Txirrindularitza

Izarrik ez da ariko Euskal Herriko Itzulian, baina parte hartze oso ona izango du

Sepp Kuss, Daniel Felipe Martinez, Enric Mas, Joao Almeida, Isaac Del Toro, Ion Izagirre eta Pello Bilbao ariko dira, besteak beste. Apirilaren 7an hasiko da proba, Gasteizen, eta 12an bukatuko, Eibarren.

Pello Bilbao. BETTINI / EFE
Pello Bilbao, iaz, Esloveniako Itzuliaren podiumean. BETTINI / EFE
Julen Etxeberria.
2025eko martxoaren 26a
14:16
Entzun 00:00:0000:00:00

Bi aste baino gutxiago falta dira Euskal Herriko 64. Itzulia egiteko, eta probaren inguruko xehetasun nagusiak jakinak dira jada. Ibilbidearen berri eman eta gero, lehiatuko diren txirrindularien berri eman dute gaur antolatzaileek. Aurreikusi bezala, izar distiratsuenak ez dira lehiatuko. Iaz Jonas Vingegaard (Visma), Primoz Roglic (Red Bull) eta Remco Evenepoel (Soudal) aritu ziren, baina aurten hiru horietako bakar bat ere ez da ariko, ezta Tadej Pogacar (UAE) ere. Esloveniarra duela lau urte lehiatu zen azkenekoz Itzulian.

Big four (lau handiak) deitzen dioten laukotea ez da irteeran izango, ezta koska bat beherago dauden hainbat txirrindulari ere; adibidez, azken irabazleak, Juan Ayusok (UAE), ez du Itzulia sartu bere egutegian. Gauza bera egin du Mikel Landak (Soudal).

Izarrak faltako dira, baina horrek ez du esan nahi txirrindulari oso onak ariko ez direnik. Hauek nabarmentzen dira Itzulian parte hartuko dutenen artean: Sepp Kuss (Jumbo-Visma), Daniel Felipe Martinez (Red Bull-Bora), Enric Mas (Movistar), Joao Almeida, Isaac del Toro eta Brandon Mcnulty (UAE), Ion Izagirre (Cofidis) eta Pello Bilbao (Bahrain). Martinez eta Izagirre Euskal Herriko Itzulia irabazitakoak dira. «Ez dago oilarrik, baina lasterketa polita eta dibertigarria izango da. Ondo pasatuko dugu», esan du Javier Riaño Euskal Herriko Itzuliaren zuzendari nagusiak.

Apirilaren 7an hasiko da Itzulia, Gasteizen, Buesa Arena pabiloiaren barruan, bakarkako erlojupeko batekin. Bukatu, berriz, 12an bukatuko da, Eibarren (Gipuzkoa). Etapa hauek egingo dituzte: Gasteiz-Gasteiz (16,5 kilometro); Iruñea-Lodosa (199,8); Zarautz-Beasain (156,3 kilometro); Beasain-Markina-Xemein (169,6 kilometro); Urduña-Gernika-Lumo (172,4 kilometro); eta Eibar-Eibar (153,6 kilometro).

Txirrindulariek 864,70 kilometro egingo dituzte; gorabeheratsuak eta gogorrak izango dira horietako asko, 27 mendatetara igoko baitira. Azken ekitaldietako ibilbideen antzekoa da aurtengoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.