SERGEI HERNANDEZ. MAGDEBURGO ESKUBALOI TALDEKO JOKALARIA

Itzaletik argitara

Bihar hasiko da Europako Eskubaloi Txapelketa, Alemanian. Ondo bidean, atezain nafarrak asko jokatuko du. Magdeburgon aritzeak ireki dio atea.

(ID_13477491) (/EZEZAGUNA) sergei
Sergei Hernandez, penaltia gelditzeko prest, joan den larunbatean, Serbiaren aurkako prestaketa partidan. RFEBM
Julen Etxeberria.
2024ko urtarrilaren 9a
05:10
Entzun

«Hau beste gauza bat da», dio behin eta berriz Sergei Hernandez Ferrerrek (Kropotkin, Errusia, 1995). Europako Eskubaloi Txapelketaz ari da, bihar hasiko baita, Alemanian. Ez da atezain nafarrak jokatuko duen lehen txapelketa garrantzitsua, baina bai orain arteko bereziena. Ondo bidean, asko jokatuko du.  

Jordi Ribera Espainiako selekzioko hautatzaileak bi atezain deitu ditu, eta Hernandez da horietako bat. Gonzalo Perez de Vargas da bestea. Katalanak eta Rodrigo Corralesek zaindu dute Espainiako selekzioaren atea azken urteetan, eta haien itzalean egon da Hernandez. «Ni baino koska bat gorago zeuden; urteak zeramatzaten punta-puntako taldeetan jokatzen: Gonzalok, Bartzelonan; eta Rodrigok, Paris Saint-Germainen eta Veszpremen. Nik, berriz, Anaitasunan, Logroñon eta Benfican jokatu nuen. Alde handia dago». 

Hautatzaileak ere argi utzi zion: «Esan zidan nigan konfiantza zuela, baina haien mailan egoteko eta aukeraren bat izateko Txapeldunen Ligako talde batean jokatu behar nuela».  

Esan, eta egin. Udan egin zuen lehen urratsa: Txapeldunen Ligako talde batera joan zen. Handira jo zuen: txapeldunarekin sinatu zuen, Magdeburgorekin, Alemaniako talde historikoarekin. «Ametsa betetzen ari naiz: taldetzar batean ari naiz, non-eta Bundesligan eta Txapeldunen Ligan. Sekulakoa da». 

«Txapeldunen Ligako talde batean ari naiz, Magdeburgon, eta ondo ari naiz. Horregatik egin du nire alde hautatzaileak»

Zirraraz deskribatu du bizitzen ari dena. «Izugarri gozatzen ari naiz. Eskubaloi hutsa da hau: jokatzen dugun pabiloi guztiak daude beteta, zaleek izugarri babesten gaituzte, eta sekulako maila dago: sei taldek lasai-lasai joka dezakete Txapeldunen Liga, eta azkenak ere har zaitzake ezustean. Txapeldunen Ligan, berriz, munduko talde onenekin ari gara. Gozamena da, baina gogorra ere bai, beti egon behar baituzu bete-betean. Baina gustatzen zait, eta, oraingoz, ondo moldatzen ari naiz. Txapeldunen Ligako talde batean ari naiz, eta ondo ari naiz. Horregatik egin du nire alde hautatzaileak». 

Bikain Hernandez, eta bikain Magdeburgo: lehena da ligan, eta bigarren Txapeldunen Ligako ligaxkan. Titulu bat irabazi du jada: Munduko Txapelketa. «Hirugarrena jarraian du Magdeburgok. Bartzelonak bakarrik lortu du hori. Polita da halako titulu bat izatea nire palmaresean». 

«Ondo» egokitu da bizimodura ere. Hizkuntzak «lanak» ematen dizkio oraindik, baina ari da «pixkanaka». Kexa bakarra du: klima. «Hotz handia egiten du». Baita Iruñean hazi den batentzat ere? «Bai. Gaizki ohituta nengoen Lisboan». Arantza bat ere badu: «Nire aitak ezin duela gozatu lortzen ari naizen guztiarekin. Harengatik hasi nintzen eskubaloian [Portland San Antonioko prestatzaile fisikoa izan zen Jose Luis Martinez]. Pentsatu nahi dut dagoen tokian dagoela harro egongo dela nitaz».

Partidaz partida

Bihartik urtarrilaren 28ra jokatuko da Europako Txapelketa. Espainiak ostiralean jokatuko du lehen partida, Kroaziaren aurka. Selekzio hori, Austria eta Errumania izango ditu aurkari lehen ligaxkan. «Partidaz partida joan nahi dugu: lehenbizi, Kroaziaren aurkakoa, eta gero gerokoak. Gainera, Kroazia da ustez multzoko aurkaririk indartsuena. Gu oso ondo gaude: gogotsu eta sasoiko».

Ez dute bide horretatik aldentzeko asmorik. Emaitzak dituzte aldeko: azken bost ekitaldietan lortu du Espainiak domina: brontzezkoa, zilarrezkoa, urrezkoa bitan eta zilarrezkoa, hurrenez hurren. Hautatzailearen lana nabarmendu du. «Jordik lortu du guztiok gure egitekoa izatea. Guztiok egin behar dugu ahalik eta ondoena gure lana. Hau ez da esprinta, maratoia baizik, eta denon laguntza behar da helburua lortzeko: ahalik eta urrunena iristea eta, ahal bada, domina bat irabaztea. Bide onean gaude: ondo ari gara. Baina selekzio indartsu asko dago hemen: Frantzia, Danimarka, Alemania, Islandia, Suedia... Gorabeherarik ez izatea da gakoa».

Txapeldunak bi sari izango ditu batean: titulua, eta aurtengo Parisko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea. «Sari handia da hori». Ez litzateke lehena haren etxean. Haren ama, Gregoria Ferrer, 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan lehiatu zen atletismoko 4x400 metroko txandakakoan. «Seguru laster hasiko zaidala horrekin adarra jotzen: bera dela oraingoz olinpiar kirolari bakarra etxean».

Peciña, Odriozola eta Garziandia ere ariko dira

Sergei Hernandezez gain, beste hiru euskal jokalari ariko dira Europako Txapelketan: Iñaki Peciña pibote irundarra, Kauldi Odriozola eskuin hegaleko zumaiarra eta Imanol Garziandia eskuin alboko zumarragarra. Peciñak eta Odriozolak hirugarren txapelketa garrantzitsua dute jarraian, eta Garziandiak, bigarrena. Guztietan irabazi dute dominaren bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.