Izar batek soilik egingo du distira

Imanol Lopezek eta Aritz Erkiagak buruz buruko finala jokatuko dute gaur, Mendibarrenen. Gabon garaian tokatu zaie lehiatzea, baina «tentazioan gehiegi erori gabe» gozatu dute egun hauetako otorduez, betiere burua txapelketan dutela.

Aritz Erkiaga, pilota itzuli berritan, Jokin Arberen aurkako finalerdian. MIKEL PLAZA.
Iñaki Fernandez Guridi.
2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Aski ezagunak dira Imanol Lopez (Zumaia, 1984) eta Aritz Erkiaga (Ispaster, 1987): batzuetan bikote, beste batzuetan aurkari. Elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak gaur gauean, Berriatuko (Bizkaia) Mendibarren pilotalekuan, buruz buruzko txapela lortzeko (21:00). Biek ala biek asko dute eskaintzeko: gipuzkoarrak hirugarren txapela lortu gura du, eta bizkaitarra, berriz, bigarrenaren bila joango da. Irabazten duenak irabazten duela, aise gozatuko du Mendibarren frontoira gerturatuko den orok.

Guztira hamalau pilotarik parte hartu dute buruz buruko txapelketan hilabete baten buruan, iazko txapelketan baino gehiagok. Nahiz eta Erkiagak faborito etiketarekin hasi zuen txapelketa, ez zuen hasiera erraza izan: «Ez nintzen finalean ikusten. Aurkari oso gogorrak izan ditut bidean, eta ez nintzen gai ikusten. Baina Berriatuko frontoian beste joko mota bat egin behar denez, oso ondo etorri zait; indarra baino, teknika behar da gehiago. Partidak jokatu ahala, konfiantza hartzen joan naiz, eta hobera egin dut».

Adinak ez dio barkatzen Lopezi, eta fisikoki puntu bat beherago egon dela nabaritu du: «Animoz oso ondo sentitu naiz, hasieratik; fisikoki, ordea, justuago, 37 urte baitauzkat. Gainera, gainontzekoek baino gorputz handiagoa daukat, eta nire fisikoa ez da aproposena Berriatuko frontoi txikian jokatzeko. Baina banakakoan asko disfrutatzen dut, eta oraingoan ere horrela izan da. Lekerika eta Ladutxe utzi ditut atzean, eta horrekin gelditzen naiz. Finala jokatzeko irrikan nago».

Erkiagaren kasuan, finalera heltzeko azken pausoa ez zen batere erraza izan. Finalerdietan Jokin Arbe iazko txapeldunarekin egin zuen topo, eta amaierako emaitza bere alde izan baldin bazuen ere, Arbek «min handia» egin zion sake eta erremateekin. «Horrek asko zaildu zidan sailkatzeko». Haren ustez, gakoa «hirugarren setean erritmoa mantentzea» izan zen.

Turroia atarikoan

Azken partidak Gabonetako oporretan egokitu zaizkie jokatzea. Jakinekoa da garai hauetan hamaika bazkari eta afari izaten direla, baina biek egoki neurtu dituzte jan beharrekoak. «Ospakizunak familia artean egin ditut, bazkari zein afariak zainduz. Entrenatzeko denbora ere izan dut. Denetik jan dugu, baina tentazioan gehiegi erori gabe», azaldu du Erkiagak.

Lopezek ere azalpen berbera bota du: «Mugatuta egon naiz pixka bat, baina goi mailan lehiatzeak sakrifizio txiki bat eskatzen du. Dena den, festaz gozatzeko aukera izan dut, betiere burua lehiaketan sartuta dudala».

Erkiagak, berriz, 15 urte zeramatzan Gabonak Euskal Herrian igaro gabe. 2006az geroztik, lehenengo aldiz bueltatu da etxera; izan ere, Floridan (AEBak) lehiatzen aritu da. «Ederra izan da berriz etxera bueltatzea. Familia giro gehiago dago», aitortu du.

Ondo ezagutzen dute elkar, baina bataren zein bestearen jokatzeko moduak desberdinak dira. Lopez indartsuagoa da, baina Erkiagak teknika handiagoabeharko du gaur gauean: Finalean Lopezen indarra ez da nabarmenduko hainbeste, ez baita frontoi luzea. Horregatik, irabazteko aukera handiagoa dudala uste dut. Zalantza badut ea nola jokatu duen, baina finalaren gidoia lehenengo bost tantoetan ikusiko da», esan du bizkaitarrak.

Gipuzkoarrak, ordea, badaki nola aurre egingo dion: «Denok dakigu zer kalitate duen Erkiagak. Haren punturik ahulenak aprobetxatu gura ditut, nahiz eta gutxi dituen. Gauzak ondoen egiten dituenak eramango du txapela etxera». 2017ko finalean egin zuten topo azkenekoz, Bilbon. Lopezek lortu zuen txapela.

Azken hilabetetan COVID-19aren bilakaerak okerrera egin du, eta Erkiagak ezin izan du gaitza ekidin: «Positibo eman nuen azaroan, Mexikon jokatutako Munduko Txapelketatik itzulitakoan. Behin gaixotasuna gaindituta, Olaranen aurka jokatu ostean oso nekatuta sentitu nintzen. Gimnasioan zein frontoian orduak sartu ditut, eta dagoeneko indarberrituta nago». Lopezek birusa saihestu du, baina bere egunerokoan lana gehitu zaio: «Ostalaria naiz, eta inoiz baino lan gehiago egin behar izan dugu».

Txarrenari onena

Azaro amaieran itxi zuten Floridako Dania Jai Alai pilotalekua, 68 urteren ondoren. Erkiagaren ustez, aurreikusita zegoen itxi egingo zutela. «Baina ez nuen espero hain azkar itxiko zutenik». Dena den, «txarrenari ona ateratzea komeni da: bertako pilotari guztiak hemen izango dira, eta baliteke horrek bultzadatxo bat ematea zesta puntari Euskal Herrian. Orain da momentua apustu egiteko». Erkiagak zein Lopezek «osasuna» eskatzen diote urte berri honi, «zesta puntarentzat eta guretzat». Aste gutxi barru albiste onak jasoko dituztela uste dute biek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.