Gwangjun (Hego Korea) elkartu dira munduko igerilaririk onenak. Uztailaren 12an hasi zen jokatzen Munduko Igeriketa Txapelketa, eta hilaren 28an amaituko da. Bost modalitatetan banatuko dira probak: igeriketa, jauziak, igeriketa sinkronizatua, waterpoloa eta ur irekietako igeriketa. Datorren urtean Tokion (Japonia) jokatuko diren Olinpiar Jokoak begiz jota, 194 herrialdetatik etorritako 2.623 kirolari ari dira parte hartzen. Abiadura probak izango dira martxan jartzen azkenak: bihar hasiko dira. Izen handiak daude bertan, baina badira nabarmendu behar diren izar batzuk.
KATINKA HOSSZU
Burdinazko emakumea
Igerilari trebea da Katinka Hosszu (Pecs, Hungaria, 1989). Burdinazko emakumea da haren ezizena. Urrezko zazpi domina ditu Munduko Txapelketetan, eta hiru Olinpiar Jokoetan. 2018an, Igeriketaren Nazioarteko Federazioak (FINA) urteko igerilaririk onena izendatu zuen. Igerilekutik kanpo ere eman du zeresana. Hosszuk FINAri salaketa jarri zion AEBetako monopolioaren aurkako legeak ez betetzeagatik. Gwangjun, proba hauetan hartuko du parte: estilo libreko 200 metrokoan,bizkar estiloko 100 eta 200 metrokoetan, eta estiloetako 200 eta 400 metrokoetan.
CHAD LE CLOS
Nabarmentzeko aukera
Chad le Clos (Durban, Hegoafrika, 1992) da beste izarretako bat, tximeleta estiloan espezialista. Sari zerrenda luzean ditu, besteak beste, urrezko domina bat Olinpiar Jokoetan eta bost Munduko Txapelketetan. Bere palmaresa handitzen saiatuko da bihartik aurrera. Michael Phelpsen gisako igerilari handien itzalean gelditu da sarri, eta nabarmentzeko aukera aproposa du orain. Tximeleta estiloko hiru probetan hartuko du parte: 50, 100 eta 200 metrokoetan.
LILLY KING
Txapeldun gaztea
Lilly King ere (Evansville, AEBak, 1997) kontuan hartu beharreko igerilaria da. Bular estiloan espezialista da estatubatuarra. 22 urte ditu bakarrik, baina, jada, urrezko bi domina irabazi ditu Olinpiar Jokoetan, eta lau Munduko Txapelketan. Horrez gain, munduko bi marka ere hautsi zituen Kingek Budapesten: bular estiloko 50 eta 100 metrokoak, igerileku luzean. Julija Efimovarekin (Grozny, Errusia, 1992) lehia estua izango duela espero da. Bular estiloko hiru probatan lehiatuko da: 50, 100 eta 200 metrokoetan.
SUN YANG
Dinamita txinatarra
Protagonismoa gustuko du Sun Yangek (Hangzhou, Txina, 1991). Ezaguna da igerilari moduan egindako balentria guztiengatik, baina baita handik kanpo izandako polemika sortarengatik ere. Gidabaimenik gabe gidatzen harrapatu zuten, dopin kontrol batean positibo eman zuen, eta beste batean kontrola egiteari uko egin zion. Uretan, baina, ibilbide ikusgarria darama: Olinpiar Jokoetako urrezko hiru domina ditu, eta Munduko Txapelketako bederatzi. Gwangjun, estilo libreko 200, 400 eta 800 metroko probetan lehiatuko da.
KATIE LEDECKY
Izarretan izarra
Gaztea izanagatik, txapeldun handia da jada Katie Ledecky (Washington, 1997). Guztira, bost urrezko domina eskuratu ditu Olinpiar Jokoetan, eta hamalau Munduko Txapelketan. Historian domina gehien irabazi duen emakumea da. Munduko hamalau marka ezarri ditu igerilari estatubatuarrak, eta bere ahala erakutsi nahi du Munduko Txapelketa honetan ere. Gwangjun, estilo libreko lau probetan arituko da: 200, 400, 800 eta 1.500 metrokoetan.
CAELEB DRESSEL
Urrezko igerilaria
Gaztea eta bizia, esprinter petoa da Caeleb Dressel (Green Cove Springs, AEB, 1996). Budapesten jokatutako azken Munduko Txapelketan bera izan zen izar nagusia: zazpi urrezko domina eskuratu zituen. Dresselek eta Michael Phelpsek bakarrik lortu dituztezazpi urrezko domina Munduko Txapelketa bakar batean. Gizonezkoetan, urrezko domina gehien irabazteko faboritoa da. Gwangjun, proba hauetan hartuko du parte: estilo librean, 50 eta 100 metrokoetan; tximeleta estiloan, 50 eta 100 metrokoetan.
SARAH SJOSTROM
Igerilari bizkorra
Abiadura probak irabazteko hautagai nagusia da Sarah Sjostrom (Salem, Suedia, 1993). Emakume bizia da uretan, eta horren erakusle dira ezarrita dauzkan munduko markak. Lau igerileku luzean lortu ditu: estilo libreko 50 eta 100 metrokoetan, eta tximeleta estiloko 50 eta 100 metrokoetan; bestebi, berriz, igerileku laburrean: estilo libreko 200 metrokoan eta tximeleta estiloko 100 metrokoan. Gwangjun, proba hauetan ikusi ahal izango da: estilo librean: 200, 100 eta 50 metrokoetan; tximeleta estiloan: 50 eta 100 metrokoetan.
ADAM PEATY
Bular estiloko liderra
Espezialista da bular estiloan Adam Peaty (Uttoxeter, Ingalaterra, 1994). Berak ditu bular estiloan 50 eta 100 metroko munduko markak. Bost aldiz izan da munduko txapeldun, eta urrezko domina bat eskuratu zuen Rio de Janeiron jokatutako azken Olinpiar Jokoetan. Gaur egun, bular estiloan ez du aurkaririk, eta, ondo bidean, urrezko dominaren bat irabazteko aukera guztiak ditu. Aurtengo Munduko Txapelketan, bular estiloko bi probetan arituko da: 50 eta 100 metrokoetan.
Izarrez beteta dago igerilekua
2019ko Munduko Igeriketa Txapelketa Gwangju-n ari da jokatzen. Bihar ekingo zaie abiadura probei, eta lehia ikusgarriak espero dira dominak lortzeko borrokan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu