Ez naiz Illarramendiren ordezkoa izango. Guztioi dagokigu haren hutsunea betetzea». Bere buruari presioa kentzeko asmoz, hitz horiek esan zituen denboraldi-aurrean Ruben Pardok. Ongi neurtutako hitzak ziren, inondik inora. Izan ere, Asier Illarramendik Real Madrilerako bidea hartu ondoren, Pardok bazekien hasierako hamaikakoan finkatzeko aukera izango zuela sasoi honetan; izar baten faltan taldeko izar berria izateko aukera ona zuela, alegia. Denboraldiaren bi herenak igarota, bada, era guztietako ondorioak atera daitezke. Egiari zor, nabarmen hobetu da erdilari gaztea, eta hainbat partidatan arnasa eman dio taldeari, baina erregulartasun falta ere erakutsi du. Horregatik, aulkian egotea dezentetan tokatu zaio aspaldian.
12 urte besterik ez zuela iritsi zen Donostiara Pardo. Realeko beheko mailetan jokatu ondoren, 2009an egin zioten tokia Reala B taldean. Jauzi hori emateko garaian, zerikusi handia izan zuen Jagoba Arrasatek, jokalariaren entrenatzailea izan baitzen gazte mailan. Realeko bigarren taldean azkar nabarmendu zen, eta, bi denboraldiz han aritu ondoren, 2011n izendatu zuten lehen taldeko jokalari. Ez zuen edonolako debuta izan, Real Madrilen kontra jokatzeko aukera eman baitzion Philippe Montanierrek urte horretako urrian. 0-1 galdu zuen Realak Anoetan.
Denboraldi hartan, apenas jokatu zuen. Ligan, 384 minutuz soilik izan zen zelaian, eta kosta egin zitzaion entrenatzaile frantziarraren konfiantza irabaztea. Begi bistan utzi zuen kalitate handiko jokalaria zela, baina baita bigun zegoela ere. Estreinako sasoi hark Lehen Mailari neurria hartzeko balio izan zion. Iragan sasoia ere ez zen distiratsua izan jokalariarentzat, bestelakorik espero bazen ere. Minutu gehiago bai, minutu gehiago izan zituen ligan: 1.151, guztira. Ordea, ez zuen izan nahi adinako jarraitutasunik. Montanierrek konfiantza handiagoa izan zuen taldeko beste jokalari batzuengan, eta horrek haserrea eragin zuen sarri Anoetan. Izan ere, Realeko zaleen oso gustukoa da Pardo. Zaleek itxaropen handiak dituzte harengan.
Lehen Mailako bi denboraldi gorabeheratsu horien ondoren, aurtengora begira itxaropentsu zegoen, eta Arrasate entrenatzaile izendatu izana pozik hartu zuen. «Nigan konfiantza duen entrenatzaile bat nahi nuen, eta izugarri poztu naiz Arrasate izango dela jakitean», aitortu zuen denboraldi-aurrean. Ez zegoen oker. Realeko entrenatzaileak hasieratik egin zuen Pardoren aldeko apustua, eta jokalariaren erantzuna ona izan da, oro har. Ligan 1.621 minutu daramatza jokaturik, eta, martxa honetan, bikoiztu egingo du joan den denboraldiko marka. Gainera, aintzat hartu behar da Txapeldunen Ligan bost partida jokatu dituela eta Espainiako Kopako neurketetan ere parte hartu duela.
Inor gutxi harritu du, beraz, Pardoren jardunak. Minutuak behar zituen jokalari gisa hazten jarraitzeko, eta aurrerapausoa eman du sasoi honetan. Batez ere, baloia oinetan izatea eta jokoa antolatzea gustatzen zaio. Baita agintzea ere. Batek baino gehiagok Xabi Alonsorekin berarekin konparatu izan du, pase laburrak zein luzeak emateko gaitasun aparta baitu. Hori bai, kritikak ere entzun ditu. Erasoan dituen dohainak defentsako lanean falta zaizkio. Sufritu egin ohi du taldeak baloirik ez duenean, eta askotan tokia galtzen du.
Horregatik, azken partidetan aulkian nahi baino gehiago egotea egokitu zaio. Akaso, abuztuaz geroztik pilatutako nekeak ere izan du zerikusirik horretan. Realak erakustaldia emanda garaitu zuen Bartzelona orain hilabete eskas (3-1), eta, orduan, luzapenean zelairatu zen Pardo. Neurketa hura ezohiko sistema batekin jokatu zuten txuri-urdinek, eta sistema hartan tokirik ez zuen izan Pardok.
Talde handiak, ate joka
Bartzelonaren aurkako emaitza ona ikusirik, Sevillan ere ezohiko sistemaren alde egin zuen Arrasatek, Pardo aulkian utziz. 1-0 galdu zuen talde txuri-urdinak. Rayo Vallecanoren aurkako neurketan, hortaz, betiko sistemara itzuliko zela aurreratu zuen entrenatzaileak. Alferrik, baina. Pardok hasieratik jokatu zuen, baina ikaragarri sufritu zuen, baloia espainiarrek mugitu zutelako eta txuri-urdinak lasterka aritu zirelako etengabe. 2-3 galdu zuten donostiarrek. Joan den igandean, berriz, bigarren zatian zelairatu zen Pardo Valentziaren kontra.
Bistan denez, azken jardunaldiotan protagonismoa galdu du jokalariak, baina inor gutxik jartzen du kolokan haren maila. Europako talde handiak ate joka omen ditu dagoeneko: Real Madril, Manchester United eta Liverpool, besteak beste. Ordea, bere nahia Donostian jarraitzea dela esana du Pardok behin baino gehiagotan. Kontratua, behintzat, 2016ko ekainera arte du.
Izarraren argia, itzaltzen hasia
Sasoiaren lehen bi herenak ondo jokatu ondoren, Ruben Pardok aulkian dezente egon behar izan du azken jardunaldiotan. Erregulartasun falta erakutsiagatik, Europako hainbat talde handik begiz joa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu