Joxean Fernandez, 'Matxin'. Lampreko kirol zuzendaria

«Izatez, ez naiz konformista»

«Urte eta erdiko gozatua» hartu du Joxean Fernandez 'Matxin'-ek Lampre taldearen egituran. Erabat kritiko hitz egin du UCIren egungo sistemaren inguruan, baina pasioz bizi du txirrindularitza.

unai zubeldia
2014ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Pasioa entzuten da Joxean Fernandez Matxin-en ahotsean (Basauri, Bizkaia, 1970). Geoxen proiektua bertan behera geratu zenean, 2011n, urtebete soilik iraun zuen autoan sartu gabe. Bizitasuna behar zuen, ordea, eta Lampreren erritmo aldaketari erantzun zion. Iaz. Urtebeterako kontratua dauka Italiako taldearekin. «Baina haiek nahi duten arte jarraituko dut egitura honetan, momentu zailenetan nire ondoan egon direlako beti».

Giroa amaitu, Dauphine hasi, Suitza zain... Ez dago atsedenik. Baina, hausnarketa txiki bat eginda, ona izango da Lampreren Giroko balorazioa, ezta?

Harrigarri hasi ginen, Diego Ulissiren bi garaipenekin, eta gehixeago egin genezakeen sentsazioarekin amaitu genuen, agian, Giroa. Baina ezin gara kexatu.

«Kontuz Ulissirekin». Urtarrilean bidali zenuen abisua.

Oso kontuan edukitzeko txirrindularia da Diego Ulissi. Gaztea da oraindik, baina diziplina handiko txirrindularia da. Ondo egiten ditu gauzak, Giroan erakutsi duen bezala.

Ez erlojupekoetan eta ezta igoeretan ere, Stelvion behera erabaki zen, ziurrenik, Giroa. Nola bizi izan zenuen Movistarren erasoa izan ez zen eraso hura?

Etapa teknikoki aztertuz gero, oharkabean, baina Eros Capeccik eduki zuen giltza. Bera ari zen lanean, eta une batean zalantza giroa nagusitu zen; geratu, ez geratu... Errepidearen erdi-erdian geratu zen Capecci euritakoa janzteko, eta alde batetik eta bestetik igaro behar izan zuten txirrindulari eta auto askok. Une horretan uler zitekeen Movistarrek lasai egin nahi izatea etapa. Baina erabat lasai Capeccik bakarrik egin zuen, Izagirrek edo Quintanak, esaterako, Rollandekin, Hesjedalekin eta besteren batekin batera, betiko moduan ekin ziotelako Stelvioko jaitsierari; gelditu gabe, baina erasorik jo gabe. Ondorengo guztia? Betikoa. Denbora irabazten duenak inoiz ez du nahi izaten hura galtzerik; eta galtzen duena kexatu egiten da azkar. Gauza bat da erorketaren bat dagoenean erasoa jotzea, eta beste bat lasterketako ezaugarriak baliatzea. Hotz egiten zuen, bai, baina denentzat egiten zuen hotz.

Lamprek, iaz, World Tourreko bi garaipen soilik lortu zituen, eta aurten hiru dauzkazue jada, Ulissirekin hirurak. «Hamar nahi ditut», aitortu izan duzu, hala ere.

Gora begiratzea gustatzen zait niri, neure buruari erronka zailak jartzea. Gustatu edo ez, World Tourrean irabazteak bakarrik balio du gaur egun. Hala erabaki du UCIk [Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna]. Ez dut uste inori mesede egiten dionik, baina horrela antolatu dute dena: aberatsak oso aberats eta txiroak oso txiro. Talde handientzat oso komenigarria da World Tourra, eta bertan ez daudenentzat oso kaltegarria. Ez nago ados banaketa horrekin, baina...

Urte eta erdi honetan zer eman diozu zuk Lampreri, eta zer eman dizu taldeak zuri?

Ez dut uste nik ezer askorik eman diodanik; eman dudana baino askoz gehiago jaso dut. Eguneroko lanean, grinan, gogoan... hor egin dezaket nik ekarpena, izatez ez naizelako konformista, eta txirrindularitza erasokorra gustatzen zaidalako.

Italiako egitura batean ari zara lanean, baina, euskal herritarra izanda, nola ari zara bizitzen Euskaltel gabeko lehen urtea?

Euskaltel baino lehenago iritsi nintzen ni txirrindularitzara, baina egia da hutsune handia nabari dela, Euskal Herrian batez ere. Zaleentzat, kazetarientzat, aurkarientzat... Euskal Herriko egitura bat falta da tropelean. Sentimendu bat, kolore bat falta da.

Entrenatu duzun txirrindularirik onenaren izena eskatuz gero?

Psikologikoki eta orokorrean hartuta, Oscar Freire. Fisikoki, berriz, Angel Sainz de la Maza.

Egungo txirrindularirik onena?

Rui Costa eta Diego Ulissi.

Nork irabaziko du aurtengo Frantziako Tourra?

Alberto Contadorrek.

Eta, etorkizun hurbilean, nor izango da nagusi?

Kolonbia dabil indarrean, eta...

Zertan asmatu du Kolonbiak hain gora iristeko?

Une jakin batean txirrindulari on asko dauzkazunean baina ondorengorik ez datorrela ikusten duzunean, harrobiarekin lan egitea izaten da irtenbide bakarra. Eta horixe egin dute Kolonbian. Bertako gobernuarekin proiektu sendoak bete dituzte, eta horren ondorio da Coldeportes taldea eta Kolonbiatik kanpo lehiatzen ari den hainbeste kolonbiar. Kasualitatea ez, lan onaren emaitza da dena.

Zer gustatzen zaizu egungo txirrindularitzatik?

Gazteen indarra, eta jada ez dagoela beteranoenekiko gehiegizko errespetu hori. Adinari begiratu gabe, txirrindulari ona dena ona da orain, gaztea izan edo esprinterra izan. Zoratzen nago gaztetasun horrekin.

Eta zer aldatuko zenuke?

Ia dena! Lasterketa guztiak garrantzitsu diren txirrindularitza nahi dut nik, inor bigarren edo hirugarren mailakoa ez den txirrindularitza bat. Mailaketagatik ari dira desagertzen proba asko. Maila kontinentalekoei profesional deitzen badiezu profesional izan gabe; profesionalei esaten badiezu ez direla kontinentalak, baina ezta profesionalak ere... Azkenean, erdizkako egiekin ari zara eraikitzen errealitatea, eta gezurrek baino min handiagoa eragiten dute horiek askotan.

Kirol arloaz gain, pasioz bizi duzu teknologia berrien aroa. Bloga, Twitter, Facebook... Nolatan hainbesteko lotura?

Zintzo hitz eginda, zaleen eskutik sortu zen ideia. Babes eta indar handia eman zidaten geldirik egon nintzen urtean, eta eskerrak emateko modu bat da txirrindularitzako hainbat konturi buruz nire iritzia ematea. Idazten nuena geroz eta oihartzun handiagoa lortzen hasi zen, eta kolaboratzaile sare bat sortu behar izan nuen. Izugarri eskertzen diet egiten duten lana. Zoragarria ari da izaten zaleekin lortzen ari naizen interakzioa. Ikaragarri erakartzen naute teknologia berriek, eta txirrindulariekin ere saiatzen naiz egunerokoan ibilbideen bideoak jartzen, wikiloc edo bymap gisako sistema berriak baliatzen... Pasioz bizi dut, eta pasio hori helarazten saiatzen naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.