Iturriaren emana

Amezketako Zazpi Iturri pilota elkartean ibilirik, txikitako lagunak dira Altuna eta Jaka. Eguneroko harreman sendoa dute. Bien entrenatzaile ohi Xalton Zabala, berriz, zerak betetzen du gehien: bi finalistak direla zentzuzko pertsonak eta pilotaren aldeko kontzientzia dutenak.

Zutik, ezkerretik bosgarrena da Altuna, eta seigarrena, Jaka. Ezkerretik hamargarrena da Xalton Zabala. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jon eskudero
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Inor bada Erik Jaka eta Jokin Altuna ongi ezagutzen dituenik, hura da Xalton Zabala (Amezketa, Gipuzkoa, 1951). Bizitza osoa eman du Amezketako Zazpi Iturri pilota eskolari lotuta, eta, hainbat eta hainbat umeren artean, hazten eta hazten ikusi ditu igandeko bi finalistak. «Pribilegiatu» bat izan dela dio pilotari asko hazten ikusi dituelako, baina gutxi eduki dituela Jaka eta Altuna bezain bereziak. «Altunak bazuen dohain berezia umetatik, baina Jaka ere maila guztietan nabarmendu izan da. Oso maiteak ditut biak, nire besapean haziak direlako, eta igandekoa egun berezia izango da». Ez zuen berehalakoan pentsatuko elkarren kontra buruz buruko finala jokatuko zutenik: «Burutik ez zitzaidan pasatu ere egiten. Nahi nuke bukaerara berdintsu iritsi, eta onenak irabaztea».

Herritarra izaki, oinez ikasi orduko hasi zen pilotalekura joaten Altuna, Zabalaren esanetan. Haren amak musika klaseak ematen zituen frontoiaren alboan, eta Jokin ez zen kantxatik ateratzen. Bakar-bakarrik pozik ibiltzen zen pilota batekin; orduak ematen nituen hari begira. Jaka, berriz, zazpi bat urterekin hasi zen Amezketako elkartean. Etorri orduko lagun minak egin ziren Altuna eta Jaka, nahiz eta lizartzarra bi urte zaharragoa izan. Handiak txikia babesten zuen». Besteak beste, Jaka Altunaren irakasle bihurtu zela gogoratzen du bien entrenatzaile izan zenak: «Aholkuak ematen zizkion zaharrenak gazteari, eta txapelketa bat ere jokatu zuten elkarrekin». Orain, berriz, alderantziz gertatzen da: «Azken urteotan, Altuna izan da Jakaren gidari».

Biek harreman izugarria dute elkarrekin, egunerokoa. Izan ere, prestakuntza fisikoa batera egiten dute, Amezketan bertan. Psikologikoki ere prestatzen dira, gainera. «Mundu profesionalera iristean, oso garrantzitsua da buruz ongi egotea, eta entrenatzaile bat topatu nahi genuen arlo fisikoa eta psikologikoa landuko zituena. David ezagutu genuen. Bizitza pertsonalean oztopo batzuk gainditu behar izan ditu, eta hark bizi izandako esperientziak lagungarri egiten zaizkie Jakari eta Altunari».

Dena den, igandean, aurkari bihurtuko dira biak, ordubetez. Pronostikoak Altunaren alde egon arren, arriskua ikusten dio partidari Zabalak: «Altuna orain arteko bi partidetan ez dut ikusi bere onena ematen. Uste dut presio pixka bat sartua diola bere buruari txapela irabazteko. Eta erne, Jaka oso arriskutsu dago, tantoa inork baino aiseago bukatzen du, eta irekia egongo da finala». Urte gutxian asko aldatu da buruz burukoa, jokoa inoiz baino azkarragoa ari da izaten, eta Zabalak gustuko du hori: «Urteak daramatzat pilota partidak ikusten, esan dezaket gaur egun bezain erritmo bizian ez dela inoiz jokatu. Lehengoa polita zen, oraingoa ere bai».

Edonork irabazten duela ere, pozik dago Amezketakoa, bi pilotariak zentzuzko pertsonak direla: «Jaka melokotoi bat bezalakoa da. Hasieran duda egiten duzu probatu edo ez, baina behin probatuta, ikusten da ona eta gozoa dela. Altuna, berriz, oso konprometitua da». Besteak beste, Zazpi Iturri elkartean erretiroa hartu berri du Zabalak, eta Altunak hartu dio lekukoa: «Horrek betetzen nau gehien, ikusteak badutela kontzientzia pilotaren alde biek ala biek. Jaka ere haurrak entrenatzen ibiltzen da, eta hori da pozgarriena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.