Itzulera eta agurra

Realak eta Osasunak derbia jokatuko dute gaur Anoetan. Oiartzabal deialdian dago, bederatzi hilabeteren ostean. Torres azken aldiz ariko da gorritxoekin

Roberto Torres, ate bat eramaten, Taxoaren egindako entrenamendu batean. JESUS DIGES / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Urte oparoa izan dute Realak eta Osasunak. Txuri-urdinak hirugarrenez jarraian sailkatu ziren Europarako iragan denboraldian, eta bide onean ekin diote sasoi berriari. Gorritxoek, berriz, erraz eutsi zioten mailari, eta xede handiagoei begira jarri dira. Elkarren aurka ariko dira gaur, urteko azken partidan, Anoetan. Roberto Torresek agur esango dio Osasunari; Mikel Oiartzabal, berriz, itzultzeko pronto dago. Deialdian sartu du Imanol Alguacilek, bederatzi hilabetez min hartuta egon eta gero.

Bi taldeek oso lan txukuna egin zuten Munduko Koparen aurretik: hamalau partidatan 26 puntu bildu zituen Realak, eta hiru gutxiago Osasunak. Donostiarrak Txapeldunen Ligako postuetan joan ziren geldialdira, eta goian irauteko ahalegina egingo dute gaur. Iruindarrek irabazten badute, ordea, haiek bukatuko dute urtea lau onenen artean. Azkenekoz 2005ean gailendu ziren Anoetan; geroztik jokatu diren bederatzi derbietatik bost Realak irabazi ditu, eta beste laurak berdinduta bukatu dira.

Oiartzabal bederatzi hilabetez egon da jokatu gabe, martxoan ezker belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuenetik, eta baliteke gaur lehen minutuetan jokatzea. «Laguntzeko prest» dagoela esan zuen atzo Imanol Alguacilek: «Mikelek ez du beldurrik, eta garbi dut azken ordu laurdenean zelairatzen badut behar bezala sartuko duela zangoa».

Aihen Muñozek dakar beste berritasuna; bi hilabetez egon da jokatu ezinik. Merino, aldiz, ezin da aritu, zigortuta baitago. Ezin dute jokatu Solak, Barrenetxeak, Carlos Fernandezek, Turrientesek, Merquelanzek eta Sadiqek ere.

Litekeena Imanolek 4-3-3 sistema ezartzea, Espainiako Kopan Coriaren kontra egin bezala. Oriotarrak oraindik ez du galdu Osasunaren aurka, baina garrantzia kendu dio horri. «Oso parekatuak izan dira haien kontrako partidak, eta xehetasun txikiek erabaki dituzte. Oso talde ona dute, eta hiru puntura ditugu».

Azkena eta badoa

Kutsu malenkoniatsua du neurketak Osasunarentzat: Roberto Torres, Oier Sanjurjoren urratsei jarraitu, eta bere bihotzeko taldetik irtengo da. Bihar utziko dio gorritxo izateari, eta ikusteko dago gaur jokatuko duen. Behintzat, deialdian sartu du Jagoba Arrasatek. Arrasatek kapitaina goratu zuen atzoko agerraldian. «Neurri batean, bera bezalako jendearengatik nago hemen eserita. Osasunaren historiaren parte bat da: eman duen mailarengatik, eta erakutsi duen jarrerarengatik».

Realarentzat ere laudoriozko hitzak izan zituen. «Imanolekin, ezohikoa arrunt bihurtu dute». «Ausart» ariko dira gaur. «Taldea protagonismo handiagoa biltzen ari da, eta ez gabiltza gaizki. Baloia kentzea izango da Realari min egiteko modu bat». Nacho Vidal da ezin jokatu duen bakarra.

REALA-OSASUNA
Reala. Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Diego Rico; Zubimendi, Brais Mendez, Silva;Cho, Sorloth eta Kubo.
Osasuna. Aitor Fernandez; Ruben Peña, David Garcia, Unai Garcia, Juan Cruz; Torro, Moncayola, Moi Gomez, Aimar Oroz, Ruben Garcia; eta Chimy Avila.
Epailea. Pizarro Gomez.
Lekua. Anoeta (39.313 ikusle).
Ordua. 16:15 (Dazn).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.