Itzulera arintzeko, garaipena xede

Xabier Orbegozo 'Arria V.a'-k eta Eneko Otañok apustua jokatuko dute bihar, Azpeitian. Hogei kana-erdiko ebaki beharko dituzte. Gainontzean, herri-kirol proba asko egingo dira gaur eta bihar.

Eneko Otaño, Bilbon, iazko azaroan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Errepidez, bederatzi kilometro eta zazpiehun metro daude Azpeitiko (Gipuzkoa) zezen plazatik Errezilgo herrigunera. Apur bat luzeagoa da Beizamarako bidea; 11 kilometro eta erdikoa. Kilometro bat eta zortziehun metro gehiagokoa, alegia.

Xabier Orbegozo Arria V.aren (Errezil, Gipuzkoa, 1977) eta Eneko Otañoren (Beizama, Gipuzkoa, 1994) jaioterrietatik gertu dago Azpeitia. Bietako baten zale multzoari, ordea, ohi baino luzeagoa egingo zaio itzulerako bidaia bihar arratsaldean.

Izan ere, ikusmina sortu du bi aizkolariek Azpeitian jokatuko duten apustuak. Zezen plazan jarri dute ordua, eguerdiko 12:00etan. Hogei kana-erdiko —54 ontzako enborrak— ebaki beharko dituzte. Lanak lehendabizi amaitzen dituenarentzat izango dira ohorea eta dirua. Alde bakoitzak 5.000 euro jarri ditu.

Joan zen urtarrilaren 13an hitzartu zuten jokoa, Azpeitiko Mendizabal erretegian. Garai hartan, oso bestelako egoeran ziren bi kirolariak; Arria V.ak bere ibilbideari amaiera emana zion ordurako. Marka handi bat ezarrita egin zuen, gainera: ehun kiloko zilindro zaharrari hamar jasoaldi egin, mendi maratoi bat osatu, eta hamar kana-erdiko ebaki zituen. Ordutik, bere jarduna etenda zegoen.

Kontrara, txapelketetan murgilduta aritu da Otaño. Abenduan hirugarren postua eskuratu zuen Sherpa Ai Txapelketa Nagusian.Ezberdintasunak ezberdintasun, bi kirolariek «prestaketa handia» egin dute urtarrilaz geroztik, biharko saioa prestatzeko.

Ez alferrik, Arria V.ak eta Otañok bai baitute jokorako zaletasuna. Errezildarrak 16 urterekin jokatu zuen lehendabizikoa, eta eskarmentu handia du gisa horretako jokoak egiterako garaian. Aldiz, beizamarrak hirugarrenez egingo du halako saio bat, 2014ko eta 2016ko esperientzien ostean.

Bi-biek «gustuko»dituzte gisa horretako lehiak, aste honetanegindako adierazpenetan azaldu dutenez. Arria V.aren arabera, «herri kiroletan apustua da kirolaria mugaraino eramaten duen proba, eta horrek sortzen du kuadrillaren bultzada, giroa, eta prestaketa goreneraino eramatea. Kalean igarri egiten da: beste probek ez duten gauza berezia du».

Otañok ibilbide laburragoa du, baina badu sakontzeko asmorik: «Desafioak beti gustatu izan zaizkit. Larrañagarekin egin nuenean [2014an], arinegi egin nuen, eta hasiberritan harrapatu gintuzten. Gero, Mieltxorekin [Mindegia, 2016an]; nire ibilbideko egunik politena hura izan zen, txapelketakoak ere ederrak izan diren arren». Otañok berak irabazi zuen Mindegiaren aurka hamabi kana-erdikotara jokatutako apustu hura.

Asteburuko egitarau zabala

Orbegozoren eta Otañoren arteko demaz gain, beste zenbait herri kirol txapelketa jokatuko dira asteburuan. Leaburun (Gipuzkoa) abiatuko dira Urrezko Aizkolarien eta harri jasotzaileen txapelketak, gaur goizean. Aizkoran, Uxue Ansorregi eta Laiene Pikabea ariko dira lehendabiziko jardunaldian, emakumezkoen txapela janzteko proban. Gizonezkoetan, berriz, hamabi lagunek jokatuko dute estreinako kanporaketa. Guztira, 60 lagunek eman dute izena.

Harrijasotzen, Julen Diaz ariko da gizonezkoetan, 188 kiloko errektangularrarekin, 138ko kubikoarekin eta 113ko bolarekin. Karmele Gisasola Zelai III.ak 63 kiloko kubikoa eta bola erabiliko ditu.

Sokatiran, Nafarroako lauko Goma Gaineko Txapelketa hasiko da Lekunberrin. Gizonezkoetan 320 kiloetako tiraldiak egingo dituzte, eta bost talde ariko dira lehian: Amaiur, Antsoain, Berriozar, Beti Gazte eta Txantrea. Andrazkoen 255 kiloetan, Antsoain, Beti Gazte, Txantrea, eta Araxes nahiz Amaiurreko bina taldek hartuko dute parte.

Igandean, berriz, Gorostidi Harria Txapelketa egingo dute Adunan (Gipuzkoa). Zortzi harri jasotzaile ariko dira: Paulo Azpiazu, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Sergio Mielgo, Jon Unanue Goenatxo III.a, Mikel Lopetegi Urra, eta Aimar Irigoien. Azken hori da txapelketa hori gehienetan irabazi duena. Urrezko Aizkorako eta Harri jasotzeko bigarren jardunaldia ere bihar egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.