Itxuraz, abantaila Raikkonerentzat da

Indianapolisko zirkuituak McLareneko gidariari egingo dio mesede; lehen lerroko bigarren postuan aterako da, Jarno Trulliren atzean

Laurentzi Garmendia
2005eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Duela hiru aste soilik, Indianapolisko zirkuitua 500 milien lasterketa famatuaren lekuko izan zen. Tarte horretan, zirkuitua eraldatu eta prest da gaur 1 Formulako lasterketaren gune izateko. Bitan banatua dago itzulia: barrualdeko zatia mantsoa da, 1 Formularentzat bereziki eraikia; eta kanpoaldekoa azkarra (motorrentzat urte osoko gogorrena da, beste inon ez baitira horrenbeste denboran topera aritzen).

Sasoiko iritsi dira Alonso eta Raikkonen Indianapolisera. Lehia estua dute, baina joera zein den argi dago. Espainiarrak denboraldiari eman zion hasiera bikaina kudeatu nahia du, finlandiarra azkarragoa dela jakinda. Puntuaketa sistemak mesede egiten dio lasterketak amaitzen dituen gidariari, eta horretan Alonsok ez du parekorik, Kanadan bakarrik huts egin baitzuen. Raikkonen, aldiz, hirutan gelditu da puntuetatik at.Indianapolis beti zirkuitu ona izan da Ferrarirentzat. Aurten ere berdin segiko duela pentsarazten du orain arte ikusitakoak. Barrichello eta Schumacher bikote sendoa osatzen ari dira, paradoxa badirudi ere. Brasildarra inoiz baino deserosoago dago taldean, eta dagoeneko talde bila ari direla diote. Baina hori hala izanda ere, azken lasterketetan lan txukuna egin du, eta Schumacher hain indartsu ez dabilen bolada honetan, bere erantzuna ona da.

Ralf Schumacherrek istripua izan du iazko leku berean

Iaz lasterketa Ralf Schumacherren istripu bortitzak zatitu zuen; itzuli asko eman zituen Segurtasun Autoak. Garai hartan Williams-BMW taldean gidatzen zuen alemaniarrak, eta lesio larriak izan zituen; lasterketa asko etxean eman behar izan zituen osatze aldera. Istripu hura pneumatikoen akats batek eragin zuen, eta aurtengo egoeraren aurrekari bilakatu zen.

Herenegun, Toyota autoa gidatzen ari zela, Ralf Schumacherrek toki berberean istripua izan zuen. Ospitalera eraman zuten, eta gaur Ricardo Zonta brasildarrak ordezkatuko du. Iaz bezala, oraingoan ere pneumatiko batek eragin du ezbeharra. Istripu gehienak Michelin pneumatikoekin gertatzen ari dira, eta kopurua kezkatzekoa da. Arduraduta dago Pierre Dupasquier, Michelin Sport-eko zuzendaria. Istripuaren arrazoia pneumatikoa izan zela ziur egon arte zuhurtzia eskatu zuen, eta hori ez dutela lasterketa amaitu arte zehazterik izango esan zuen. Badaezbada ere, Michelinek talde guztiei aire presioak igotzeko aholkua eman die, eta Frantziatik ehun pneumatiko sorta eraman ditu hegazkinez.

Pole-an Jarno Trulli (Toyota) aterako da. Ondoan, lehen lerroan, Kimmi Raikkonen izango du. Alonso liderra seigarren aterako da, hirugarren lerroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.