Euskal Herriko Itzulia. Eugenio Goikoetxea. Caja Rural taldeko zuzendaria

«Itzulian, lore sorta etxera eramatea ere garesti dago»

Itzulia erakusleiho ona da, eta agertzeko agindu die Goikoetxeak txirrindulariei. Taldearen egonkortasuna aldarrikatu du. Hurrengo urtean berriz ere errepidean egongo direla uste du.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Hogeita bost urte daramatza Eugenio Goikoetxeak (Hernani, Gipuzkoa, 1969) txirrindularien zuzendari, azken zortziak lanbide moduan. Urtean 90.000 kilometro egiten ditu autoz, 200 gau pasatzen ditu etxetik kanpo eta hamaika herrialdetara eramaten du Caja Rural taldea, ia beti Kontinental Profesional mailako probak jokatzera, txirrindularitza profesionaleko Bigarren Mailan. Normala da Euskal Herriko Itzulian aritzeak ilusioa egitea.

Ohiko taldea zarete jadanik Itzulian. Oraindik berezia al da bertan parte hartzea?

Beti da berezia. Niretzat lasterketa guztiak ilusio berri bat dira, eta Itzulia, are handiagoa. Egia da betiko lasaitasuna galtzen dugula, gonbidatu eta inguruko jendearengandik. Baina zaleak gertu daude, lagunak, familia... Ikusmina sortzen da gure inguruan.

Zein da zuen helburua?

Betikoa: presentzia, borroka, ikusdadila taldea badabilela. Edozein elastiko lortzea ona litzateke.

Lau euskal herritar dituzu zazpikotean: Jonathan Lastra, Alex Aranburu, Julen Amezketa eta Jon Irisarri. Bada zerbait.

Haientzat bai, haientzat oso berezia da, niretzat baino gehiago. Haientzat hau Frantziako Tourra bezalakoa da. Guk ez dugu Tourrean parte hartzeko aukerarik, eta haientzat hau da handiena.

Nola daude txirrindulariak?

Taldearen helburuarekin erabat identifikatuta. Lastrak, Amezketak eta Irisarrik presentzia edukitzea nahiko nuke. Aranbururekin kalitate handiagoko zerbait lor dezakegu. Ihesaldi batean sartuz gero, beti igo ahal izango gara podiumera, Lastrak egin bezala. Etapak irabaztea ia ezinezkoa da, baina, ondo arituz gero, elastikoren bat lor dezakete, podiumera igo, elkarrizketak eman... Proba hau erakusleiho ona da haientzat.

Lore sortaren bat lortzea, alegia.

Horrelako txirrindularientzat Itzulian lore sorta amari edo bikotekideari eramatea gauza handia da. Podiumera igo zaren seinale da. Gaur egun lore sorta lortzea ere garesti dago.

Posible al da World Tourreko taldeekin lehiatzea?

Nor baino nor gehiago lehiatzea posible da etapa bukaerara arte. 2013ra arte gertuago geunden, baina, azken urteetan gauza nola jarri den ikusita, nik uste dut zuloa handitu egin dela. Guk gure mailan egonkortasuna lortu dugu, eta World Tour taldeak goraka doaz. Gero ere guretzat gero eta zailagoa da txirrindulari onei eustea. Horrez gain, World Tourreko taldeek euren probetan eta World Tour ez direnetan ematen duten maila ezberdina da. Askoz hobeto ibiltzen da maila nagusian, erritmoagatik ziurrenik. Ez da gauza bera haien mailako lau edo hemezortzi talde egotea. Oroitzen naiz urte batean Amets Txurrukarekin mendiko eta esprint berezien sailkapena irabazi genuela Itzulian. Egun, hori lortzea ia-ia ezinezkoa da.

Urtea lauzpabost garaipen lortuta igarotzea gogorra al da?

Ez. Nik sinatuko nuke urtea bost garaipenekin amaitzea. Gurea bezalako taldeetan, irabazteko gai diren ziklistak gutxi dira. Asko kostatzen zaigu irabaztea. Tira, urte batean hamasei garaipen lortu genituen. Omar Fraile, Pello Bilbao eta Angel Madrazo ari ziren taldean, besteak beste. Baina guretzat bost garaipen lortzea emaitza ona da.

Badirudi jendea ohitu egin dela Caja Rural ikustera. Eustea ez al da baloratzen?

Bai, izan daiteke, ohitu da hitza. Duela hiruzpalau urte asko hazi zen taldea, eta orain egonkortu egin gara. Garai hauetan, hori zaila da. Guk badugu zigilua: borrokalariak gara, presentzia dugu... Baina horrek ere badu alde txarra, jendea ohitu egiten da, eta gehiago eskatzen dizu. Guk jakinarazi behar dugu gu bezalako talde batentzat, gurea bezalako aurrekontuarekin, oso zaila dela lasterketak irabazteko moduko txirrindulari bat izatea.

Zenbateko aurrekontua duzue? Eta nolakoa da World Tourreko apalenarekin alderatuta?

Urtearen arabera da, baina ez da iristen bi milioi eta erdi eurora. Eta Wolrd Tourreko txikienak hamar milioi inguru ditu. Haren laurdena dugu, beraz. Gure mailan ere talde ekonomikoki indartsuagoak badaude, atzerrikoak, aurrekontu hiru aldiz handiagoarekin.

Zer-nolako osasuna du taldeak? Nolakoa ageri da etorkizuna?

Urtez urtekoa da. Egon dira bi urterako hitzarmenak Caja Ruralekin, baina, orain, urtekoa da. Aurten, berritzeko bidean gaude, eta badirudi 2019an ere errepidean izango garela. Espainiako Vueltan parte hartzeko aukera dugun bitartean taldea egongo da.

Babesleak zer dio? Ohituratik nekera pauso txikia dago.

Babeslearekin dugun zortea da oso txirrindularitzazaleak direla. Horri esker dago taldea. Zikloak ere bukatzen dira, baina, gaur egun, nik argi dut txirrindularitzan egunean pentsatu behar dela. Ezagutu ditugu urte askorako sortu diren proiektuak eta hilabete gutxian erori direnak.

Urte txarrenak pasatu al dira?

Guretzat ez da asko aldatu. Gure mailan errazagoa da taldea osatzea. World Tour mailan gehiago nabaritu da aurrekontuen murrizketa, eta, batez ere, afizionatuetan. Euskal Herrian afizionatuetako hogei talde zeudeneko garaiak ezagutu nituen, eta egun, hamar bat egongo dira.

Murias eta BH igo dira Kontinental Mailara. Ona al da zuentzat?

Batez ere txirrindularientzat eta antolatzaileentzat da ona. Vueltara begira badirudi hirurak joateko aukera dugula. Iritsiko balitz une bat non bat kanpoan gelditu beharko litzatekeen, txarra litzateke talde horrentzat, baina txirrindularientzako ona da. Bakoitzak bere merkatua du, gainera.

Zuen helburu nagusia Vuelta da.

Bai, gure filosofia gazteekin ibiltzea da; 25 urte daramatzagu 23 urtez azpiko taldearekin. Baina babesleen aldetik, errentagarritasuna ematen diguten probak Vuelta, Itzulia eta Volta dira. Vueltara joango ez bagina, zaila litzateke taldea ateratzen jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.