eta Donostian, eta, irabazleak ikusita, ez zen egon ezusterik. Bizkaian, emakumezkoetan Kaiku nagusitu zen, iaz bezala, eta bigarren aldiz irabazi du txapelketa. Urdaibai izan zen azkarrena gizonezkoetan, hori ere iaz bezala, eta hamabigarrena du. Gipuzkoan, Orio izan zen onena emakumezkoetan eta gizonezkoetan. Aurrenekoa dute emakumeek, eta hamabigarrena gizonek.

Kaiku hasi eta buka nagusitu zitzaion Deusturi Lekeition, biak baitziren hautagaiak bandera lortzeko. Ziabogan lau segundo bizkorrago ibili zen Sestaoko taldea, eta, helmugan, aldeak handitu egin zituen, hamabi segundoraino. Atzetik sartu ziren Ondarroa, 24 segundora, eta Isuntza, 32ra. Lau taldeak ariko dira Euskadiko Txapelketan, hilaren 31n, Hondarribian.

Gizonezkoen lehian, borroka handia espero zen Zierbena, Santurtzi eta Urdaibairen artean, baina espero zen baino errazago nagusitu zen garailea: Urdaibai. Lan bikaina egin zuen denboraldiko lehen bandera lortzeko, eta hasieratik erakutsi zien atzea aurkari zuzenei. Txanda nagusian joan ziren hirurak, Kaikurekin batera. Kaiku azkar geratu zen atzean, espero zen bezala.

Urdaibai hiru ziabogetan izan zen aurrena, eta lehenengoan hiru atzetik zeukan Santurtzi, eta laura Zierbena. Bigarrenean, Zierbenak hartu zion aurrea Santurtziri, eta Urdaibaitik laura segitzen zuen. Urdaibaik hirugarren luzean eman zien kolpea: Santurtzi zortzira utzia zeukan, eta Zierbena, hamabostera. Azken luzean, ez zen gauza askorik aldatu, Urdaibaik zortzi segundoko koska atera baitzion Santurtziri, eta hemezortzikoa Zierbenari helmugan. Laugarren izan zen Ondarroa, bigarren txandako garailea, eta lau talde horiek ariko dira Bizkaitik Euskadiko Txapelketan.

Orio, aldearekin

Donostiako eremuan, ipar mendebaldeko haize zakar samarrarekin eta haize olatuarekin kanpoaldean, Orioko bi taldeak nagusi izan ziren. Emakumezkoetan, hasi eta buka menderatu zuen estropada, eta ziaboga bakarrera iristerako oso atzean zituen Hondarribia, hamalau segundora, Donostiarra 23ra, eta Arraun Lagunak 27ra. Bukaeran, 20 atera zizkion Hondarribiari, 42 Arrauni eta 44 Donostiarrari. Bigarren txandako lehen biek, Hibaikak eta Zumaiak, hobetu egin zituzten Donostiako bi taldeen denborak, eta Euskadiko Txapelketan ariko dira, Orio eta Hondarribiarekin batera.

Gizonezkoetan, Oriok ikaragarri dabilela erakutsi zuen, eta udako bosgarren bandera eskuratu zuen. Taldean aldaketak eginda, gainera; esate baterako, Ugaitz Mendizabal joan zen patroi. Lan erditik aurrera ireki zizkion aldeak Hondarribiari: hirugarren luzearen hasieran, bikoa zen, eta ziabogan, bostekoa. Beste horrenbestekoa izan zen helmugako aldea: hamar segundo. Hirugarren kaletik zebilen Orio, eta laugarrenetik Hondarribia. Donostiarra, aurrenekotik, lehian ibili zen lehen bi luzeetan, baina gero atzean geratu zen; Oriok 28 segundo atera zizkion azkenean. Txanda honetako laugarrena, San Pedro, ez zen gai izan Zarautzen denbora ontzeko, eta KAE 1 ligako liderra Euskadiko Txapelketan ariko da atzoko lehen hirurekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.