Izarrak dir-dir egiteko prest dira

Datorren astean hasiko da NBA. Munduko saskibaloi ligarik onenak milioika begirada bereganatzen ditu urtero, Kirolaz haratago doan ikuskizuna emateko prest dira beste behin.

NBAra iristen diren gazteek beti sortzen dute ikusmina. Sasoi honetan izen bat nabarmendu da: Victor Wembanyama. ADAM DAVIS / EFE.
inigo lasa fresneda
2023ko urriaren 20a
00:00
Entzun
NBA bueltan da. Urriaren 25ean itzuliko dira saskibaloi izarrak AEBetako saskibaloi kantxetara, eta apirilaren erdialdera arte zaleak telebistari katigatuta izango dituzte. Partida askoko liga da, eta, txapelduna zein izango den jakiteaz gain, aurtengo denboraldiak ere hamaika arreta gune izango ditu. NBArekin ez dago aspertzerik.

DENVER NUGGETS
Bigarrena nahi dute

Aurreko sasoian altxatu zuen estreinako aldiz Larry O`Brien garaikurra Denverreko frankiziak. Aurreneko aldiz irabaztea gutxi ez, eta orain bigarrena eskuratu nahi dute erreskadan. Ikusgarri ibili ziren sasoi osoan, ez zuten ahultasun seinalerik eman. Faborito nagusiak ez diren arren, kalitate faltarik ez du Michael Malonek zuzendutako taldeak: Jamal Murray, Nikola Jokic, Aaron Gordon, Michael Porter Jr... Nuggetsen bizkarrezurra dira horiek, eta talde jokalari onez inguratuz gero, zeresana emango dute berriro ere Jokicek eta enparauek. Bigarrenarekin egiten dute amets jada.

HAUTAGAI NAGUSIAK
Bucks eta Celtics, adi

Milwaukee Bucks eta Boston Celtics dira NBA irabazteko bi hautagai nagusiak, aditu askoren ustez. Massachusettseko taldea ligako loriatsuena da, Los Angeles Lakersekin batera. Baina hamabost urte daramatzate garaikur preziatua altxatu gabe. Iragan sasoian ondo baino hobeto aritu ziren fase erregularrean, baina kanporaketetan behera egin zuten nabarmen. Aho zapore garratz hori kentzen ahaleginduko dira.

Giannis Antetokounmpo du Milwaukeek, eta Bostonen antzera aurreko sasoiko arantza ateratzeko asmoarekin kantxaratuko da. Orain dela bi denboraldi txapeldun izan arren, azken bi urteotan ez dira espero bezain ondo ibili kanporaketetan. Aurreko sasoian kolpe gogorra jaso zuten, fase erregularra aurreneko postuan amaitu arren, txapelketatik kanpo gelditu baitziren lehen kanporaketan. Greziako pibotaren gidaritzapean, berriro ere gorenera itzultzen saiatuko da denboraldi honetan Bucks.

JOKALARI GAZTEAK
Wembanyama, fokupean

Ikusmin handia sortzen da jokalari gazteen debutekin NBAn, eta oraingoan, zalantza izpirik gabe, Victor Wembanyama gaztearengan dago arreta guztia ipinita. Drafteko lehen postua lortu zuen, eta datorren astean egingo du debut ofiziala San Antonio Spurs taldearekin. Aro berri bat hasiko duen jokalaria dela uste dute askok eta askok. Etorkizunean, ligako jokalaririk onena izatera helduko dela uste da, dohainez betetako jokalaria baita. 19 urteko frantziarrak 2'24 metro neurtzen dituen arren, mugikortasun handia du, eta oso ondo moldatzen da baloiarekin. Bertute horien nahasketaren emaitza da Wembanyama gaztea. Halere, belaunaldi horretan ere badira beste izen propio batzuk. Brandon Miller, Scoot Henderson eta Amen eta Ausar Thompson bikiak ere gertutik kasu egin beharreko jokalariak dira.

ERREKORRAK
40.000 puntuen langa

Inon errekorrak behar bezala ospatzen badira, hori NBAn da. Joanden sasoian erdietsi zuen Lebron Jamesek NBAko saskiratzailerik onena izatea, baina Los Angeles Lakersko izarrak beste erronka bat du orain: 40.000 puntuen langa gainditzea. Gaur-gaurkoz, 38.652 lortu ditu; hau da, 1.348 falta zaizkio marka hori hausteko. Puntu asko diruditen arren, aurreko denboraldian ia 1.600 sartu zituen.

Izena letra larriz idatz dezaketen beste izar batzuk ere badira. Esaterako, Russell Westbrooki bi norgehiagoka falta zaizkio 200 hiruko bikoitz lortzeko. Westbrook onenak emanda dago jada, baina marka oso gertu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.