Asier Villalibre. Alaveseko jokalaria

«Itzultzean, inoiz baino hobeto egon nahi dut»

Asier Villalibrek bi hilabete daramatza golik sartu gabe, baina, hala ere, «oso ondo» sentitzen dela dio. Alavesek aurkari zuzen bati egingo dio bisita gaur: Levanteri (16:15, Movistar Vamos).

IMANOL LAVADO / DEPORTIVO ALAVES.
Iñaki Berastegi.
2023ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Gasteiztik etxerako bidean hartu du Asier Villalibrek deia (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1997). Urtarrilean, Athletic utzi, eta gehiago jokatzeko itxaropenez joan zen Alavesera, utzita. Erabakia hartzea «zaila» izan arren, aukera «aprobetxatzen» ari dela uste du: «Dena ondo doa; oso pozik nago hemen». 2025era arte berritu zuen urte hasieran Athleticekin, eta, bueltatzen denean, zuri-gorrien lehen taldean egonkortzea da haren asmoa.

Hilabete batzuk igaro dira Gasteizera ailegatu zinenetik. Pozik zaude hartutako erabakiarekin?

Bai, noski. Azken finean, jokalariak jokatu egin nahi du, eta Athleticen apenas jokatzen nuen. Hemen izan dut jokatzeko aukerarik, gol batzuk sartu ditut, eta taldea sailkapeneko goiko postuetan dago. Dena oso ondo doa; oso pozik nago hemen.

Asko kosta zitzaizun utzita joateko erabakia hartzea?

Nahiko erabaki zaila izan zen. Ez nuen asko jokatzen, eta burutik gauza asko pasatu zitzaizkidan. Kontratua berritzeko garaia zen, eta, buruari buelta asko eman eta gero, erabaki nuen niretzat onena zela berritzea eta denboraldia beste nonbait utzita amaitzea zela. Proposamena nik egin nion klubari, eta adostasun batera ailegatu ginen. Klubarentzat ere ez da ona jokalari bat batere jokatu gabe izatea.

Nola iritsi zitzaizun Alavesen eskaintza?

Sergio Fernandez Alaveseko kirol zuzendariak denboraldia hasi aurretik izan zuen ni fitxatzeko interesa. Baina, nik denboraldiaurre ona egin nuen, eta ordu hartan ez nuen taldetik ateratzeko asmorik. Urtarrilerako, ordea, nire egoera aldatu egin zen, eta erabakia hartzea erraztu zidan Alavesek aurrez niregan interesa azaldu izana.

Laugarren aldiz ari zara beste talde batean utzita jokatzen. Azken aro hau ezberdina izaten ari da?

Bai. Batetik, sei urteren aldea dagoelako azken bi aro horien artean, eta, bestetik, aldi honetan utzita joateko erabakia nik hartu dudalako.

Amestutako hasiera izan zenuen Alavesen, ezta?

Bai, hasiera ia perfektua izan zen, lehenengo bi partidatan hiru gol garrantzitsu sartu nituelako. Egia da ordutik ez dudala gol gehiago sartu, baina golak eta joko zelaian dituzun sentipenak beti ez datoz bat. Orain, oso ondo sentitzen naiz, fisikoki geroz eta hobeto. Golik sartzen ari ez naizen arren, taldea emaitzak lortzen ari da; hori da garrantzitsuena.

Hasierako hamaikakoan jarraitutasun gehiago falta izan zaizu?

Izan daiteke. Beti jokatu nahi duzu gehiago, baina taldekideen artean lehiakortasun handia dago, eta hori taldearentzat ona da.

Beraz, aldagelan ondo sartu zarela esan daiteke?

Bai. Athleticeko taldearekin alderatuz, berdintsua izan daitekeela esango nuke. Laguntasun handia simatu dut lehen egunetik, eta Jon Guridirekin, adibidez, oso harreman ona dut: euskaraz jarduten gara. Taldea oso batuta dago, eta ikusten da denon helburua berbera dela.

Aurrelariak goletik bizi zarete. Buelta asko ematen dizkiozu egindako akatsei?

Bai, asko. Aurrelaria beti akordatzen da partidan aprobetxatu ez dituen aukera guztiez. Aukera argi bat huts egin badut, partidaren ostean buelta asko ematen dizkiot. Lanean segitzea eta hurrengo partidan pentsatzea funtsezkoa da horrelakoetan.

Lehen Mailara igotzeko kanporaketak jokatzearekin konformatuko zinatekete?

Aurreneko bi postuetan amaitzea baino ez dugu buruan, nahiz eta badakigun ez dela erraza izango. Lortuko ez bagenu, kanporaketetan beste aukera bat izango genuke. Edonola ere, zuzenean igotzea da buruan dugun gauza bakarra.

Lehia horretan, aurkari zuzena da gaurko aurkaria: Levante.

Partida zaila izango da. Egoera onean ailegatzen gara; Levantek baino hiru puntu gehiago ditugu. Presioa eurek dute, eta guk konfiantza osoa dugu guregan.

Oso egoera onean zaudete, baina bolada txarrak ere izan dituzue. Nola ikusi duzu orain arte taldea?

Bigarren Maila oso txapelketa gogorra, zaila eta luzea da. Normala izan daiteke lauzpabost partida jarraian irabaztea, eta, ondoren, lauzpabost partida irabazi ezinda ematea. Erregularrak izatea eta egiten den lanean konfiantza mantentzea funtsezkoa da.

Horren harira, Luis Garcia Plaza Alaveseko entrenatzaileak esan du Bigarren Mailako talde guztiei kalitatea falta zaiela. Zer iritzi duzu?

Nire ustez, azken metroetara argitasun handiagoarekin iristea falta izan zaigu. Askotan ailegatu gara aurkariaren area ingurura, baina ez ditugu izan gola sartzeko hainbeste aukera.

Alaves ez ezik, Athletic ere ondo ari da azkenaldian. Europako txapelketak jokatzen ikusten duzu datorren denboraldian?

Bai. Bolada txarrak izan dituzte, baina azken partidetan pauso handia eman dutela iruditzen zait. Nabaritzen da Europan sartzeko motibazio berezia duela taldeak: hori taldearentzat erregai bikaina izaten ari da.

Esan izan da Athletici Aritz Adurizen gisako aurrelari peto bat falta izan zaiola aspaldian azken urrats hori egiteko.

Nire ustez, ezin gara jokalari batekin edo postu bakar batekin itsutu. Taldeak hobetzen jarraitu behar du, orokorrean. Orain, taldea oso aldi onean ikusten dut.

Aurreko denboraldian Amorebietan utzita jokatu ostean, Gorka Guruzetak eman dioten aukera aprobetxatu du. Gai ikusten zara datorren denboraldian pauso hori emateko?

Horretarako irten naiz aurten taldetik: gehiago jokatu, konfiantza lortu eta hobetzeko. Badakit zaila izango dela, goiko postuetan oso jokalari onak daudelako,baina nire asmoa hori da: bueltatzean naizenean, inoiz baino hobeto egon nahi dut. Athleticeko lehen taldean egonkortzea izan da nire asmoa hasiera-hasieratik.

Tronpeta jotzeagatik eta bizarragatik arreta erakarri izan duzu. Nekatuta zaude horregatik ezaguna izateagatik?

Ez. Nik berbera naiz orain ere, eta harro egoteko moduko zerbait da. Egia da bakarren batek soilik tronpetagatik ezagutzen nauela; nik nahiago nuke futbolariizateagatik ezagutuko banindute. Halere, ez daukat horrekin batere arazorik: tronpeta jotzea etanire bizarra niri ere gustatzen zaizkit.

Hortaz, Alaves Lehen Mailara igotzen bada, taldearen ereserkia tronpetarekin jotzeko prest zaude?

Bai, nola ez! Taldekide guztiek gogo handia dute ni tronpeta jotzen ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.