Frantziako Tourra. Josean Fernandez 'Matxin'. UAE Emirates taldeko zuzendaria

«Izaera erasokorra duen talde bat gara, eta hori ez du ezerk ere aldatuko»

2020ko Tourra Pogacarren eskutik irabazi zuen UAE taldeak, eta garaipena berritzen saiatuko da orain. Presioa ez, «konfiantza» dutela nabarmendu du Josean Fernandez 'Matxin'-ek. Garaipenaren lehia ez du esloveniarren buruz burukora mugatzen.

UAE.
enaut agirrebengoa
2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Frantziako Tourrean bigarren garaipena kateatu nahi du UAE taldeak, eta, horretarako, goi mailako zortzikoa osatu du Josean Fernandez Matxin-ek (Basauri, Bizkaia, 1970). Liderra, nola ez, Tadej Pogacar izango da, iazko irabazlea. Orain dela urtebete baino ziklista hobea dela azaldu du zuzendariak, «eskarmentu» nahiz «errendimendu» aldetik.

Urduritasunez bizi dituzu Tourra hasi aurreko momentuak?

Urduritasunez baino gehiago, arduraz esango nuke, eta arreta guztia datorrenean jarrita. Oso lan ona egin dugu hilabete hauetan guztietan, eta orain, dena errepidean taularatzeko garaia da. Plangintza egina dago jada, baina oraindik buruari eragin behar zaio, logistika kontuekin, estrategiari dagokionekin...Pertsonalki, sentsazio onekin helduko naiz Tourrera, taldea maila emateko prest ikusten baitut.

Erronka handia izango duzue: maillot horia defendatzea. Irabaztea baino zailagoa da?

Garbi dago aurtengo erronkak zailtasun maila handiagoa duela, mundu guztia guri begira egongo delako. Aurten, ezingo dugu inor ezustean harrapatu. Bestelakoagertoki batean jardun beharko dugu. Edonola ere, ez dugu presioa sentitzen, konfiantza eta ardura baizik. Egunez egun joango gara, bukaerako emaitzarekin itsutu gabe. Izan ere, gutxien espero denean gerta daitezke gauzak. Arreta etapa bakoitzean jarri behar dugu. Baina bai, garaipena berritzeko nahia eta ilusioa dugu.

Denen begiradapean egongo zaretenez, aldatu egingo da zuen jokabidea? Alegia, kontrola ausardiaren aurretik jarriko duzue?

Gakoa egoera bakoitzera egokitzea da. Hemen kontua ez da ero-eroan erasoka aritzea. Iaz ere ez genuen hala egin. Erasoa une egokian egin behar da. Eta batzuetan, kontrol lana egin behar izaten da, saihetsezina da. Hori bai, garbi dago talde honek nortasun eta identitate propioa dituela. Izaera erasokorreko taldea gara, eta hori ez du ezerk aldatuko. Gure ideiei leial izaten saiatuko gara. Beste taldeek nola jokatzen duten? Hori ez da gure ardura.

Talde gisa, Ineosen eta Jumbo Vismaren parean zaudete?

Alderaketak ez zaizkit batere gustatzen. Uste dut guk sekulako taldea dugula sailkapen nagusiaren lehian aritzeko. Tadej [Pogacar] maila handiko ziklistez egongo da inguratuta. Ineosek eta Jumbok ere sekulako taldeak dituzte. Gu baino indartsuagoak diren? Ni hor ez naiz sartuko. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta bere korritzeko era. Guk erasoaren bidetik irabazi genuen iazko Tourra, azken urteetako joera iraulita. Baina horrek ez du esan nahi Ineosek, adibidez, erasokor jokatzen ez dakienik. Begira, bestela, zer egin zuten iazko Giroan, Thomas erori eta erretiratu ostean.

Askok Pogacarren eta Roglicen arteko beste buruz buruko bat espero dute. Esloveniarren arteko lehiara mugatuko zenuke zuk garaipenaren borroka?

Ez, inondik inora ere. Akats handia litzateke soilik Roglicen gurpilari begiratzea. Ineosek baditu aurrean egon daitezkeen lau txirrindulari, Movistarrek Enric Mas eta Miguel Angel Lopez ditu... Aurkariekiko errespetuz jokatu behar dugu. Roglic ez da gauza handiak egin ditzakeen kontrario bakarra. Sekulako maila egongo da, eta zentzugabea litzateke erreferentzia gisa txirrindulari bakarra hartzea.

Gauzak nahieran ari zaizkizue ateratzen azken bi denboraldietan. Nonahi ari zarete lortzen garaipenak. Haatik, Itzulia ezin izan zenuten irabazi, azken egunean kale egin eta gero. Irakaspen gisa balio izan zizuen?

Gehiago ikasten da gaizki egindakotik, beraz, bai, Itzuliak ikasteko balio izan zigun. Ez zen samurra izan lidergoa azken etapan galtzea. Gure erabaki batzuk ez ziren egokienak izan. Ni, halere, Pogacarren jarrerarekin gelditzen naiz: lasterketa irabazteko moduko hankak zituen arren, ez zion muzin egin McNultyren alde lan egiteari, hark baitzuen lidergoa. Txalotzekoa da bera bezalako txapeldun bat halako prestasunez lan egiten ikustea.

Nolako aldartez helduko dio Tourrari?

Lasai eta konfiantzaz iritsiko da. Oso mutil orekatua da, eta presioak ez du itotzen. Gainera, aurten lortutako emaitzen bermea dauka: Arabiar Emirerrietako itzulia, Tirreno Adriatiko, Lieja-Bastogne-Lieja eta Esloveniako itzulia irabazi ditu. Egia da Esloveniako txapelketan ez duela horren emaitza onik lortu, baina lasterketako egoeraren ondorioz izan da. Ez da sasoi kontua izan.

Iaz baino txirrindulari hobea al da orain?

Bai. Alde batetik, eskarmentu handiagoa du orain. Mutil zentzuduna da, baina esperientziak handitu egiten du egoera jakin batzuei aurre egiteko gaitasuna. Bestetik, errendimendu aldetik ere hobea da orain. Hori diote datuek. Horrek ez du esan nahi aise irabaziko duenik. Hau ez da matematika, eta aldagai asko hartu behar dira kontuan. Adibidez, iaz etenda gelditu zen haize babes batean, zulatua izan ondoren. Halako egoerak kontrolatzea ezinezkoa da. Baina bere esku dagoena ongi egiten badu, aukera asko izango du berriz aurrean egoteko.

Aurten bi erlojupeko lau egingo dira. Hori oztopo bezala ikusten duzue?

Iazko azken erlojupekoan ikusi zena ikusita, pentsa liteke Tadeji hobe doazkiola kronoigoerak, saio lauak baino. Gainera, badira ordekan oso ongi moldatzen diren aurkariak. Baina, tira, hau da dugun ibilbidea, eta ez zaio buelta gehiago eman behar. Gainera, oso luzea da Tourra, eta aldeak ez dira soilik erlojuaren kontra sortuko. Etapaz etapa joango gara, egoera bakoitzean ahalik eta erantzunik onena emateko asmoarekin.

Zeintzuk izan daitezke etaparik erabakigarrienak?

Aste bakoitzak bere gakoak izango ditu. Aurrenekoan, kontuz ibili beharra dago haizearekin eta etapa bukaerako urduritasunarekin. Ezbeharrak saihestu behar dira. Horrez gain, ezin daiteke hutsik egin erlojupekoan eta mendiko lehen etapetan. Hasieran, lasterketa ez galtzea da garrantzitsuena. Irabazteko aukerak, beti bezala, bukaerako etapetan egongo dira. Beti arnasten da giro berezia egun horietan. Gogortasun handiko etapak izango dira, indartsuenek bere legea ezartzeko modukoak.

Hiru hamarkada daramatzazu zuzendari lanetan. Tourra da zirrararik handiena eragiten dizun lasterketa?

Egia esan, nahiko pragmatikoa naiz, eta ez naiz lasterketa bakarrarekin itsutzen. Horren ordez, nahiago dut arreta unean uneko erronketan jarri. Garbi dago Tourra lasterketa berezia dela, baina egutegia bere osotasunean hartzen dut kontuan. Munduko talderik onena izan nahi dugu, eta horretarako, ez da aski Tourra irabaztea. Hori bai, bultzada handia emango liguke Tourrean bi garaipen kateatzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.