Baten «irrika» eta bestearen «kilimak». Ahal izan balute, Juan Martinez de Irujok eta Aimar Olaizolak atzo bertan jokatuko zuten igandeko buruz buruko finala. Pilota aukeraketa baino ez zen, ordea, atariko liturgia. Saskiak ez zuen kexarik sortu. Olaizolari «biziak» iruditu zitzaizkion, «baina azken urteetan» darabiltzaten antzekoak. Finalari buruz hitz egitean, berriz, Irujok asko goratu zuen aurkariaren maila: «Inoiz ez dut Olaizola II.a aurten adina jokatzen ikusi».
Irujok grafikoki deskribatu zuen bere egoera, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. «Pilotakada on batzuk jo ditut, eta ume baten antzera gozatu dut. Niregatik balitz, oraintxe bertan jokatuko nuke finala». Iberokoak irrikari eutsi ezinik zegoela onartu zuen. «Aukeraketa eginda, tximeletak datoz sabelera, tentsioa sartuz doa; gorputzak badaki finala gertu dagoela». Olaizolak lasaiagoa dirudi, eta gehiago zaintzen ditu hitzak, baina hura ere gogotsu dago. «Dagoeneko nabaritzen ditut kilima horiek, baina hori ona da, tentsio horrek zure onena ematen laguntzen dizu».
Pilotek ez zuten kexarik sortu.Olaizolak, finalekoak baino, egun erabiltzen direnak kritikatu zituen, baina ez zen izan uste hori plazaratu duen lehen aldia. «Denok jokatzen dugu pilota biziekin. Nola berak, hala nik. Pilota hauekin ezinezkoa da garai bateko jokoa ikustea; botera jarriz gero, ez dago defendatzerik». Finalekoez, berriz, «desberdinak» direla esan zuen. «Bereak bote handiagokoak dira». Irujok ez zuen finalerako pilotei buruz hitz egin; bai, ordea, pilotei buruz orokorrean, eta gustatzen zaizkiola azaldu zuen. «Ez dut uste egungo pilotekin jokatzea zailagoa denik. Bilakaera izan dugunak agian pilotariak izan gara, orain aurrekoek baino gehiago jotzen dugula. Nik ez nuke beste ezer murriztuko: ez pasa mugitu, ez sake bat kendu... Joera hori hedabideen eraginez hasi zen».
Final bezpera guztietan bezala, ez zen falta izan aurkariarentzako lore banaketa, baina deigarria izan zen Irujok Olaizola goratu zuen modua. «Ez dut inoiz ikusi aurten bezain ondo. Elkarrizketaren batean esan dudan bezala, eta pixka bat maltzurra izanez, belauneko lesioak mesede eta guzti egin dio. Ikustekoa da nola dabilen kantxan». Zortzi urte dira aurrenekoz elkarren aurka jokatu zutenetik, eta aurkariaren jokoak izandako aldaketa aletu zuen gero. «Bera da bilakaera onena izan duen pilotaria. Garai batean, pauso bat atzera ematen zuen botera jartzeko. Orain, aurrera ematen du airez sartzeko».
Txapeldun ohiaren gorespena ez zen hor bukatu. «Olaizolak azkenaldian jokaturiko partida batzuk berrikusiko ditut, eta gure arteko azkena ere bai. Baina tira, bi aldiz pentsatuta, agian hobe ez ikustea Bengoetxearen aurkakoa: baliteke izutu eta igandean ez etortzea». Iazko manomanistako partida mintzagai hartuta, Irujok alderaketa egin zuen. Ordukoa bikaina izan zen; Olaizola II.ak 22-18 irabazi zuen. «Egoera ezberdina da. Nik sei aste neramatzan jokatu gabe, eta eskuak hala moduz nituen. Biok orduan baino askoz hobeto jokatzen dugu egun. Olaizolak orduan adina bi jokatzen du orain».
Irujo eta Olaizolaren artekoak ikusmin handiena pizten duten partidak direla agerikoa da, oraindik sarrera batzuk salgai dauden arren. Haiek, ordea, beste interpretazio bat egin zuten. «Aimar eta bion arteko partidek ikusmina sortzea ona da bientzat, biok puntan gaudela esan nahi duelako». Olaizolak, berriz, bere burua nabarmendu zuen. «Ni arduratzen nauena ni egotea da, aurrean Irujo edo beste edozein egonda. Hori bai, Irujo hor dagoela ikusiz gero, badakizu zailagoa izango dela».
Pilota. EPELen buruz buruko txapelketako finala
Itxaron ezinda
Irujok Olaizola II.aren sasoi ona goratu du pilota aukeraketan: «Buruz buru, inoiz baino hobeto ikusi dut aurten»Pilota oso ezberdinak aukeratu dituzte, baina ez da egon aparteko kexarik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu