Izarraitz bete ikuskizun

Aizkorako eta harri-jasotzeko bost final jokatuko dituzte bihar Azpeitian. Atutxa, Vicente eta Larrañagaren artekoak piztu du ikusmin handiena

Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Herri kirol zaleek gogobeteta geratzeko moduko eguna izango dute bihar Azpeitian (Gipuzkoa). Goizeko hamabietan hasita (ETB1), bost final jokatuko dituzte Izarraitz pilotalekuan: aizkoran hiru, eta harri-jasotzean bi.

Urrezko Aizkolarien banakako finalak bereganatuko du ikusmin handiena. Aitzol Atutxa dimoztarraren, Iker Vicente otsagabiarraren eta Mikel Larrañaga azpeitiarraren arteko dema izango da. Nekez egon daiteke parte hartze hoberik. Maila nagusiko banakako azken finalean aurreneko hiru postuetan sailkatutako aizkolariak dira: txapeldun izan zen Atutxa II.a, txapeldunorde Vicente eta hirugarren Larrañaga.

Faborito argirik ez dago. Ustez, Atutxa II.aren eta Vicenteren artean egon beharko luke txapeldunak. Atutxa II.a iragana eta oraina da. Sekulako garaipen zerrenda du: lau aldiz jarraian izan da maila nagusiko txapeldun, eta sei bider jantzi du binakako txapela, besteak beste. Bitan irabazi du Urrezko Mailakoa, duela bi urte eta iaz. Beraz, hirugarren garaipena eskuratu nahi du jarraian. Espero baino gehiago kostatu zaio aurten finalerako sailkatzea. Larrañagak aurrea hartu zion finalerdietan, eta, horren ondorioz, kale edo baleko kanporaketa jokatu behar izan zuen Ugaitz Mugertzaren aurka. Bigarren aukeran, ordea, ez zuen huts egin.

Vicente, berriz, oraina eta etorkizuna da. Hainbat txapel irabazi ditu jada, baina inoiz ez maila nagusiko banakakoa. Denbora kontua dirudi, hala ere. Aurten, arrakastaz arrakasta dabil. Martxoan, binakako txapela jantzi zuen Ruben Saralegirekin, eta apirilean, apustu handia irabazi zion Xabier Orbegozo Arria V.a-ri. Urrezko Mailakoan, berriz, nagusitasunez irabazi zuen finalerdia. Iaz bigarren izan zen, eta orain koska gorenera egin nahi du jauzi.

Haiek baino garaipen zerrenda askoz apalagoa du Larrañagak, baina azpeitiarrak salto egin du. Maila nagusiko banakako azken hiru finaletan lehiatu da, eta azken bietan hirugarren sailkatu da. Urrezko Mailako finalerdietan ezustea eman zuen, Atutxa II.ari nagusituta. Inoiz ez zen sailkatu finalerako, eta emaitza horrek sekulako indarra eman dio. Etxekoen aurrean, goia jo nahi du.

Sei lan egin beharko dituzte finalean: enbor bat kolpeka moztu; beste bat erlojuaren aurka; beste bat zeinek azkarrago; beste bat tente; bana tente eta etzanda; eta bost enbor ebaki, kana-erdiko eta 60ko bina eta oinbiko bat.

Urrezko Mailakoa ez ezik, gazte mailako bi final ere jokatuko dituzte. 23 urtez azpikoan, Joxean Etxeberria baztandarra eta Julen Larrea barakaldarra ariko dira, eta 19 urtez azpikoan, Xuban Kañamares arostegiarra eta Unai Zabala leaburuarra.

Emakumezkoak, lehen aldiz

Harri-jasotzeak ere izango du tokirik. Binakako bi final jokatuko dituzte. Xabier Peña aizarnazabaldarra eta Imanol Albizu elgoibartarra Imanol Illarramendi Kortaberri aiarraren eta Mikel Lopetegi Urra zarauztarraren aurka ariko dira batean; eta Idoia Etxeberria oriotarra eta Karmele Gisasola mallabitarra Julia Martinez eta Raque de la Calle espainiarren aurka bestean. Emakumezkoak txapelketa honetan lehiatuko diren lehen aldia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.