Iturriagaetxebarria eta Olaberria gaur, erlojupeko proban

Zortzi euskal herritar ariko dira lehian Kopenhagen jokoan den Errepideko Munduko Txapelketan

unai zubeldia
Donostia
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Jessica Allen eta Luke Durbridge. Australiak bi kolpe emanez ekin zion atzo Errepideko Munduko Txapelketari, Kopenhagen (Danimarka). Junior mailako emakumezkoen erlojupekoa irabazi zuen Allenek, Elinor Barker britainiarraren eta Mieke Kroger alemaniarraren aurretik; eta 23 urtez azpiko gizonezkoen erlojupekoa Durbridgek, Rasmus Christian Quaade danimarkarraren eta Michael Hepburn australiarraren aurretik. Bi proba horiekin hasi zen atzo Munduko Txapelketa, eta euskal herritar bat nahi baino apalago aritu zen atzo: Irene Usabiaga. 16. postuan amaitu zuen junior mailako erlojupekoa. Haserre zegoen ordiziarra: «Nire bizitzako erlojupekorik txarrena izan da. Sentsazio onik gabe aritu naiz, eta goitik behera egin dut». Zortzigarren denborarik onenarekin zihoan tarteko erreferentzian, baina lehertu egin zen gero.

Usabiagak arantza barruraino sartuta amaitu zuen saioa, baina ostiralean izango du aukera aho-zapore txar hori kentzeko: junior mailako emakumezkoen errepideko proban. Aurretik, ordea, Eneritz Iturriagaetxebarria eta Leire Olaberriaren txanda izango da gaur. 27,8 kilometro dauzka emakumezkoen elite mailako erlojupekoak, eta aurrekoen artean tokitxo bat egiteko helburuarekin ekingo diote biek erlojupekoari. Ezusterik ezean, dominen borrokatik urrun egongo dira biak, baina konfiantzaz gainezka iritsi dira. Iturriagaetxebarria errepideko proban ere ariko da, larunbatean.

Garate eta Erbiti, igandean

Usabiaga, Iturriagaetxebarria eta Olaberriarekin batera, beste bost euskal herritar ere ariko dira lehian igandera bitartean. Jonathan Castroviejo gizonezkoen elite mailako erlojupekoan ariko da bihar; Lurdes Oiarbide emakumezkoen junior mailako errepideko proban ostiralean; Jon Aberasturi gizonezkoen 23 urtez azpiko errepideko proban, larunbatean; eta Juanma Garate eta Imanol Erbiti gizonezkoen elite mailako errepideko proban, igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.