Olaizola II.a-Begino 22. Titin III.a-Merino II.a 11

Itzalari argia eman dio

Olaizolak eta Beginok sendo jokatzea aski izan dute Titin eta Merino menderatu eta Bilboko torneoa irabazteko

jon eskudero
2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Iraupena. 54 minutu.

Pilotakadak. 437.

Saketik. Olaizola II.ak bat, eta Titin III.ak alerik ez.

Markagailua. 6-0, 6-2, 8-2, 8-4, 9-4, 9-7, 10-7, 10-9, 13-9, 13-10, 19-10, 19-11 eta 22-11.

Bestelakoak. Jende ugari bildu zen Bilboko Miribilla auzoko pilotalekuan, 1.400 ikusle inguru.

Izena adina izan ez du eduki Bilboko torneoak. Aurkezpen ekitaldian denek bat egin zuten bikote hobeak ezin zirela osatu. Ez zuten arrazoirik falta, baina nekeagatik-edo, ez du berea eman txapelketak. Ezta finalak ere. Olaizola II.ak eta Beginok aski izan zuten atzo sendo jokatzea garaikurraren jabe egiteko. Titin III.ak eta Merino II.ak ez zuten neurketa txarra egin, baina Asegarceko bikotea mendean hartzeko puntu bat gorago egon beharra dago. Goizuetarra da momentu honetan dagoen pilotaririk onena, eta oso ongi ez jokatuta ere irabazi egiten du. Bada, halaxe egin zuen atzo, eta udako bigarren torneoa bereganatu zuen, Zarauzkoaren ondoren.

Hasiera tristea izan zuen partidak. Lehen sei tantoak gorrien alde izan ziren, Titinen hiru huts handi tarteko. Bezperan jokatuta zegoen Triciokoa, aurpegia ubelduta zeukan, gainera —Albisuk begi ondoan pilotakada bat eman zion—, eta ez zen lan errazetan aritu. Dena den, kirolari gogorra da, eta fresko ez egon arren, arerioei gauzak zail jartzen ahalegindu zen.

Merino II.a lagun aparta izan zuen horretarako. Partida erdira arte bikain aritu zen gaztea, eta aldea murriztea lortu zuten errioxarrek (9-7). Olaizola II.arentzat aurkari deserosoa da Merino II.a, ezkerrez ez diolako pilota ahoko zuloan uzten. Kosta zitzaion goizuetarrari tantoa bukatzen, Beginok berak ere ez baitzion bizkarrik erakutsi Aspekoari. Hasiera txarraren ondoren, lehia gogortzen hasi zen. Emaitza orekatuarekin (10-9), ikusten zen urdinak gai zirela ustekabea emateko. Baina ez, ez zen hala izan. Atzera eta aurrera ibili behar izanak faktura pasatu zion Merino II.ari.

Lekeitioko torneoa, zehaztuta

Horixe baliatu zuen Olaizola II.ak inspirazioari tartea egiteko. Begino on batekin, tanto ugari bukatu zituen aurrean azken txanpan. Guztira hamahiru tanto egin zituen erasoan, eta soilik lau galdu. Bazirudien Aspekoek poza eman ziezaioketela enpresari, baina goizuetarrak ez zuen barkatu. Azken txanpa aparta eginda, 22-11 nagusitu ziren azkenean Asegarcekoak. Egia esan, itzal asko izan zuen norgehiagokak. Alegia, distira gutxi. Baina pilotalekuan elkartutako zaleek ez zuten hara joan izanaren damurik izango, itzal horri argia eman baitzion Olaizola II.ak.

Bada, ez du atsedenerako betarik izango, Lekeitioko torneoan parte hartuko baitu. Bi finalerdi klasiko jokatuko dira. Irailaren 1ean Berasaluze VIII.a eta Albisu Irujoren eta Merino II.aren aurka ariko dira. Hurrengo egunean, berriz, Olaizola II.ak eta Apraizek Xalari eta Zubietari egingo diete aurre. Bi onenek irailaren 4an jokatuko dute finala. Ikuskizuna, beste behin, ziurtaturik dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.