Txirrindularitza. Ziklo-krosaren egoera Euskal Herrian

Izarrik gabeko hotel preziatua

Errepideko taldeen egituratik urrun, autokarabanetan mugitzen dira ziklo-kroslari gehienak. BERRIAk barrutik ezagutu ahal izan du Egoitz Murgoitiorena.

Egoitz Murgoitio, bere autokarabanaren barruan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Abadiño
2012ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Hamabi metro koadroko zulo batean hasten dira gorpuzten garaipenak. «Hemen atseden hartzen dugu; hemen bazkaltzen dugu; hemen egiten ditugu beroketak; hemen dutxatzen gara...». Egoitz Murgoitiok (Abadiño, Bizkaia, 1983) azaldu duenez, autokarabana da ziklo-kroslarien hotelik preziatuena. «Bidaia hegazkinean egiten dugu», argitu du sekretua. «Baina ordu asko igarotzen ditugu zirkuituan, eta oso beharrezkoa da autokarabana —furgoneta bat ere badaukate taldean, gertuko lasterketetan material guztia bertan eramateko—». Ziklo-krosaren berezitasunetako bat hori da. «Sven Nysek eta Niels Albertek motorhome bana daukate, kamioi handi bana, baina autokarabanetan ibiltzen gara gainerakoak».

Gidaria behar izaten du autokarabanak, eta txirrindulariak hegazkinean joaten badira... «Aita da nire laguntzaileetako bat, eta Jon Zengotitabengoa bestea, nahiz eta Eneko Iturriagak ere asko laguntzen didan». Horien lana izaten da hamabi orduko bidaia egitea, aireportura txirrindularien bila joatea, lehiaketa egunaren bezperako bilerara joatea, bizikletak eta gainerakoak prest edukitzea, lasterketan bertan bizikletak garbituz eta konponduz joatea... «Eurak gabe ezinezkoa litzateke egiten duguna egitea».

«Hirumeten proiektuaren barruan egonagatik, familia kutsuko egitura da gurea». Jonathan Lastra (Bilbo, 1993) eta Murgoitio bera dira taldearen bi zutabeak. «Eta lasterketa egunetan bion artean moldatzen gara autokarabanan». 23 urtez azpikoen mailan aritzen da Lastra, eta elite mailan Murgoitio. «08:00etan abiatzen gara hoteletik, 11:00etan hasten delako 23 urtez azpikoen lehia —15:00etan izaten da maila nagusikoa—; ordurako erdi bazkalduta egoten da bera, eta erdi lo ni. Berehala hasten da bera beroketekin, eta lasaiago ibiltzen naiz ni; gero, bera etortzerako, irteerara joanda egoten naiz ni».

1.200 euroko gastua bidaian

Munduko Kopako probak igandeetan izaten dira normalean. «Eta ostiral goizeko 05:00-06:00ak aldera abiatzen dira laguntzaileak Brusela aldera, autokarabanan». 14:00etako hegazkina hartzen dute, normalean, bi txirrindulariek. «Eta gu iristerako aireportuan egoten dira zain». Zirkuitutik gertuen dagoen hotelen batera joaten saiatzen dira beti. Eta proba amaitutakoan zer? «Hegazkinean itzultzen gara gu, eta autokarabanan laguntzaileak, beste hamabi orduko bidaian. Meritu handia daukate». Bidaia bakoitzari prezioa jarrita, ordainsari, gasolina, hotel eta gainerakoak kontuan hartuta, 1.100-1.200 eurotan utzi du gastua bizkaitarrak.

Orain «pribilegiatua» dela argitu du, behin eta berriz, Murgoitiok. «Gogoan daukat orain hiru urte nola ibiltzen nintzen batetik bestera, aita, ama, laguntzailea eta laurok Opel Combo zahar batean sartu, eta hiru bizikletak barruan zirela. Autokarabanan ez naiz kabitzen, eta ez dakit lehen nola ibiltzen nintzen!». Hamabi metro koadroko hotelaren barruan egin du hausnarketa hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.