Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Itzuli da Gilbertik onena

Indar erakustaldi bikaina emanda irabazi du Espainiako Vueltako hemeretzigarren etapa, erasoa urrutitik jo eta helmugaraino eutsitaValverdek eta Rodriguezek hiru segundoren aldea atera diote Contadorri azken maldan

Itzuli da Gilbertik onena.
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Munduko Txapelketarako garaiz, urte guztiko prestaketa helburu horretara bideratu balu bezala, Philippe Gilbert (BMC) onena itzuli da. Aurkari guztiak txikitu zituen iaz, mendatez jositako klasikoetan. Izugarria haren nagusitasuna, beldurtzeko modukoa. Ez zuen parekorik izan belgikarraren sasoiak. Eta horregatik ezin izan du errepikatu aurten. Kosta zitzaion burua altxatzea, baina bere maila onenean dela dirudi, Espainiako Vueltan bigarren aldiz irabazita. Atzokoa, txapela kentzeko modukoa.

Azken maldatxoan sartuta, nahasmenaren erditik atera zen ziztu bizian. 800 metro falta ziren helmugara, gehiegi erritmo azkarrean irauteko. Oso gutxi dira horretarako gai, onenak soilik. Eta onenetan onena da Gilbert maldatxoetan. Sasoiko denean, behintzat. Lasterketa buruan jarri, denak gurpiletik askatu, eta nagusitasunez irabazi zuen Vueltako hemeretzigarren etapa.

Alejandro Valverdek (Movistar) ere ezin izan zuen harrapatu, azken esprintean. Tropel txikiak oso gertu izan zuen uneoro, eta Dani Morenok (Katuxa) bideratu zuen esprinta, Joaquim Rodriguez taldekidearentzat. Baina indarrik gabe geratu zen kataluniarra. Valverde gerturatu zitzaion gehien. Irabazteko aukerarik ez zuen izan, ordea. Haatik, hiru segundoren tartea lortu zuten Valverdek eta Rodriguezek itzuliko liderrarekin, Alberto Contadorrekin (Saxo Bank).

Indar fisikoa erakutsi zuten etapako lehenek, baina indar psikologikoa sobera behar zuten izan eguneko ihesaldian egon zirenek. Irabaztea ezinezkoa zutela jakinda ere, lan eta lan aritu ziren Aitor Galdos (Caja Rural) eta Jose Vicente Toribio (Andalucia). Hamar minututik gorako tartea izan zuten arren, aise kontrolatu zituen tropelak. Azken 25 kilometroetan sartzerako, amaitua zen ihesaldia.

Orduan hasi zen etapa gogortzen. Movistarren erritmoak izugarri txikitu zuen tropela, eta abiada bizian iritsi ziren Segoviara. Egoitz Garcia (Cofidis) bizkaitarraren erasoak taldetxo bat osatu zuen lasterketa buruan, baina lanerako zeuden atzean. Alessandro Ballanek (BMC) gogotik lan egin zuen Gilbertentzat, eta saria jaso zuten gero.

Azken kilometroan, Nicolas Rocheren (Ag2r) erasoari jarraiki egin zuen aurrera belgikarrak. Inor gutxik eutsi zion haren gurpilari, eta eutsi zioten apurrak bertan lehertu ziren. Atzoko Gilbert garaiezina baitzen, iaz denak zapaldu zituen hura. Gilbertik onena, Munduko Txapelketarako garaiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.