David Garcia. Osasunako jokalaria

«Itxaropen onenak ere gainditu ditugu Hau historikoa da»

Nafarren atzeko lerroan aurrerapausoa eman du David Garciak, eta finkatu egin da hamaikakoan. Elitera itzultzeko irrikaz dago jada: «Sanferminak aurreratzearen parekoa izango da».

J. P. URDIROZ.
enaut agirrebengoa
Iruñea
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Osasunaren ispilua da David Garcia (Ibero, Nafarroa, 1994). Atzelariak gozatzen duenean, beste horrenbeste egiten du Iruñeko taldeak. Hala izan zen, kasurako, duela hiru denboraldi, gorritxoak Lehen Mailara azkenekoz igo zirenean. Hortik aurrera, baina, gain behera egin zuen harrobiko gazteak, baita taldeak ere. Bada, bien bideek bat egin dute berriro sasoi honetan: David Garcia suspertu den modu berean berpiztu da Osasuna. Kasualitatea izango da; edo, agian ez, taldeak bestelako sendotasuna baitu defentsa nafarra ondo denean. Kimika berezia du Unai Garciarekin, baina hark lotailu gurutzatua apurtu duenez, Aridane izango du alboan hurrengo jardunalditik aurrera. Honetan ez, Osasunak atseden hartuko baitu.

Kale egin duzue Lehen Mailara igotzeko aurreneko saiakeran, Alcorconen aurka berdinduta. Zer sentipen utzi dizue horrek?

Neurketaren bilakaera ikusirik, ontzat jotzen dugu lortutako puntua. Historikoki, beti izan da zaila Alcorconen zelaian jokatzea. Oso gogorrak izaten dira bertan jokatzen diren partidak. Hori garbi ikusi zen aurreko larunbatean. Lehia handia eta aukera gutxi izan zen. Gainera, zelaia oso lehor zegoen, bero handia egiten zuen, eta, hala, zaila zen jokoa lantzea. Baldintza horiek guztiak kontuan izanik, uste dugu emaitza ona lortu genuela.

Horrez gain, hutsean utzi zenuten atea. Berri pozgarria da, azkenaldian lanak izan baitituzue etxetik kanpo golik ez jasotzen.

Sadarren sekulako sendotasuna ari gara erakusten defentsan, baina arazo gehiago izan dugu etxetik at. Alde horretatik, garrantzitsua zen halako lehia bat osatzea, konfiantza handiagoa lortzeko. Ildo horri eusten saiatuko gara Iruñetik at gelditzen zaizkigun bi partidetan.

Jardunaldi honetan txapelketatik kanporatua izan den Reusen aurkako hiru puntuak jasoko dituzue. Eskertzekoa izango dahalako eten bat izatea, ezta?

Funtsezkoa izango da fisikoki behar bezala osatzeko. Partida asko ditugu jada zangoetan, eta ari gara nekea nabaritzen. Bada, geldialdi honi esker, indarberritu egingo gara azken lau norgehiagokei begira. Psikologikoki ere bai, gauza handia baita sasoiaren azken zatian familiarekin eta lagunekin egoteko egun batzuk edukitzea.

Opor txiki batzuk izango dituzue, beraz. Baina ezingo zarete futbolaz erabat ahaztu, Lehen Mailara igo zaitezketelako asteburu honetan, aurkariek lortzen dituzten emaitzen arabera.

Deskonektatzen ahaleginduko gara, baina telebista piztuta izango dugu, badaezpada ere. Ez gara oso urrutira joango. Ni Iruñean geldituko naiz, ingurukoekin.

Igoerak xarma galduko du jokatu gabe gauzatzen bada?

Onena Sadarren jokatu eta irabazita lortzea litzateke, garbi dago. Edonola ere, gutxienekoa da hori. Helburua lortzea da kontua. Moduak ez du hainbeste inporta.

Oraindik hilabete gelditzen da Bigarren Mailako liga bukatzeko, eta zuek dagoeneko hanka eta erdi duzue elitean. Horrek dena esaten du Osasunaren denboraldiaz, ezta?

Klubaren eta zaleen aurreikuspenak handiak ziren, oso talde ona osatu delako aurrekontu indartsu batekin. Hala ere, inork ez zuen halakorik espero. Itxaropenik onenak ere gainditu ditugu. Hau historikoa da.

Zein da talde honen sekretua?

Hainbat gako daude. Hasteko, zaleak. Babes ikaragarria eman digute partidaz partida. Aurkarientzat oso zaila izan da Sadarren jokatzea. Gero, talde teknikoaren meritua dago. Jokalari multzo on bat hartu, eta talde sendo bilakatu du. Familia baten modukoa gara, eta, guztion elkarlanari esker, jokalari bakoitzak gure onena eman dugu.

Arrasateren lantaldeak ezarritako jokamoldeak ere on egin dizuela uste duzu?

Jokalarion ezaugarrietara hobekien egokitzen den plana ezarri dute. Zaila izaten da jokalari guztiei zukua ateratzea, baina Jagobak lortu du, estilo egoki bati esker. Denok gaude eroso eta konfiantzaz. Gainera, jokamoldea ez da zurruna, malgua baizik. Partida oso ezberdinak jokatu ditugu sasoi osoan, eta denetara egokitu gara ongi.

Oso kudeatzaile ona ere bada Arrasate. Izan ere, asko edo gutxi jokatu, jokalari guztiek erakutsi dute engaiamendu handia.

Alimaleko garrantzia izan du horrek. Ikaragarri zaila da Jagoba egiten ari dena. Urte gutxi daramatzat goi mailako futbolean, baina badakit meritu itzela duela talde bat halako maisutasunez kudeatzeak. 25 jokalari dituzu zure esanetara, eta partida bakoitzean hamalauk baino ezin dute jokatu… Bada, talde honetan, jokalari guztiak dabiltza buru-belarri lanean.

Nortasun lehiakorra ere txertatu dizue. Egoera okerrenetik ere onik ateratzen zarete. Horren erakusle, zazpi lehiatan irauli duzue markagailua orain arte.

Hala da. Sadarren ez dugu oraindik partida bat bera ere galdu, eta hamalau garaipen daramatzagu jarraian. Etxetik kanpoko emaitzek ez dute hainbesteko distirarik, baina uste dut Iruñetik at ere talde lehiakorra izan garela.

Sadarreko bolada aipatu duzula, emaitzez harago, jendea zelaira guztiz lasai eta erabateko ziurtasunez joatea lortu duzue. Gauza handia da hori beti sufrimendura ohituta izan diren zaleentzat, ezta?

Bai, eta agian orain gaizki ari dira ohitzen [barrez]. Taldeak konfiantza ikaragarria dauka, eta dena alde ateratzen zaio. Gol bat jaso arren, ez da urduritzen, eta, azkenean, berea egiten du. Alabaina, bolada hori noizbait amaituko da. Normalena da etxean noizbehinka galtzea.

Jabetzen al zarete lortzen ari zareten guztiaz?

Orain txapelketan gaude murgilduta, eta zaila da distantzia apur bat hartu eta gauzak bere osotasunean ikustea. Beraz, bai, pentsatzen dut hilabeteak igaro ahala kontzienteago izango garela egiten ari garen guztiaren balioaz.

Taldeari bezala, zuri ere dena nahieran ari zaizu ateratzen. Defentsan harresia altxatu duzu Unai Garciarekin batera, eta gol garrantzitsuak sartu dituzu.

Hasieran ez nuen apenas jokatu. Asko ikasten da halakoetan: heldu egiten zara, eta garai onei balio handiagoa ematen diezu. Tokia egin nuen hamaikakoan aurreko sasoiko azken lehietan, eta, geroztik, ez naiz handik irten. Konfiantza hartuz joan naiz, eta orain oso ondo nago.

Orain dela hiru denboraldi, taldea azkenekoz igo zenean eman zenuen maila berreskuratu duzula esan daiteke?

Bai, garbi dago. Jokalari moduan, beti egiten duzu lan zure onena emateko. Hori lortu nuen orain dela hiru urte, eta orain sentipen berberak ari naiz izaten. Oso pozik nago.

Edonola, alderik bada denboraldi haren eta honen artean. Amaiera berbera izan dezakete, baina bestelakoan, arrunt ezberdinak dira, ezta?

Ez dute zerikusirik. Aurten talde askoz ere helduagoa dugu. Urte hartan doi-doi sartu ginen kanporaketetan, eta, azkenean, igoera fase perfektua eginda igo ginen. Oraingoan, ordea, jardunaldi asko daramatzagu lidergoan; hau da, askoz ere erregulartasun handiagoa ari gara izaten.

Egoera honetara iristeko, bi denboraldi zail bizi behar izan ditu Osasunak. Bada, zuri ere berdin-berdin gertatu zaizu.

Bai. Batez ere ebakuntza egin behar izan zidatelako belaunezurreko tendoian. Gero, osatzen ari nintzela, berriro hartu nuen min. Garai oso zailak izan ziren. Alde horretatik, ondo etorri zitzaidan Cultural Leonesara utzita joatea. Ondo osatu eta konfiantza hartzeko balio izan zidan. Balio handia ematen diot orain bizitzen ari naizen garaiari, asko sufritu behar izan baitut hona iristeko.

Osasuna elitera itzuliz gero, Lehen Mailarekin bakeak egiteko aukera izango duzu. Orain dela bi sasoi egin zenuen debuta bertan, eta gozakaitz ibili zinen, taldekide guztiak bezalaxe. Arantza hori sartua duzu?

Bai, batez ere lesioak ez zidalako utzi nire onena erakusten. Ondo aritu nintzen lehen partidetan, baina min hartu ostean, errenka eta infiltrazioekin jokatu behar izan nuen. Hori horrela, jakin-mina dut ikusteko elitean zer-nola jokatu dezakedan fisikoki sasoiko egonez gero.

Sasoi hartan ez bezala, uste duzu orain taldeak baduela gaia gorengo mailan finkatzeko?

Esperientziarik gabeko jokalari gazte asko geunden orduan. Orain, aldiz, oinarri sendoagoa dugu, zaildutako jende gehiagorekin. Zaila izaten da Lehen Mailara egokitzea, jauzia handia delako, baina taldea gai ikusten dut gutxienez mailari eusteko borrokan aritzeko.

Nola ospatuko duzue igoera?

Beti bezala, zaleekin batera ospatuko dugu, denok batera, eta Iruñeko karriketan festa zabalduko da. Eromena izango da, sanferminak hilabete bat aurreratzearen parekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.