Indartsuenek distira egin dezaten

Oso ibilbide gogorra izango du datorren urteko Tourrak. Uztailaren 5etik 27ra bitarte jokatuko da, eta Parisen bukatuko da. Emakumezkoek etapa bat gehiago izango dute: bederatzi guztira. Uztailaren 26tik abuztuaren 3ra jokatuko da.

Frantziako Tourraren aurkezpen ekitalda, gaur. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Frantziako Tourraren aurkezpen ekitalda, gaur. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko urriaren 29a
15:20
Entzun

Tadej Pogacarren (UAE) eta Jonas Vingegaarden (Visma) barrutia da Frantziako Tourra. Bien artean banatu dituzte azken bost garaipenak, eta azken lau urteetan, esloveniarra eta daniarra izan dira podiumeko bi koska nagusietan. Ibilbidea edozein izanda ere, gainontzeko ziklisten oso gainetik daude hiru asteko jardunari dagokionez. Eta datorren urtean, Tourra haien neurrira egongo da egina, oso etapa gogorrak jokatuko baitira Pirinioetan nahiz Alpeetan. Mont Ventoux izango da beste plater nagusia. Guztira sei etapa bukatuko dira mendate batean. Lehen astean, ordea, ez da igoera handirik izango, azken urteetan ez bezala —iaz Tourmalet igo zuten, eta aurten Galibier—. Horren ordez, muinoak nonahi izango dira. Hots, ikuskizunera batzeko aukera izango dute klasikozaleek; nagusiki, Mathieu van der Poelek (Alpecin) eta Wout van Aertek (Visma).

Tourrak 112. aldia izango du, eta uztailaren 5etik 27ra jokatuko da. Gaur eman dute ibilbidearen berri, Parisen. Izar handiek distira egitea da antolatzaileen nahia, baina batzuk itzalpean geldituko dira, ezinbestean. Adibidez, erlojuaren aurka kilometro gehiago izatea nahiko luke Remco Evenepoelek (Soudal). Bakarkako bi saio egingo dituzte: bata laua izango da, eta 33 kilometro izango ditu; eta bestean Peyragudesera igoko dira. 11 kilometroko ahalegin laburra egin beharko dute. Kronoigoera ez da Evenepoeli hobekien datorkion saio mota.

Esprinterrek ere kopeta zimurtuko zuten ibilbidearen berri izatean, ohi baino aukera gutxiago izango baitute. Tourreko etapa lauetan ezer gutxi gertatu ohi da, eta, ikuskizuna hauspotzeko asmoz, lehen astean ibilbide gorabeheratsuko etapak hobetsi dituzte antolatzaileek. «Ez zaigu gaizki iruditzen esprinterrek irabaztea, baina haien taldeek gogor lan egitea nahi dugu, eta etapak aurrez idatzita ez egotea», esan du Christian Prudhommek, gizonezkoen lasterketaren zuzendariak.

Nolanahi, esprinterra izango da Tourreko lehen liderra, etapa lau batekin hasiko baita lasterketa, Lillen. Hirugarren aldiz hartuko du hiri horrek Tourreko irteera. Hortik aurrera, etapa aldapatsu asko jokatuko da lehen astean. Orografia aldetik hirugarren etapa ez da gogorra izango, baina, mendateen ordez, haizeak sor ditzake gorabeherak. Bosgarren etapan, berriz, bizikleta adardunaren gainean jarriko dira, ordekan erlojuaren aurka aritzeko. Biharamunean 3.500 metroko desnibel metatua pilatuko dute, Vire Normandiera bidean. 200 kilometro baino gehiago izango duen etapa bakarra da, bigarren egunekoarekin batera. Zazpigarren etapan, berriz, Bretainiako Horman egongo da helmuga. Azkenekoz 2021eko Tourrean igo zuten, eta horiz jantzi zen Van der Poel.

Guztira hamar etapa jokatuko dituzte aurreneko atseden egunaren aurretik. Luzatu egingo da lehen fasea, uztailaren 14an ere lehia egon dadin —Frantziako Errepublikaren egun nazionala da—. Erdialdeko Mendigunean ariko dira txirrindulariak, eta ahalegin bortitza egin beharko dute: bigarren mailako zazpi mendate igoko dituzte. 4.400 metroko desnibela pilatuko dute guztira. Sumendi artean ariko dira, eta eztandak izan daitezke faboritoen artean. Biharamunean iritsiko da lehen geldialdia, asteartez. Eta gero, mendate handien txanda iritsiko da.

Pirinioetara helduko dira aurrena. Hasteko, Hautacamen bukatuko da 12. etapa. Vingegaardek bertan eman zion azken ukitua 2022ko Tourrari. Pirinioetako igoerarik gogorrenetako bat da Hautacam (13,5 kilometro eta %7,9ko pendiza), baina bestelakoan, etapak ez du aparteko zailtasunik izango. Gehiago nekatuko dira bi egun geroago, Tourmalet, Aspin, Peyresourde eta Superbagneres kateatuko baitituzte. Eta bi etapa menditsu horien artean, kronoigoera izango dute Peyragudesen. Ordekan hiru kilometro eskas izango dituzte gorputza berotzeko; hasi eta ia jarraian aurkituko dute mendatea —zortzi kilometro eta %7,9ko pendiza—.

Alpeetan erabakiko da

Ziklistei ondo etorriko zaie azken atseden eguna, gorputzari astindua eman beharko baitiote bukaerako etapetan. Hasteko, Mont Ventouxeko etapa izango dute. Tourra hemeretzigarren aldiz igoko da bertara. Azkenekoz 2016an egon zen helmuga Proventzako Erraldoia deritzon mendatean; baina ez tontorrean, haize handia baitzebilen. Egun hartan korrika abiatu zen Chris Froome, jende pilaketaren ondorioz erori eta bizikletan matxura izan ostean. 2013an, ordea, inolako arazorik gabe iritsi ziren gailurrera, eta Froome bera nagusitu zen. 2021ean, berriz, birritan igaro zuten Mont Ventoux, eta Vingegaardek sufriarazi egin zuen Pogacar. Maldan behera egon zen helmuga, eta sua itzaltzea lortu zuen esloveniarrak.

La Lozen, ordea, erabat kiskali zen iazko Tourrean, eta arantza ateratzeko aukera izango du datorren urtean: bertan bukatuko da Alpeetako lehen etapa, lasterketako hemezortzigarrena. Saiorik gogorrena izango da, aurrez Glandon eta La Madeleine igoko baitituzte. 5.000 metrotik gorako desnibela edukiko du. Etapa argigarria izango da, eta oraindik zalantzarik balego, biharamuneko saioak emango du azken epaia. Tourra La Plagnera itzuliko da, 23 urte geroago. Bertan aurkituko dute helmuga, 130 kilometroko ahalegin laburra egin ondoren. Izerditu egin beharko dute halere, guztira bost mendate igoko baitituzte. Azken-aurreko etapa, berriz, ez da ohi bezain erabakigarria izango, nahiko ibilbide leuna izango baitu.

Horiek hala, tropela uztailaren 27an iritsiko da Parisera. Lasterketak bukaera klasikoa berreskuratuko du, aurtengo salbuespenaren ondoren —Nizara tokialdatu zuten azken etapa, Olinpiar Jokoen ondorioz—. 50 urte beteko dira Tourra aurrenekoz Eliseo Zelaietan finitu zenetik. Mendiko eta gazterik onenaren maillotak ere duela mende erdi agertu ziren.

Etapa bat gehiago

Emakumeen lasterketak laugarren urtea izango du ASOren aterkipean, eta orain arte baino etapa bat gehiago izango du: bederatzi izango dira guztira, uztailaren 26tik abuztuaren 3ra. Erlojupekorik ez da izango, ordea. Mendate ikonikoak igo dituzte azken urteetan: La Planche Des Belles Filles, Tourmalet eta Alpe D’Huez, besteak beste. Bada, aurten La Madeleine eta Joux Plane izango dira igoerarik aipagarrienak. Ibilbidea bosgarren etapan gogortuko da, eta eskalatzaileen txanda iritsiko da hortik aurrera. Azken bi etapak izango dira menditsuenak: bata La Madeleinen bukatuko da, eta bestea Portes du Soleilen, aurrez hiru mendate igo ostean. Horietako bat da Joux Plane. Helmugatik 60 kilometrora egongo da, eta hankaz gora jar dezake lasterketa.

Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) izan da eszenatokitik igaro den ziklistetako bat, ekitaldiaren hasieran. Faborito nagusiek piper egin dute, eta, kontrara, esprinter asko bertaratu dira. Datorren urtean 36. garaipena lortzen saiatuko ote den galdetu diote Mark Cavendishi (Astana). «Ikusiko dugu», erantzun du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.