Mallorca 2-1 Alaves

Itxaropena lausotu egin da

Alavesek sei puntura du salbazioa, Mallorcan galdu ostean. Etxekoak ez dira hobeto aritu, baina arabarrek sasoi osoan erakutsitako gabeziak izan dituzte erasoan

Alaveseko jokalariak, burumakur, Mallorcak lehen gola sartu ostean. Abdon Pratsek egin zuen. CATI CLADERA / EFE.
ainara arratibel gascon
2022ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Golak. 1-0:Pratsek (11. min.). 2-0: Muriquik (49. min.). 1-2: Raillok (b.a.) (73.min.).

Larunbatean Mendizorrotzan Rayori irabazita piztutako itxaropena lausotu egin zaio Alavesi. Arabarrek 2-1 galdu zuten atzo Mallorcaren zelaian. Etxekoak ez ziren gehiago izan, baina bi aldiz lortu zuten Pachecoren atea zulatzea; une erabakigarrietan, gainera. Alavesek, berriz, denboraldi osoan zelai erditik aurrera dituen gabeziak erakutsi zituen beste behin: sormen eta argitasun falta. Hori gabe, jai dago egun Lehen Mailan. Hala, porrot mingarria aurkari zuzen baten zelaian, eta salbazioa gero urrutiago dute babazorroek: gaurko eta biharko emaitzen zain, sei puntura. Gainera, Mallorcaren aurkako golen aldea ere kontra dute.

Baina gauzak oso bestelakoak izan zitezkeen arabarrentzat. Izan ere, lehen bost minutuak bete aurretik gola egin zuen Alavesek.Lejeunek sartu zuen, baina VAR-ean begiratu eta gero, Soto Grado epaileak baliorik gabe utzi zuen. Ustez, arabarren erdiko atzelariari eskuan jo zuelako baloiak. Handik pare bat jokaldira, ordea, 11. minutuan, Mallorcaren gola ailegatu zen.Falta bat jaurti zuen, eta,pare bat aldaratzeren ostean, Pratsek gola sartu zuen, orpoz egindako erremate batekin. Berriz ere ataka zailean ziren arabarrak.

Aurretik jarrita, Mallorcak patxadaz jokatu nahi izan zuen, baloiaren jabe luzaroan izanda, eta ahal zuenean zelai erditik aurrera dituen jokalarien abiadura baliatu: Muriqui, Kubo... Alaves ahalegindu zen presioaren bidez jabetza luze horiek eteten. Baina ez zuen asmatu. Neurketaren agintea etxekoena zen, nahiz eta Alaves suspertuz joan zen.

Hurrengo minutuak partida osoaren isla izan ziren. Bi taldeak lotuta zebiltzan, tentsio handiz. Apenas ziren gai erasoko jokaldiak sortzeko. Lehen zatiaren azken txanpan, Alaves hobea izan zen, eta bizpahiru aldiz gerturatu zen Ricoren atera. Escalantek eta Joseluk sortu zuten arriskurik handiena. Bazirudien lehen zatia 1-0 amaituko zela, baina bazela itxaropena neurketari buelta emateko. Izan ere, Mallorca ez zen Velazquezen taldea baino gehiago. Epaileak lau minutuko luzapena adierazi zuen, eta azken jokaldian Muriquik bigarrena egin zuen Mallorcarentzat. Alboko sake batean izan zen. Aurrelariak ondo babestu zuen baloia, eta arabarren atzealdea bigun aritu zen, buelta ematen utzi baitzion, eta aurrelariak ederki gurutzatu zion baloia Pachecori.

Sakontasun bila

Bigarren zatian Alavesek baloijabetza izan zuen, baina ez zen gai horri etekina ateratzeko. Zelai erdiko jokalariak Joselurengandik oso urrun aritu ziren. Hegaletatik jokoari sakontasun handiagoa emateko asmoz Manu Garcia eta Pellistri zelairatu zituen Velazquezek. Eta neurri batean lortu zuen. Azkenerako iritsi zen gola. Oraingo honetan zoria alde izan zuen Alavesek, Mallorcako Raillok bere atean sartu baitzuen, Joseluren erdiraketa bat buruz jo ostean.

Hamazazpi minutu zituzten arabarrek gutxienez partida berdintzeko. Alavesek atzean sartu zuen Mallorca. Baina ideiak faltaizan zitzaizkion gola egiteko. Kataluniarrak eusteko lanean aritu ziren. Partidako ia azken jokaldian, Alaveseko jokalariek penaltia eskatu zuten, Pellistrik egindako erremate batean. Baina epaileak ez zuen hala ikusi, eta hor amaitu zen neurketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.