Izena lortu duen tokian

Pozik dago Alberto de la Bella, sasoiaren amaieran bukatzen zitzaion kontratua beste lau urtez berritu ostean. Hasieratik izan zuen argi jokalari gisa hazten lagundu dion taldean segitu nahi zuela.

Alberto de la Bella, Pablo Cendros Mallorcako atzelariaren gainetik jauzi egiten. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Zoriontsu da Alberto de la Bella (Santa Coloma de Gramanet, Herrialde Katalanak, 1985), kontratua berritu baitzuen Realarekin duela gutxi, 2015era arte. «Lasaitasuna eman dit batik-bat. Asko hitz egiten ari zen kontu honi buruz, eta azkenean Reala eta biok nahi genuena bete da, elkarrekin jarraitzea, alegia», aitortu dio BERRIAri. Azken bi denboraldiotan jokalari gisa izan duen «hazkundeagatik» hartu du erabakia neurri handi batean. «Hemen eman dut aurrerapausoa. Konfiantza irabazi dut eta beste alor taktikoetan ere hobeto nabil. Bide beretik jarraitu nahi dut. Talde mailan, berriz, daukagun aldagelak bultzatu nau. Zaila da halakorik aurkitzea».

Etxeko jokalari asko egotea da giro horren gakoa, haren ustetan. «Reala barruan daramate, benetako sentimendua dute. Horri esker denak bat-eginik gaude eta norabide berean goaz. Ez dago ika-mikarik. Lagunak gara eta asko nabaritzen da zelaian». Kanpotarrak ere erraz egokitzen dira. «Oso ondo hartzen gaituzte. Ez da harritzekoa gehienek hemen jarraitu nahi izatea, tratu hori ez delako topatzen beste tokitan». Kontratua berritu ondoren taldekideek izandako erreakzioan egiaztatu zuen hori. «Apur bat berandu iritsi nintzen entrenamendura, eta zoriondu egin ninduten. Sumatzen nuen barrutik ari zirela, zintzo, eta poztu egiten zirela haiekin jarraituko nuela jakinda».

Reala ez zen hura nahi zuen bakarra: «Ia lehen itzuli osoa jokatu nuen, eta normala zen, kontratua bukatzen nuela jakinda, zenbait taldek interesa erakustea. Baina sekulan ez genien tarterik utzi eskaintzarik aurkezteko, argi neukalako zer nahi nuen». Hala azaltzen du akordioa hainbeste atzeratu izana: «Negoziazioak ez dira lehen egunean ixten eta normala da tirabirak egotea. Hasieran alde handia zegoen bien artean. Nire ordezkaria Bartzelonakoa da, eta halakoetan telefonoa ez da modurik egokiena izaten aurrera egiteko. Luzatuz joan zen kontua, beharbada bi aldeak lasai geundelako eta zintzo jokatu genuelako. Ez zuen axola hilabete bat gehiago edo gutxiago igarotzea».

Behin ere ez omen zuen bere burua Realetik kanpo ikusi: «Egia da batzuetan bazirudiela sekulan ez zela bukatuko, eta ziurgabetasun apur bat sortzen zaizula, baina beti pentsatu nuen eguna iritsiko zela». Ez du baztertu aferak bere errendimenduan eragina eduki izana: «Saiatzen zara alde batera uzten, baina hiruzpalau norgehiagoketan ez nintzen ondo aritu, eta beharbada mentalki kalte egin zidan». Eskertzen du aurrerantzean kezka bakarra futbola izatea: «Gustura zaudenean, kontratu luzea duzunean, eta entrenatzailearen konfiantza duzunean eta jokatzen ari zarenean, daukazun onena ematea baino ez da gelditzen. Horretan diharduzu burubelarri».

Gustura Donostian

Donostian gustura dago. «Klubak azken urte eta erdian daraman bideak ere, igoerarekin, eta egungo sailkapenarekin, ahalbidetzen du hiriaz gehiago gozatzea. Nire bikotea bizkaitarra da. Aitak datozenean ere asko gozatzen dute hemen». Azken bi denboraldiotan Realean bizitakoak ere garrantzi handia izan du bere erabakian. «Realera iritsi nintzenean ez ninduen ia inork ezagutzen. Bigarren talde batetik nentorren, eta Bigarren Mailan, Sevilla B-rekin eman nuen denboraldia oso txarra izan zen. Pixkanaka errespetua eta zaleen maitasuna irabazten joan naiz. Asko eman didate hemen, eta ni ere saiatu naiz ematen».

Realera iristerakoan, modan egindako modelo lanei buruz galdetzen zioten batik-bat. «Deigarria zen askorentzat, eta lehen elkarrizketetan ia gehiago hitz egiten zen horretaz. Normala da, baina nire esku dagoen guztia egin dut aldatzeko, ez nuelako nahi irudi hori. Argi dut zer nahi dudan, eta Realera iritsi nintzenetik ez dut halako lanik egin, futbolari eman nahi niolako garrantzi osoa». Handik hilabete batzuetara, kirol ibilbideko unerik «ederrenak» bizi zituen, igoerarekin. «Kili-kolo hasi ginen, baina gugan sinesten hasi ginen, eta oso sendo agertu ginen etxean. Zaleek ere asko lagundu zuten ametsa posible egiten, Anoetan zein bidaietan».

Espanyol B, Vila-real B eta Sevilla B-n aritutakoa zen ordura arte, eta bazekien urteak aurrera zihoazela eta denboraldi erabakigarria zela berarentzat. «Ikusten duzu bigarren taldeetan egon arren, ez duzula aukera izan Lehen Mailan debutatzeko, eta arantza hori banuen. Beste toki batean aukerak izan nitzakeela pentsatzen nuen. Reala erronka handia zen niretzat. Mendeurrenaren urtean iritsi nintzen, igoera helburu bakar zuen talde historiko batera. Zortea izan nuen, aurrenekoan lortu genuelako. Agian pauso hau eman izan ez banu ez nintzatekeen sekula goi mailara iritsiko».

Bigarren Mailarekiko jauzia sumatu du denboraldi honetan. «Hegalean batez ere, mundu mailan ospea duten jokalariak daude, eskarmentu handikoak eta buruz-burukoan behartu egiten zaituztenak. Oso kontzentratuta egon behar duzu, adi-adi, beti erne. Baina gustura nago». Lehia zuzenik ez du bere postuan, baina ez du uste horrek lasaitzeko arriskua dakarrenik: «Entrenatzaileak baldintzarik onenetan ikusi ez nauenean, Mikel Gonzalezen alde egin du. Erdiko atzelaria izan arren, lan ona egiten du postu horretan».

Argi du bere jarrera azken boladan piztutako eztabaidaren gainean: «Lehen Mailan finkatzea zen gure asmoa, eta lortzen ari gara. Emaitza onek gauzak nahastea ekarri dute agian. Gure jatorrizko helburua ziurtatu behar dugu, eta hortik aurrera ahalik eta puntu gehien batu». Azken emaitza txarrek ez dute kezkatzen: «Beharbada puntu gehiago lortzeko moduko partidak ziren, baina hemen denek ikusten dute bukaera gertu eta estutzen dituzte hortzak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.