Hamar urte dira Asegarceko bi pilotari ez zirela final batean elkartzen. Asko al dira?
Nola begiratzen zaionaren arabera, enpresen arteko orekaren adierazagarri ere bada. Dena den, urte bakan bat edo beste kenduta beti izan dugu pilotariren bat finalean, batez ere Olaizola II.a.
Pilotarientzat garrantzitsua dira txapelak, baina enpresarentzat? Zein neurritan?
Noski, bientzat. Pilota jarraitzen duen zaleak badaki enpresa batek txapelduna izatea garrantzitsua dela, baina ez bakarrik lau t'erdikoan. Asko nabaritzen da jaialdi salmentan, batez ere lau t'erdikoa eta binakakoa garrantzitsuak dira komertzialki, udara begira garai hoietan negoziatzen direlako jaialdiak. Iaz, esaterako, ez genuen binakakoa irabazi, baina txapelketa onari esker uda ona izan genuen. Zergatik? Bada Olaizola II.a onena ikusi zelako, baina baita ere Berasaluze eta Bengoetxea bezalako pilotariek maila ona eman zutelako.
Nolakoa izan da lau t'erdikoa? Hobera egin duela dirudi.
Eredu aldaketak emaitza ona izan du. Lau t'erdiak jende erakarpen ahalmen ona zuen, eta aldaketak mesede egin dio. Kirol mailan ere ona izan da.
Binakakoa ere ona izan zen iaz, buruz burukoa da orduan buruhaustea?
Zaila da manomanistari buelta ematea. Duela zortzi-hamar urtera arte summun-a zen, baina egun: ikusmin maila neurtuta, ikusle kopurua... Jendeak gehiago hitz egiten du lau t'erdikoa eta binakakoaz buruz burukoaz baino, zaila delako partida onak ikustea. Meritu handia izango du, baina pilotaren atzetik dabiltzan milaka pertsonek ez dute hori baloratzen, eta nahiago dute lau t'erdikoa ikustea.
Lau t'erdia dibertigarria da.
Errazagoa da partida onak ikustea, eta biziagoa da. Pilotari onek jokatzen dutenean gogorra da. Buruz burukoa oso gogorra da, baina zaila hain dibertigarria izatea eta horregatik du arrakasta gehiago lau t'erdikoak.
Txapelketa dependentzia dago?
Aspaldikoa da hori, baina ez bakarrik pilotan. Zuk Real Madril-Bartzelona edo Reala-Athletic futbol partida bat antolatu dezakezu udan, torneotxo batean, eta ez doa inor. Aldiz, pentsa ligan. Jendeak txapelketa nahi du, eta etxean kirola ikusten ari denak ez badu lehiarik ikusten katez aldatzen du.
Lau t'erdiko ona lasaigarri izango zen.
Denboraldi hasiera izan da. Sinatuko genuke beste txapelketek lau t'erdikoak izan duen joerarekin jarraitzea.
Pilota errentagarri bihurtzea zaila al da?
Dena bezala, ez gara gizarteko egoera zailetik kanpo dauden enpresa batzuk. Nabaritzen dugu krisia: ikusle kopurua pixka bat jaitsi da, apustuak asko, dirua jokatzeko beste modalitate batzuk duude... Apustuen etorkizuna apustu-teknologia harremanean dago. Nik oso argi dut apustuaren etorkizuna hauxe dela: etxetik partida bat ikusten ari diren milaka ikusleek bost euro jokatu ahal izatea, telefono mugikor edo gailuren batetik, ikusten ari diren partida horretan. Bost diot, baina bat izan daiteke, bi, edo hamar. Iraultza izango da.
Pilota profesionala negozio iturri ona al da oraindik?
Pilotak negozio izateari uzten dionean, eta negozio diot ez dirutzak irabaztea, kopuru txikiak baizik, errentagarria izatea, alegia, enpresak desagertu egingo dira. Aurrekoan, hainbat taldek galdu dituzten diru laguntza publikoen harira, kazetari batek gure diru laguntza publikoa zenbatekoa zen galdetu zidan, eta nik esan nion: txakur txikirik ere ez. Gu gure diru sarreretatik bizi gara, eta hobe zatekeen kirol guztiak hala balira. Hamar irabaziz gero bederatzi gastatu ditzakezu, baina ez hamabost. Eta kirol asko hala ibili dira, euren ahalaren gainetik. Niri ez dit pena ematen talde batek edo beste aurrera ezin dela irten dionean, bada ehun irabazi beharrean hogei irabazi beharko ditu, eta kito. Eta pilotan urteak daramatzagu hala, eta hori lortu ezin denean pertsiana botako dugu.
Krisiak gogor jo du pilota. Lau t'erdian, esaterako, ez duzue babesle handi bat lortu.
Krisia nabaritu da, baina egokitzen saiatzen gara. Eta gakoa da, errentagarri izatean jarraitzea. Bestela begira nola dauden beste pilota modalitate batzuk, kinka larrian.
Azken bost urteetan asko aldatu da egoera?
Negozio eredua berdina da, pilota lau hankakao mahai bat da: sarrerak, publizitatea, telebista eta apustuak. Apustuen hanka ia guztiz desagertu da, eta mahai batek hiru hankarekin zutik iraun dezake, baina beste erortzen bada, akabo. Ikusle kopurua ez da asko jaitsi, pixka bat, baina feria handiak ondo daude. Gipuzkoan, aldiz, bai jaitsi dela, Gipuzkoak krisi ikaragarria du pilotan. Gipuzkoako udako torneoak dira okerren dabiltzanak: Zarautz porrota eta Donostia porrota. Aldiz, beste hiri batzuetan ondo gabiltza. Iruñean badago jendea, eta guk, Asegarcek, oso plaza ona dugu urte osoan Labriten. Bilbo ondo, eta Andramari Zuria eta Logroño bikain. Gipuzkoa gaizki dago, eta jaialdietan ikusten da, herri askok antolatzeari utzi diote. Arrazoiak? Asko egon daitezke: horietako bat, izar gipuzkoar baten hutsunea, horrek jendea mugitzen duelako. Nik garbi dut, Titinek erretiroa hartzen duenean Errioxan nabarituko da.
Donostiarra zara. Atano III.aren egoerak min ematen dizu?
Min ematen dit, hasteko, duen itxura gaixo larri batena delako. Pilotalekua zaharkitua dago eta diru sarrera garrantzitsua behar du berritzeko, eta une honetan ez dut uste inbertsio hori egin ahal izango denik. Eta ez da finalen lehiatik bakarrik kanpo gelditu, baita beste egun handiak hartzekotik ere, eta gainera, laster, beste pilotaleku handi bat izango dugu Iruñean. Baina Atano III.a egoera larrian dago pilotalekua gaizki dagoelako.
Pilotaleku handi berriak mesedegarriak izaten ari dira?
Guretzat oso interesgarriak dira. Urtean dozena erdi bat partida dago halako azpiegitura bat behar dutenak. Enpresarialki ona da. Baina Iruñekoa urtean egun pare baterako izango da, Labrit ukiezina delako. Eta Bilbon zortea dugu hamazazpi jaialdiko akordio bat dugulako Custom Sportekin, eta hori oso ona da. Edozein negoziotan, krisi garaian, bezero berri on bat agertzea modukoa izan da.
Nafarroako Gobernuarekin hitz egiten hasi al zarete?
Ez. Jakin badakit hitz egin nahi dutela, inaugurazioa egiten denerako zerbait handia antolatzeko. Ez dakit noiz izango den, urte pare bat dira hurrengo urtean irekiko dela esaten ari direla, baina nik uste dut pabilioi osoa bukatu arte ez dela hasiko. Lehen eskakizuna, dena den, instalazioa perfektua izatea da. Bilbon lortu zuten, hasiera hasieratik perfektua izan zen, inor ez da kexatu kantxarekin, eta hori funtsezkoa izango da Iruñean.
Zer da zailena pilota profesionalean?
Zailena izar handiak irtetea da. Pilotari ohi eta kudeatzaile naizen aldetik, esan diezazuket egun dugun pilotari belaunaldia errepikezina dela: Irujo, Olaizola, Titin, Bengoetxea, Xala... Modalitate guztietan joka dezaketen maila honetako pilotari multzorik ez dut inoiz ikusi.
Inoizko belaunaldi onena al da?
Bai, noski. Hain konpletuak, edozein modalitatetan ikuskizuna emateko ahalmena... Ondo zainduak daude, eta euren profesionaltasuna harrigarria da. Nik etxeko eredua jarriko dizut, Olaizola II.a. Profesional petoa da, teknikariekin hitz egin, medikuarekin, prestatzailearekin... Ez dago halako besterik. Pilotari guztientzako eredu bat da. Bi urte dira lesiotik irten zela eta txapel guztiak irabazteko aukera izan du.
Gerente aurretik pilotari izan zinen, eta orain beste aldean zaude. Nola daramazu, nolabait filmeko maltzurraren rola jokatzea?
Ni pilotari nintzenean beste garai bat zen. Pentsa, ni pilotarien sindikatua sortzeko lehen mugimenduetan oso sartuta egon nintzen, eta borrokalaria nintzen. Hori bai, nik uste egungo egoerak ez duela zer ikusirik ordukoarekin: lan kontratua dago, eskubide eta gizarte segurantzarekin, abantailekin... Lehen sei hilabete min hartuta eginez gero, agur, eta hala zen. Aldatu egin da, enpresa antolatzea oso desberdina delako. Lehen 50 edo 60 pilotari eduki zenitzakeen, jokatu eta ordaindu, baina exijentzia maila txikiagoa zen. Orain, aldiz, beste edozein kirol bezalakoa da. Futbol edo txirrindulari talde batek zenbat kirolari izan ditzake: hogei, gogeita bi, hogeita lau... baina ez berrogei, eta pilotan zaila izan da hori ulertaraztea. Nik disgusto handienak hasi nintzenean hartu nituen, hedabideetatik eta, ez zelako terminologia egokia erabiltzen: 'Urlia kaleratu dute', ea bada, futbolean norbaiti kontratua bukatzen bazaio baja ematen zaio, pilotan, aldiz, Asegarce bakarrik zegoenean bereziki, 'ez dakit zein kaleratu dute' esaten zuten. Ez, baja ematen zitzaien adin jakin bateko pilotariei, gazteei aukera eman nahi badiezu lekukoa eman behar diotelako. Hanka sartu dezakezu, baina bi enpresetan, kontratua berritzen ez denean pilotari horri bere unean iritsi zaiolako da. Orain desberdin ikusten da, baina ulertu ezin hori beti zen enpresaren aurka egitea.
Iritzi orokorrean pilotaria beti da zintzoa eta enpresa maltzurra.
Beste kirol batzuetan normala dena pilotan kosta egin zen normalizatzea. Ez da kaleratu, kontratua ez zaio berritu. Kontua da beste kirol batzuetan alternatiba gehiago daudela jarraitzeko, eta pilotan ez. Tira, udan jokazteko aukera dago. Orain Otxandorenaren baja izan dugu eta oso normala izan da dena. Agur on bat izan da, denek beharko luketen bezala. Hori bai, beti dago 28-29 urteko pilotariaren kasua, lau edo bost urtez jokatu duena, eta beti uste duena urtebete gehiago jokatu beharko lukeela, baina gaur egun enpresek izarrak izan behar dituzte eta etorkizun ona izan dezaketen gazteak.
Eta klase ertaina?
Gatazkatsuenak dira, arrazoi bategatik. Txapelketetan ez dira sartzen, ez Lehen Mailakoetan ezta promozio mailakoetan ere; eta oso garrantzitsua dena, udaletara jaialdiak saltzera zoazenean han izar bat edo bi nahi dituzte, beste birekin, eta beste partida gazte merkeekin antolaturikoa izan dadila. Bi mailen arteko pilotari garestiak badituzu, galduta zaude. Aurrekontuan ez dira sartzen eta zerbait merkeagoa nahi izanez gero, baduzu beste pilota bat. Tarteko pilotaria azpiegituran enkajatzeko zailena da. Semiestelaristak toki gutxi du, enpresa jaialdi gutxi daudelako. Orain txapelketak antolatuko ditugu, binakakoak, eta onek eta gazteek jokatuko dute . Eta badago jendea tartean dagoena jaialdietan sartzea oso zaila dena. Komertzialki, azpikoen bikoitza edo hirukoitza kobratzen duten pilotariak kolokatzea oso zaila da. Are gehiago orain, udalak jaialdiak kentzen eta aurrekontuak murrizten ari direnean. Zera esaten dizute: 'Ekarri iezazkidazu: Olaizola, Bengoetxea, Irujo edo Titin... eta atzelariak ere ez dira hain garrantzitsuak', eta Bigarren Mailako partidan gazteak izan daitezela.
Duela gutxi pilotariei soldata murrizketen berri eman behar izan zenien. Nolakoa izan zen?
Ondo. Guk ez genituen xehetasunak publiko egin, baina ondo. Are gehiago, badut pasadizo bat, baten batek gehiago jaitsiko genuela uste zuela esan zidalako. Aspek antzeko zerbait egin izanaren aurrekaria izan genuen. Pilotarien erantzuna bikaina izan da, eta espero dugu etorkizunean halako erabaki gehiago hartu behar ez izatea.
Nola ikusten duzu pilota profesionala hamar urte barru?
Azken hamar urtean oso onak izan dira, baina egoerak harreman estua izango du pilotarien mailarekin. Izarrak dauden bitartean, Olaizolak, Irujo-ak... arazorik gabe. Orain, bi urtetan lau atzelari handi agertu dira: Albisu, Beroiz, Zabaleta, Merino II.a... horiekin hamar urterako badugu, eta nahiko nuke nik maila eta adin bereko lau aurrelari baleude, ez daduela. Teknikariek diotenez 16-17 urteko gazte onak datoz, eta agian belaunaldi horretan dago lekukoa. Baina lau aurrelari on agertzen badira, inolako arazorik gabe.
Zer gustatuko litzaizuke gertatzea hurrengo hamar urteetan?
Geografikoki ondo banaturiko izarrak behar ditu pilotak. Oso garrantzitsua litzateke izar bizkaitar bat egotea, ia ezinbestekoa, pentsa nolakoa zatekeen finala Bilbon bizkaitar bat tartean balego! Gipuzkoan besteren bat egotea... Ikusmina banatzea garrantzitsua da, ikuskizunaz gain sentimendua dagoelako, identifikazio sentimendua eta horretarako bikaina litzateke banaketa hori.
Ereduan aldaketa gutxi orduan.
Begira, funtseskoa litzateke pilotak tokia egitea Madrilen. Han sekulako merkatua dago, baina azpiegiturarik ez. Beti Jai berrituko dutela esaten da, eta lortuko balitz... ez diot 3.000 ikusleko pilotaleku bat, baina bai on bat, sekulako ikusmina sortzen duelako pilotak. Eskaera dugu han, Aspe eta Asegarcerentzat. Ni iaz egon nintzen merkatua aztertzen, eta arazoa azpiegitura zen. Nitro eta ETBren bitartez badakigu han jende askok jarraitzen duela pilota, eta Madrilen joan-etorrian dagoen jende kopurua ikusita, sekulako ahalmena du pilota ona erakartzeko.
Nolakoa da Aspe eta Asegarceren arteko harremanaz gaur egun?
Oso ona. Azken urteetan bikaina, eta garrantzitsua da hala jarraitzeak, norberak bere interesak defendatuz eta une jakin batzuetan eskutik joanda kirol hau errentagarri izaten jarraitu dezan.
Aspe eta Asegarce elkartuko al dira?
Hurrengo hamar urteei buruz galdetu berri didazu, bada epe horretan behintzat ezta inondik ere. Banatuta jarraitzea ona da, bere abantailak ditu.
Nolakoa da Asegarceren kirol unea? Azken urteetan Aspeko gehiago zela zirudien.
Egungoa, oso ona. Guk pilotari onena dugu, gero Bengoetxea behetik gora dator eta 28 urte ditu. Gero Berasaluze dugu, oso garrantzitsua Bizkaian jaialdiak antolatzeko eta ikuskizuna ziurtatzen duena. Horiek dira oinarria, eta atzean ere jende ona dugu: Albisuk bi urtetan bilakaera izaugarria izan du... Eta azpian gazte onak, eta teknikoek diotenez hiruzpalau urtetan izarra izan daitekeen baten bat.
Olaizola II.a-menpekotasuna egon al da?
Berak konpondu dituen emaitza asko izan ditugu, hori argi dago. Bera da enpresaren oinarria eta ona da beste pilotari batzuek zama hori arintzea. Olaizola II.a egon izan ez balitz bere ordez ez zen beste inor egongo, hori garbi dago.
Bengoetxeari kosta zaio finaletara itzultzea.
Bai, baina bide onetik doa. Ohitura batzuk aldatu ditu, prestatzaile berria du... bera da ilusio hori erakusten duen lehena eta fruituak jasotzen ari da. Bengoetxearen helburua finalak izan behar dira, eta maila horri eutsiko diola uste dut.
Zure adierazpen ezagunenetarikoa "Renove Operazioa" hasteko asmoa zenuela da. Nola doa?
Etengabe mantendu behar da. Atzelarien artean badugu jende gaztea, eta aurrelariei dagokioenez gazteek bi edo hiru urte barru zein maila hartzen duten ikusi behar da.
Otxandorenaren baja, eta Ruiz eta Argoteren lesioekin, eta Larunberen debuta zenbatuta, atzelari oso gutxi dituzue, eta binakako txapelketetarako zortzi behar dituzue.
Bai, agian. 2013-14rako beste atzelari pare baten debuta aurreikusten dugu. Txapelketarako ordezko pare bat ditugu: Iza, Mendizabal II.a, Zabala... Moldatuko gara. Hutsuneen eraginez partida gehiago jokatzen dituztenak oso pozik daude.
Iritzi zabaldua da azken urteetan Aspek gehiago asmatu duela gazteekin. Iritzi berekoa al zara?
Ez nago ados, ez dut hala ikusten. Gauza bat da kanpoan saltzen dena, baina Merino edo Zabaletaren mailan daude Albisu, eta Beroiz, berreskuratu duguna. Eta aurrean... Lehen Mailan jokatu dezaketela esaten den horien jarduna aztertuz gero, ikusi dugu 2. Mailako lau t'erdikoan kanpoan gelditu direla. Jendeak fitxaketa batzuk oso zorrotz begiratzen ditu, baina nik mahai gainean jartzen dudana zera da, ea horietako nor ari den Lehen Mailan jokatzen? Bat ere ez. Eta 2. Mailan jokatzeko: Saralegi, Olaetxea edo Arretxe II.a, beste aldetik [Aspetik] jartzen didazun edozeinen mailan daude. Ea zeinek egin duen Arretxeren tamainako lau t'erdikorik? Niri behin batek esan zidan bezala, 'Aizu, ni 2. Mailako txapeldun izan naizela', bada niri 2. Mailako txapeldun izateak, hilabete irauten duen lehia batean, ez dit balio, niri urte osoa begiratu iezadazu. Bi enpresei begiratuta ea zein gazte dagoen urte osoan maila onean? Bakarra dago, 27 urte ditu eta Bengoetxea VI.a da.
Arazoa aurrelarietan dago?
Bai, eta nik orain ikusten dudanarekin, izar handi handi izatera modukorik ez dut ikusten. Erne, Irujo edo Olaizola II.a baten maila diot, eta Lehen Mailakoak... ikusiko dugu. Izenak jarri daitezke mahai gainean, "Asegarcekoak baino hobeak", baina Bigarren Mailan jokatzeko nik ere baditut pilotariak. Zuk Arretxe, Saralegi edo Olaetxearen ibilbidea begiratu, eta zaleek oso gainetik egon daitezkeela uste duten Aspeko batzuekin alderatzen baduzu, ez dela hala ikusiko duzu. Gai hori lasaitasunez aztertu behar da. Fitxaketei buruz hitz egitean, izarrak izatera iristean aztertu behar dira, iristen badira, baina nik ez dut Albisu inorengatik aldatzen.
Olaizola I.ak jarraituko al du? Laster bukatzen zaio kontratua.
Oraindik ez dugu berarekin hitz egin, baina badugu asmoa eta mezua hurrengoa da: azken aldian oso ondo jokatzen ari dela.
KATE MOTZEAN.
"Lajos jokatzen ikustea izugarria zen"
Aurrelari bat? Aimar Olaizola.Atzelari bat? Ruben Beloki
Pilotaleku bat? Iruñea
Partida bat? Asko ditut. Ez dakit... Gaztetatik buruan grabatuta dut Retegi I.a-Gorostiza bat, finala, emozioarengatik eta Gorostiza irabazteko zorian egon zelako. Ikusle nintzen.
Pilota profesionalaren gauzarik onena? Eta txarrena? Ikuskizun onenetarikoa dela, jende asko erakartzen ari dena. Eta txarrena, zaila da, jende jakin baten ulermen eza. Irrati, hedabide eta telebista bidezko zale batzuen iritzia, pilotaleku bat inoiz zapaldu ez dutenak.
Palmaresari begiratzen al zenion? Ni 2. Mailako txapeldunorde izan nintzen, eta nahiko nuke txapel gehiago izatea. Baina harro nago urte asko Lehen Maila jokatu izanaz eta segur asko inoizko atzelari belaunaldi onenarekin. Lehen Beloki izendatu dut, baina gehien harritu nauen atzelaria Julian Lajos izan zen, haren aurka jokatzea izugarria zen.
Pilotalekuan sartu, eta "hori Salbidea da, Asegarcekoa" entzun duzu... Naturaltasunez. Erakusleihoan zaude, eta batzuentzat jatorra zara eta beste batzuentzat ez, baina aurreiritziak dira.
Dopinik ba al da pilotan? Nik ez dut ezagutu. Jendeak kontrakoa uste arren, urtero notariopean sinatzen diren kontrol jakin batzuk daude, ezaguzten ez ditugunak eta ez du inork positibo eman.
Pilotari izan ez bazina? Pilotari garaiko azken urteak marka bateko lan komertzialarekin uztartu nituen eta segur asko hor jardungo nuen. Lan komertziala eta harreman publikoak beti gustatu izan zaizkit.
Seme edo alaba batek pilotari izan nahiko balu? Ni pozik, baina bi seme ditut eta inork ez du bide hori hartu.
Finalerako pronostiko bat? Gaur egun oso zaila da Olaizolari irabaztea, baina Bengoetxea gogotsu dago. Apustuak Aimarrekin daude, baina ezustekoa egotea ez litzaidake inportako, dena etxean geldizten delako.