Reala

Aurrekoen itzala argitzen ari dira

Mikel Merinok eta Robin Le Normandek huts nabarmena utzi dute aurten Realaren hamaikakoan. Hala ere, haien ordezkoek, hau da, Aguerdek eta Sucicek Anoetako zaleen laudorioak jaso dituzte.

Nayef Aguerd eta Sergio Gomez Real Madrilen aurkako partidan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Nayef Aguerd eta Sergio Gomez Real Madrilen aurkako partidan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko azaroaren 21a
05:05
Entzun

Realak ez du denboraldi hasiera erraza izan. Imanol Alguacilek seigarren denboraldia du Anoetako aulkian, baina klubari aro aldaketa egitea egokitu zaio aurten. Azken urteetan taldearen bizkarrezurraren parte izan diren bi jokalarik, hau da, Robin Le Normandek eta Mikel Merinok taldea utzi dute beren ibilbidean aurrera egin nahian, eta, hala, Reala zurtz gelditu da postu horietan.

Haien ordezkoak aurkitzea izan da Roberto Olabe kirol zuzendariaren buruhauste nagusia udaran, baina, oraingoz, esan daiteke arkitektoak Realean egin duen azken lana ona izan dela. Nayef Aguerdek (Kenitra, Maroko, 1996) hartu du atzeko lerroaren gidaritza, eta Luka Sucic (Linz, Austria, 2002) da Olaberen apustua Merino ordezkatzeko. Biek dute lehen urtea Espainiako Ligan, baina uste baino azkarrago egokitzen ari dira. Hori dela eta, idolo berriak ditu Anoetak.

Erdiko atzelariaren kasua da argiena. Le Normand asko hobetu zen Imanolen eskutik: bigarren taldean jokatzen zuen hasieran, eta Espainiako selekzioaren hamaikakoan egotea ere lortu zuen denborarekin. Zaila ematen zuen haren lekua betetzeak, baina Aguerd atzeko lerroaren lider bilakatu da hilabete eskasean. Imanolek argi utzi zuen prentsaurreko batean: «Nik Aguerd nahi nuen. Aguerd edo beste inor ez. Hala esan nion klubari». Eta Marokoko atzelariak zalantza guztiak argitu ditu.

Orioko teknikariak lehen egunetik sartu zuen hamaikakoan, eta geroztik, ez du kendu. Atzelari fidagarria da area barruan egin beharreko defentsako lanetan, baita buruz buruko jokaldietan ere. Une oro kontzentratuta aritu da, baita ondokoen hutsak zuzentzeko ere, eta jokoa analizatzeko gaitasunak modua ematen dio aurkariei aurrea hartzeko. Gainera, erasoan ere geroz eta garrantzi handiagoa dauka, geldikako jokaldietan nabarmentzen baita, eta, teknikoki, gaitasun handia dauka baloia atzetik jokatuta ateratzeko. Lerroak apurtzeko gai da baloia oinetan duela, horrela aurkariak erakartzeko eta Zubimendi abantailarekin aurkitzeko.

Gainera, sentipenek ez ezik, datuek ere adierazten dute atzelariak ondo diharduela. Reala da gol gutxien sartu dieten ligako taldeetan bigarrena, eta Remirok zazpi aldiz utzi du atea hutsean; ligako onena da horretan. Horretan guztian ere, garrantzi handia dauka Aguerdek. Data MBren arabera, batez beste 4,1 baloi aldaratzen ditu marokoarrak, eta defentsako dueluetako %91 irabazi. Gainera, erasoan, ligan pase gehien ondo egitea lortzen duten jokalarien artean dago (%91,7), baita pase luze gehien egitea lortzen duten jokalarien artean ere (4,1 pase luze). Pase progresiboen %75,4 ere ondo egiten ditu. Baloia aurkariaren ate aldera joaten diren paseak dira horiek —gutxienez, 9,14 metro egin behar dute aurrera azken sei paseetatik urrunen dagoen hasierako puntutik—.

Sucic, su motelagoan

Luka Sucicen kasua, berriz, bestelakoa da. Kroaziako selekzioko jokalariak eskuin hegalean jokatu zuen uda honetako Eurokopan. Postu horretan jokatu dezakeen arren, Merinoren tokia hartzeko fitxatu zuen Olabek. Lehen partidan, hamabost minutuz jokatu zuen, eta hurrengo bietan aulkian gelditu zen. Horri buruz galdetuta, Imanolek zera esan zuen: «Entrenamendu eta bideo saio asko falta zaizkio guk nahi duguna eman diezagun». Bada, denboraldia hasi, eta hilabete egin zuen hamaikakoan sartu zen arte; Real Madrilen aurka izan zen, irailaren 14an. Partida bikaina jokatu zuen –bi aldiz bidali zuen baloia zutoinera–, eta geroztik ezinbestekoa izan da Imanolen eskeman.

Merinoren postua hartu du 1-4-3-3 eskeman, baina aurreratuago ere jokatu izan du zenbaitetan. Fisikoki, ahalmen handia dauka, eta, teknikoki, goi mailako jokalaria da. Horrela, zehaztasun handiarekin apurtzen ditu lerroak baloia oinetan daukanean. Ibilbide luzeak egiteko gaitasuna dauka, eta errematea egiteko aukerekin iristen da azken metroetara. Hori da haren gaitasun nabarmenena: baloiarekin duen zehaztasuna. Kanpoko jaurtiketetan oso arriskutsua da, eta azken pasea emateko kalitate handia dauka. Orain, ordea, sentipen horiek datuetan islatzea falta zaio. Orain arte, gol bat sartu eta asistentzia bat egin du 830 minutuan. Gola Atletico Madrili egin zion, ligan, amaieran. Zaleak eserlekutik altxarazi zituen haren areaz kanpoko jaurtiketak.

Luka Sucic Atletico Madrili sartutako gola ospatzen. JAVI COLMENERO / EFE
Luka Sucic Atletico Madrili sartutako gola ospatzen. JAVI COLMENERO / EFE

Defentsako lanean estutu du Imanolek, gehienbat, eta, lehen partidatik hona, aurrerapauso handia eman du alor horretan. Presioan jokalari garrantzitsua da, eta bere gaitasun fisikoa baliatzen du dueluak irabazteko –batez beste, 4,5 aldiz lapurtzen du baloia partidako. Igandean, esaterako, Bartzelonaren aurkako partidan, buruz lortu zuen baloi bati esker sartu zuen gola Beckerrek.

Gutxiagotan, baina Sergio Gomezek ere jokatu izan du postu horretan. Brais Mendezek min hartu ondoren, Sucic eskuineko barneko postuan jarri zuen Imanolek, eta Gomezek hartu zuen eskuinean hutsik gelditutako postua. Kataluniakoak ederki analizatzen du jokoa, eta balio anitzeko jokalaria da. Ez du alferrik jokatu Guardiolaren Manchester Cityn; taldekideekin elkartzeko gaitasuna dauka, eta oso zehatza da ezker oinarekin erdiratzeko edo jaurtitzeko garaian. Horretaz gain, jokaldiari zentzua ematen dio, eta badaki jokoa noiz gelditu eta noiz bizkortu. Teknikarekin eta irizpidearekin orekatzen du fisikoki eman ezin duena. Hala ere, hegaletan edo punta erdian jokatzeko aukeratzen du Imanolek, nagusiki.

Merinoren eta Le Normanden itzala luzea da, Realaren historiaren parte baitira biak ala biak. Hala ere, Olabek aro aldaketarako jokalari egokiak fitxatu ditu. Emaitzak izango dira, edo beharbada ez. Baina oinarria ez ahultzea lortu du kirol zuzendariak. Imanolek ere argi dauka: «Gaztea izan arren, taldea lehiakorra da, baina jokalari hauen onena bizpahiru urte barru ikusiko da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.