OLINPIAR JOKOAK

Itzalpeko lanaren fruituak

Lehen aldiz arituko da Olinpiar Jokoetan Gracia Alonso de Armiño saskibaloi jokalari bilbotarra. 3x3 diziplinan lehiatuko da, sailkatze partidaren azken segundoan loria dastatu ostean.

Gracia Alonso de Armiño. ESPAINIAKO SASKIBALOI FEDERAZIOA
Gracia Alonso de Armiño. ESPAINIAKO SASKIBALOI FEDERAZIOA
Beñat Mujika Telleria.
2024ko uztailaren 30a
05:05
Entzun

«Ohiko saskibaloiarekin daukan antz bakarra saskia da». Hala definitu du Maria España (Mallorca, Herrialde Katalanak, 1992) saskibaloi jokalariak 3x3 diziplina. IDK taldeko kapitain ohiak ondo baino hobeto ezagutzen du diziplina, hainbat aldiz aritu baita Espainiako selekzioarekin. Ezagutzen du Gracia Alonso de Armiño ere (Bilbo, 1992), Parisen diziplina horretan ariko den euskal jokalaria, IDKn elkarrekin jokatu baitzuten. Lehen aldiz arituko da Alonso de Armiño Olinpiar Jokoetan. Hori gutxi ez, eta hark egin zuen Espainiako selekzioa Pariserako sailkatzeko saskiratzea, bizkarrez. Gaur egingo du debuta bilbotarrak, Azerbaijanen aurka. (21:00).

Aspalditik ari da Alonso de Armiño 3x3 eta 5x5 diziplinak uztartzen. Gernikarekin, Araskirekin eta IDKrekin jokatu du goi mailan, eta, gaur egun, Estudiantesen ari da. Urteak daramatza Espainiako Ohorezko Mailan, baina iragan maiatzean ezagutu zuten askok, saskiratze harrigarri batez Olinpiar Jokoetarako sailkarazi baitzuen Espainiako selekzioa. Bere jaurtiketa baten errebotea jaso zuen, eta, bizkarrez, ahal bezala jaurti zuen baloia, saskia non zegoen ere jakin gabe. «Hori da Gracia. Inoiz amore ematen ez duen jokalaria», nabarmendu du Españak. «Oso jokalari ona da. Nire taldean nahiko nuke, beti. Itzalpeko lan handia egiten du, hain erraz ikusten ez den lan hori. Defentsan oso gogorra da, eta erasoan gainerakoentzako espazioak sortzen ditu blokeoen bidez. Oso lehiakorra da, eta nekaezina», gaineratu du.

3x3a kaleko saskibaloiarekin lotzen du diziplina hori ezagutzen ez duen jendeak; malabarrekin edo inprobisazio teknikoarekin. Eta, hein batean, badauka lotura inprobisazioarekin. Urruti ditu ohiko saskibaloiak hain zehaztuta dauzkan postuak eta antolaketa. Baina lanketa handia dago atzean, eta antzeko profila duten jokalariak bilatzen dira. «Balio anitzeko jokalariak nahi izaten dituzte. Jokalari oso garaiak mantsoegiak izan daitezke diziplina honetan, eta txikiegiak direnek asko sufritu dezakete defentsan aldaketak egiteko orduan». Gaitasun hori oso beharrezkoa dela nabarmendu du: «Aldaketa asko egiten dira blokeoetan, eta behar-beharrezkoa da profil guztietako jokalariak defenda ditzaketen jokalariak edukitzea». Horregatik, uste du beharrezkoa dela Alonso de Armiño bezalako jokalari bat izatea: «Puntu asko sartzen dituzten izarrei begiratzen diete denek. Baina neskato gazteekin saskibaloiaz hitz egiterakoan, Graciaren adibidea jartzen dut beti. Jokalari desberdina da. Haren ekarpena puntuez harago doa, eta oso beharrezkoa da talde batean. Ez dio ardura baloia eskuetan ez izateak. Berak jaurtitzailea bakarrik utzi nahi du blokeo batekin, eta jaurtiketa horren errebotea bilatuko du».

«Gracia jokalari desberdina da. Haren ekarpena puntuez harago doa, eta oso beharrezkoa da talde batean»

MARIA ESPAÑAIDK taldeko jokalari ohia

Azken hatsean lortu zuen Espainiako selekzioak Olinpiar Jokoetarako sailkatzea, baina ez da izan ezustekoa. Esperientzia handiko laukotea da, eta dominen lehian egon nahiko dute. 5x5ean bezalaxe, AEBetako selekzioa da 3x3an urrea irabazteko hautagai nagusia. Baina Alonso de Armiño ariko den selekzioak ere lehia horretan egon nahi du. Itxaropentsu dago España: «Olinpiar Jokoak oso zailak dira, denek irabazi nahi dute eta. Dominaren bat irabazteko gaitasuna daukate; iaz Europako txapeldunordeak izan ziren, eta edonori aurre egiteko gai direla erakutsi dute azken urteetan».

Diziplina desberdina

Tokioko 2021eko Olinpiar Jokoetan sartu zuten lehendabiziko aldiz 3x3 diziplina kirol olinpikoen artean. Geroztik jauzi handia egin du, eta 5x5ean profesionalak diren jokalari askok uztartzen dute. Udako zirkuituetan izaten da gehienbat, baina sasoian zehar ere prestaketa lanak egiten dituzte selekzioek. Bertan aritu izan da España, eta bi diziplinak saskibaloiaren parte diren arren «ia bi kirol desberdin» direla ohartarazi du: «Funtsa bera da: baloia saskiratzea. Baina oso desberdinak dira. Baloia bera, adibidez: gizonezkoek erabiltzen dituzten baloien pisua dauka, baina emakumezkook erabiltzen ditugunen tamaina du. Kantxa erdian jokatzen da, nahiz eta ohiko kantxa bat baino zertxobait zabalagoa den, eta kalean jokatzen da, musika eta guzti. Jabetza ere motzagoa da, hamabi segundokoa. 21 puntura iristen den taldeak irabazten du, edo hamar minutu igarotzen direnean puntu gehien sartu duen taldeak».

Egin beharreko esfortzuan dago, Españaren ustetan, desberdintasunik handiena. «Askoz fisikoagoa da 3x3a. Akzioa eta erreakzioa bilatzen da une oro. Jokaldi azkarragoak eta laburragoak bilatzen dira, eta tartea daukazun bakoitzean jaurti egin beharra dago. Oso adi egon beharra dago. Izan ere, jaurtitzen ari zaren bitartean, zu defenditzen ari den jokalariak hiruko marrara zabaldu baitaiteke, eta errebotetik pasea berehala iritsiko zaio. Hortaz, berehala biratu behar duzu, eta zure defendatzailea non dagoen jakin».

Badaude ohiko saskibaloiarekin alderatuta oso desberdinak diren beste arau batzuk. Entrenatzailearen eginkizuna da deigarriena: «Entrenatzailea ezin da kantxan egon. Harmailetan dago. Ezin du hitz egin, eta jokalariek ezin diote begiratu. Jokalariak dira euren buruaren entrenatzaile; jokatzen ari diren hirurak, eta aulkian dagoena».

hortense limouzinek ere estreinakoa du

Gracia Alonso de Armiñoz gain, beste euskal jokalari batek hartuko du parte 3x3ko saskibaloian: Hortense Limouzinek (Baiona, 1998). Hark ere lehen aldia izango du Jokoetan. Eta aukera du dominen bat irabazteko. Izan ere, Frantziarekin ariko da, eta talde hori munduko txapeldun izan zen duela bi urte, eta txapeldunorde iaz. Bi txapelketa horietan aritu zen Limouzin. Gaur jokatuko du lehen partida, Txinaren aurka (21:30).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.