Orain arteko jardunarekin erabat ezberdina izan da Espainiako Txapelketa. Arraunlariek, benetako protagonistek, beste joera bat eman diote orain arte ikusitakoarekin alderatzen bada. Bi izan dira berrikuntzak, Eusko Label ligako emaitzekin konparazioa eginda: batetik, bi egunetan irabazi du talde berak, Urdaibaik larunbatean eta igandean; eta, bestetik, denboraldiko tarterik handienak ireki ditu irabazleak: Hondarribiari hamalau atera zizkion igandean, eta 28 Oriori eta Zierbenari.
Egun bateko kontua izan delakoan dago, hala ere, Joseba Fernandez, bermeotarren entrenatzailea: «Hainbat faktorek eragin dute emaitza izan den bezalakoa izatea». Bi egoerari heldu die baieztapena azaltzeko: «Batetik, data hartu behar da kontuan. Taldeentzat ligarik gabeko egunak izaten dira, eta prestakuntzan orain arteko okerrak zuzentzeko joera izaten da orain. Horregatik, txapelketan egon garen talde batzuk probak egitera joatea ez da harrigarria, eta, horren eraginez, berez daukaten mailaren azpitik ibiltzea ere ez». Bigarrenik, eremuari erreparatu dio: «Oso ondo ezagutzen dut, Castroko arraunlari eta entrenatzaile izan nintzenetik, eta gauza batzuk nola egin ondo hitz eginda atera ginen uretara. Gainera, hango olatuak aukera ematen dizu aldeak azkar zabaltzeko, eta horrek indarra ematen dio aurrean doanari, eta ahuldu egiten du atzekoen konfiantza».
Beste ezberdintasun bat ere izan zen ligako hiruzpalau estropadarekin alderatuta: Urdaibaik ondo egin zuen arraun poparean. Horren inguruan, gogoeta hau egin du Fernandezek: «Egia da asmatu ezinda ibili ginela ligako lau bat estropadatan, baina nik erabateko konfiantza daukat trainerua jartzeko nire metodoan, aurreko urteetan erabilitako bera delako, eta poparean nire taldeak ondo etorri izan direlako. Gaizki ibili izan garenean, estropada bakoitzeko arrazoi zehatz batzuengatik izan da, ez gaizki ibiltzen garelako olatuen alde».
Aurrera begira, denboraldiko estropada garrantzitsuena gero eta gertuago dago, eta Kontxara begira ikusten ditu taldeak: «Goi mailakoen eta erdi mailakoen prestakuntza osoa irailera begira egoten da, eta gu ere horrela ari gara lanean azarotik. Bide onean goaz, besteak doazen bezala, eta uste dut datozen estropadetan ere orain arteko berdintasuna itzuliko dela». Kontxa iristeko falta den denborari egin dio erreferentzia: «Lauzpabost aste falta dira, eta ezinbestean egon beharrean gara oso gertu talde guztiok geure sasoi onenetik».
«Lehiatu beharra genuen»
Iskanbila handia izan da aurten ere Espainiako Txapelketaren bueltan, eta Fernandezk garbi utzi nahi du zergatik joaten diren taldeak: «Gure prestakuntzan ezinbestekoa da estropada izatea asteburu honetan». Aurrera begira, baina, «nahikoa» dela esan du: «Euskal Herriko Txapelketa handi bat antolatzeko garaia heldu da. Bi egunetan jokatzekoa, herrialdeetako txapelketen arabera, eta lehen egunean, sailkatze estropada jokatuta, eta igandean, final handia». Arraunarentzat, eta denentzat ona litzatekeela dio: «Arraunlarientzat, adibidez, handia litzateke Euskal Herriko txapelketa handi hori irabaztea».
«Itzuliko da oreka»
Alde handiz irabazi du Urdaibaik Espainiako Txapelketa, baina egun bateko kontua izango dela uste du Joseba Fernandezek, bermeotarren entrenatzaileak. Alde txikiak iragarri ditu berriz ere, orain arte bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu