Saskibaloia

Ivanovic, berpizkundea gidatu duen mitoa

Baskonia noraezean zebilen, eta hura indarberritzeko gai izan da Dusko Ivanovic; bolada bikainari eustea du orain erronka. Virtus Bologna izango du aurkari gaur (20:30).

Baskonia Dusko Ivanovic
Ivanovic, Monekeri aginduak ematen, Partizanen aurkako partidan. ADRIAN RUIZ / EFE
pettan uralde
2023ko abenduaren 14a
05:00
Entzun

Zazpi garaipen eta porrot bakarra Euroligan, eta lau garaipen eta hiru porrot ACB Ligan. Horiek izan dira Dusko Ivanovic Baskoniaren aulkira itzuli denetik lortutako emaitzak. Argia da aldaketa. Ia 30 urtez Radio Vitorian eta beste hainbat komunikabidetan Baskoniaren ahotsa izan da Rafa Muntion (Orozko, Bizkaia,1957), eta biziki ondo ezagutzen du Ivanovic, elkarrekin hainbat bizipen partekatu baitituzte. Esatariaren arabera, «taldeak azkar berpizten aditua» da Balkanetako entrenatzailea.

«Egitateak dira. Orain Baskonian, baina Izar Gorrian ere halaxe egin zuen aurreko denboraldian. Orain ikusi behar da zer gertatzen den luze gabe». Estereotipo ugarik inguratzen dute Ivanovic, baina Muntionek adierazi du ez dela betiko entrenatzaile bera. «Jende asko mende hasierako Duskorekin geratu da, eta uste dute haren sarjentu metodoa zaharkituta dagoela. Ez da, baina, 'ez dago minik'», edo 'ez dago nekerik' esaldiekin lotu izan den Dusko bera».

Betiko esaldiei ihes egin gabe, hainbat aldaketa sumatu ditu Muntionek Ivanovicen jarreran. Esatariak dio agian orain «permisiboagoa» dela. «Asko bidaiatu dut harekin lehen urteetatik. Orain, prentsaurreko batean 'jokalariak nola osatzen diren ikus dezagun' esaten entzuten diodanean, ezin dut sinetsi. Duela hamabost urte ez zukeen edonola ere esango. Klixe batzuk hark esandako esaldiekin eraiki dira. Jokalariez oso ondo hitz egiten du, baina oraindik ez die ihes egiten honelako esaldiei: 'Hemen denok berdinak gara', 'hemen borrokatu egin behar da' edo 'bostekin partidak irabazten dira'. Badakigu haren esaldiak direla, baina ez da hain inozoa. Orain, egia da zerbait aldatu dela. Inoiz hitz egin dut horretaz berarekin, ulerkorragoa izatearekin. Agian orain gehiago izango da, ezta? Jokalariak eskertuko du, seguru».

Ivanovic iritsi zenean, gain behera zihoan talde bat aurkitu zuen. Konfiantzarik gabe, eta joko erritmo apalarekin. Muntionek azaldu duenez, orain, ordea, «harengan sinesten duten jokalariak» ditu. «Badaki beste entrenatzaile batzuek baino metodo zailxeagoa duela, ez hobea, ez txarragoa, baina beste entrenatzaile batzuek baino zailxeagoa. Baina, azkenean, irabazten badu, jokalaria pozik egongo da. Jokalariek itsu-itsu sinisten dute harengan. Uste dut oraintxe bertan ondo batuta daudela. Nik askotan esan dut: Duskok akatsak ditu, mundu guztiak bezala, baina Dusko asto batekin Grand National zaldi  lasterketan jartzen duzu, eta ez da azkena geratzen. Astoari onena dela sinetsaraziko dio. Ez du irabaziko, baina ez da azkena geratuko».

«Askotan esan dit jokalari batzuek ez dutela etorri nahi, bera dagoelako. Baina badira harengatik etorri nahi duten jokalariak ere. Izan ere, jokalari bikain batzuentzat, Dusko izan da onena. Racocevici, Scolari, Prigioniri eta Nocioniri buruz ari naiz».

RAFA MUNTIONKazetaria

Baina montenegroarrak beti egin behar izan du joera jakin baten aurka, Muntionek berretsi duen moduan. Jokalari asko ez daude prest haren eskakizunei erantzuteko, eta Baskoniaren aurtengo taldean bazeuden hainbat jokalari profil horretakoak. Denborarekin argi utzi du, ordea, denak sintonia berean daudela. «Askotan esan dit jokalari batzuek ez dutela etorri nahi, bera dagoelako. Baina badira harengatik etorri nahi duten jokalariak ere. Izan ere, jokalari bikain batzuentzat, Dusko izan da onena. Racocevici buruz ari naiz, Scolari, Prigioniri eta Nocioniri buruz. Beste batzuek, jakina, ez dituzte haren metodoak onartu; azkena, ziur aski, Baldwin izan da». 

Aurtengo taldean ere zalantzak zeuden ea Ivanovicek jokalari batzuei nola eragingo zien. «Mundu guztiak pentsatu zuen Howardek sufritu egin behar zuela harekin, ez zuelako defendatzen, edo Monekeren izaerarekin ez zuela bat egingo», adierazi du Muntionek, baina ez da horrela gertatu azkenean.

Guztiaren gainetik, Ivanovicen filosofia nabarmendu du Muntionek, Balkanetako entrenatzailea ongi ezagutzeko hain beharrezkoa dena. «Errespetu handia izan behar da. Haren bizitza pixka bat ezagutu behar da, hark duen filosofia horren zergatiaz jabetzeko. Dusko ez da ekonomikoki saskibaloitik bizi izan, entrenatzaile izan den arte. Montenegrokoa da, gerra ezagutu izan du eta bizitza gogorra izan du. Hori kirolari aplikatu dio, kasu honetan bere ezagutzari. Horrek eragin handia du hark zer-nolako saskibaloia proposatzen duen. Hortik dator burdinazko sarjentuarena, eta istorio horiek».

Gaur-gaurkoz, Baskoniak joko bikaina egiten du, Ivanovicen esanetara. Baina beti entrenatzaile montenegroarra nabarmendu duen gogortasun horretatik hasita. «Saskibaloia asko aldatu da Dusko lehen aldiz etorri zenetik. Orain 90 partida jokatzen dira hamabi edo hamahiru jokalariko taldeekin. Nekea existitzen ez den kontu hori oso ondo dago, baina badakizu badela eta oso ondo kudeatu behar duzula. Haren esaldirik gogorrenetako bat gogoratzen dut: 'Talde batean ezin duen jendea dago, eta nahi ez duen jendea. Ezin duten horiez hautapen naturala arduratzen da. Nahi ez dutenen hautespen naturala ni naiz, neu arduratzen naiz'».

Binomio perfektua

Ivanovic ulertzeko, kontuan hartu behar da Baskonia, eta Baskoniaren historia ulertzeko, kontuan hartu behar da Dusko. Kluba eta entrenatzailea eroso daude elkarrekin lan eginez, eta Muntionek hori jo du gako nagusitzat. «Zergatik dago hain eroso Dusko Baskonian? Ba, bere etxea delako. Badago jarduteko modu azkar bat Duskori gustatzen zaiona. Baskoniako erabakien muina oso txikia da. Dusko ordu askoan saskibaloian pentsatzen egon daitekeen pertsona bat da, lo gutxi egiten duena. Egun batean hiru orduz lo egiten zuela esan zidan, eta nik sinetsi egiten dut. Jokalariak fitxatzeko edo ez fitxatzeko, badaki zuzenean jar daitekeela kontaktuan Kerejetarekin, Alfredo Salazarrekin edo Felix Fernandezekin. Hiru edo lau lagunez ari gara, badaki goizeko hiruretan dei diezaiekeela, eta kasu egingo diotela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.