Izaera ez da kasualitatea

Mikel Landa eta Beñat Intxausti fitxatuta, hurrengo urtean Euskal Herriko bost txirrindulari elkartuko dira Skyren egituran. Xabier Artetxe taldeko prestatzaileak ukatu egin du espresuki euskal merkatura begira ibili direla, baina goratu egin du euskal txirrindularien berezko gaia.

SKY.
unai zubeldia
2015eko urriaren 6a
00:00
Entzun
«Kasualitatea da». Xabier Artetxek (Larrabetzu, Bizkaia, 1978) badaki zeri buruz ari den hizketan. «Ez dut uste Sky ezkutuko arrazoiren batengatik ibili denik euskal merkatuan bila. Txirrindulari onak dira biak». Mikel Landa eta Beñat Intxaustiri buruz hizketan ari da bizkaitarra. Xabi Zandio, David Lopez eta Mikel Nieve iritsi ziren lehenengo Skyra, 2011n, 2013an eta 2014an, hurrenez hurren; eta Landak eta Intxaustik eurekin bat egingo dute 2016an. Euskal kutsu argia hartzen ari da Chris Froome buru duen taldea. Bost euskal txirrindularien ondoan jarri beharrekoak direlako Artetxe bera, prestatzaile lanetan, eta Iñigo Sarriegi beasaindarra, mediku lanetan —ondo bidean, beste fitxaketa bat ere egingo du, laster, taldeak—.

Banaka-banaka aztertzen hasita, Artetxek gogoan dauka «Rigoberto Uranekin batera» iritsi zela Zandio taldera. «Kolonbiarrari babes pixka bat emateko helburuarekin». David Lopez fitxatu zuten gero. «2012 amaieran Caisse d'Epargnetik kanpo gelditu zelako». Nievek bat egin zuen gero bikoarekin. «Euskaltel-Euskadiren aroa amaitu ondoren», 2013an. Eta Landak eta Intxaustik osatuko dute bostekoa. Zer lortu nahi du, ordea, Skyk bi txirrindulari horiekin? «Etorkizunean itzuli handi bat irabazteko hautagaia da Landa». 2016an Giroa izango da bere erronka, eta, taldez aldatuta, murgiarrak heldutasunean «koska bat gora» egin dezakeela uste du larrabetzuarrak. «Taldekideak bete-betean ariko dira bere alde lanean».

Landaren ondoan, Skyko prestatzaileak goratu egin du Intxaustiren kalitatea ere. «Beti egon izan da onenen artean, bai astebeteko itzulietan eta bai World Tourreko sailkapenean». Astebeteko itzuli horietan «onena» emateko eskatuko dio Skyk. «Podiumean sartzeko edo irabazteko borrokan egotea»; lehiakorra izatea. Eta taldeburuaren alde lan egin beharko du itzuli handietan. «Taldeburu argiak daude Skyn, eta Intxausti mugatuago egongo da bere emaitzen alde apustu egiteko. Babesean joan ahal izango du, agian, baina ez da izango taldeburua». Chris Froome, Geraint Thomas, Mikel Landa, Leopold Koenig... Horiek guztiak zerrendatu ditu Artetxek Skyko taldeburu gisa. «Hori bai, oso txirrindulari gutxi dira gai Intxaustik mendateetan gora egiten duen lana egiteko».

Deigarria da egoera, Dave Brailsfordek, taldeko managerrak, oso gertutik zaindu dituelako Izagirre anaiak ere. «Baina Movistarrekin kontratua berritu zuten biek. Egitura horretan dago Jonathan Castroviejo ere». Txirrindularitzaren aro moderno honetan, horiek guztiak Skyrentzat «txirrindulari interesgarriak» direla aitortu du Artetxek. «Eta atzetik iristen ari dira Omar Fraile bera, Peio Bilbao, Imanol Estevez, Alex Aranburu... Horiek ere, ziurrenik, Skyren zaintzapean egongo dira berandu baino lehen». Artetxeren hitzetan, «ezer berririk sortu ezean», Euskal Herrian ez dago aukerarik aurrera egiteko. «Eta, gaur egun, ezinbestekoa da atzerrira joatea».

Ingelesarekin, betiko ezina

«Kasualitateari» beste koxka bat estututa, ordea, «euskal txirrindularien izaera» hartu du hizketa gai larrabetzuarrak. «Langileak gara, den-dena ematen dugu taldearen alde, ez dugu arazorik sortzen...». Artetxeren hitzetan, gehienetan komunikazioan izaten dituzte arazo handienak. «Egungo hezkuntza ereduarekin, zoritxarrez, ingelesaren jakintza oso onik ez daukagulako. Baina, hala ere, oso-oso pozik daude Euskal Herriko txirrindulariekin». Kasualitateari izaera gehituta, beraz, Skyk Iruñean sortu du taldearen hiru guneetako bat. «Zandio, David Lopez eta Nievez gain, Euskal Herrian bizi dira Henao lehengusuak —Sergio Luis eta Sebastian— eta Vasil Kirienka ere». Eta egitura hori egonkortze aldera fitxatu zituen Skyk Artetxe eta Sarriegi. «Gurekin komunikazioa zuzenagoa eta erosoagoa delako». Horregatik eman zioten bizkaitarrari multzo horren prestaketaren ardura.

Larrabetzuarrak argitu du taldeak «Monako-Niza inguruan» daukala bigarren egitura. «Txirrindulari asko bizi dira han, eta taldeak etxe bat ere badauka han». Eta Manchesterreko gunea da hirugarrena, taldearen berezkoa. Prestatzaileak azaldu du «kalitatearen izenean» Skyk garrantzi handia ematen diola «gertutasunari, komunikazioari eta eguneroko lanari». Eta bide baten ondorio dira, beraz, Skyren azken bi fitxaketak.

Taldeak egituraren herena Iruñean kokatu izana «ona» da bertako euskal langileentzat ere, noski. «Bai, bai; ez dugu ukatuko. Etxeko zenbat eta txirrindulari gehiago eduki, orduan eta erosoago lan egiteko aukera izaten da, eta, nahi edo ez, ezinbestekoago bihurtzen da norberaren lana ere». Artetxeren kontratuan ez da ageri epemugarik. «Eurek ez dute sinesten urte kopuru zehatzetan. Gauzak ondo eginez gero, epe luzerako nahi izaten dute jendea, baina ikusiko dugu». Pasio handiarekin ari da lanean. «Eta Euskal Herriko txirrindularientzat eta langileentzat ere ona da merkatua zabaltzea eta kanpora begiratzea, kanpoan dezente begiratzen diotelako Euskal Herrian txirrindularitzaren alde lanean ari garenok egiten dugunari».

«Landa eta Intxausti fitxatu edo ez pentsatzen hasi zirenean, beste hainbat izen ere edukiko zituzten zerrendan», hasi du hausnarketa bizkaitarrak. «Baina itzuli handi bat irabazteko eta lan handia egiteko hautagaiak izateaz gain, ondo inguratuta egongo dira biak. Harreman ona daukate Nieve, Zandio eta David Lopezekin. Ezagutzen dute jendea, babestuta sentituko dira, eta horrek lagundu egingo die egokitzen».

Nazioarteko atea, irekita

Caja Ruralen eta Movistarren zailduta, «nazioarteko atea» irekitzeko erronka zeukan Artetxek. Onartu du eskaintza jaso zuenean «beldur pixka bat» sentitu zuela hasieran. «Baina ezinezkoa zen ezetz esatea». Larrabetzuarrak beti eduki izan du buruan atzerrira joatea. «Nola lan egiten duten bertatik bertara ikusteko». Kirol zientzietako oinarria barneratuta dauka aspalditik. «Eta azkenaldian herrialde anglosaxoietan egin dute ikerketa gehien txirrindularitzaren fisiologiaren inguruan; australiarrek, ingelesek, estatubatuarrek». Txirrindularitza, kultura aniztasuna eta kirol zientziaren harrobia. «Denak bat egin zuen Skyk eskaintza egin zidanean». Eta aurrera egin zuen. «Beti dagoelako denbora pauso bat atzera emateko».

Skyrena Euskal Herrira ekartzeko «proiektu ederra» litzatekeela uste du Artetxek. «Azken sei urteotan hiru aldiz irabazi dute Frantziako Tourra, eta garrantzitsua da hori. Baina azkenaldian federatuen kopurua maila harrigarrira iritsi da, eta hori saltzen dute eurek». Talde profesionala «aitzakia» da txirrindularitzaren inguruan giro berezia sortzeko. «Gero eta jende gehiago ibiltzen da bizikletan, jendeak bere sentitzen du kirol hau, irudi ona dauka... Denak elkarren ondoan daude, sinergiak bilatzen dituzte, eta lotura handia daukate euren artean».

Eusky, Skytel... Euskal zaleak jolasean hasi dira, jada, Skyn elkartu diren Euskal Herriko bost txirrindulariekin. Iruñean egitura sendotuta, ate txiki bat irekitzen ari zaie euskal txirrindulariei. Izatez, ez da irtenbidea euskal txirrindularitzarentzat, egitura eta oinarri sendoagoak behar direlako garai batean Euskaltel-Euskadi izan zen hartara gerturatzeko. «Baina Skyn jorratzen ari garen bidea beste hainbat euskal txirrindularirentzat lagungarri izatea espero dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.