Urtebete Olinpiar Jokoetarako. Euskal kirolariak

Itua urrundu diote

Pablo Carrera pistola tiratzaileak oraindik ez du lortu Tokioko Jokoetan sartzea. 50 metroko proba olinpiar programatik kendu izanak «%60ra» murriztu dizkio sailkatzeko aukerak.

Pablo Carrera ikusleak agurtzen, Fort Benningen jokaturiko Munduko Kopako tiraldiaren aurretik. NICOLA ZANGIROLAMI / BAT BASQUE TEAM.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Ez da olinpiar ziklo erraza izaten ari Pablo Carrerarentzat (Bilbo, 1986). Londresen eta Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan lehiatu zen, baina aldapa gora jarri zaio Tokiorako bidea. Lesioek, federazioarekin izandako ika-mikek eta batez ere olinpiar batzordearen erabakiek eragin handia izan dute bere aukerengan. «Nik aire pistolako 10 metrokoan eta pistola libreko 50 metroko probetan lehiatu izan naiz beti, eta azken hori kendu egin dute olinpiar programatik —balarekin tiratzen den proba bakarra da, 22 kalibrekoa—. Maratoiarekin batera, Olinpiar Joko guztietan jokaturiko proba bakarra zen. Pentsa, Coubertin baroiak egiten zuena da. Bada, hura kenduta, sailkatzeko nire aukerak %60ra jaitsi dira».

Gauzak horrela, 10 metroko proba du itxaropen bakarra, eta hura ere zailago dauka, parte hartzaile kopurua 32tik 29ra murriztu dutelako. Orain lau aukera ditu sailkatzeko, eta guztira sei plaza egongo dira lehian: hil bukaeran Rion jokatuko den Munduko Kopan bi banatuko dira, heldu den urteko Europako Txapelketan beste bi, 2020an Europako tiratzaileentzat antolatuko duten torneo batekoa eta munduko sailkapenekoa. «Egia da orain ez nagoela nire onenean, baina berdin entrenatzen naiz. Nire helburua finaletan sartzea da beti, eta, behin han egonda, egun ona izatea. Arazoak izan ditut, egia da, baina ohituta nago oztopoei aurre egiten».

Carrera kritiko mintzo da murrizketez, eta bi arrazoi ikusten ditu: «Batetik, Olinpiar Jokoetara doan kirolari kopurua murriztu nahi dute, hirian jende gutxiago egon dadin. Bestetik, gizonezko eta emakumezko proba kopurua berdindu dute [emakumeek ez dute tiratzen 50 metrokoan], eta, goraka berdindu beharrean, beheraka berdindu dute, murriztuz». Galera horri aurre egiteko, nazioarteko tiro federazioak maila mistoak sortu zituen, gizon eta emakumeak bikoteka tiraka. Carrera Sonia Franquet tiratzaile katalanarekin aritu zen, oso ondo, gainera.«Sonia ona da, zortea izan nuen. Bosgarren izan ginen Munduko Txapelketan, eta Munduko Kopako proba bat irabazi genuen, baina ez zen nahikoa izan sailkatzeko, lau bikote bakarrik sailkatzen baitziren».

Tiratzaileak, baina, ez zion zentzu handirik ikusten probari. «Gure kirola banakakoa da, ez du zentzurik binaka aritzeak. Berdin dio gizon-emakume edo bi gizon edo bi emakume izatea. Baten jardunak ez du eraginik bestearenean, ez da tenisean bezala. Bakoitzak bere tiro kopurua du, eta gehitu egiten dira». Gai berean, gizon eta emakumeek elkarrekin tiratzearen aldekoa da. «Nik open maila bakarra egingo nuke, gizon eta emakume elkarrekin. Gure kirolak ematen du modua. Ni emakumeekin entrenatzen naiz, eta nire markak lortzen dituzte. Emakumeek berrogei tiroko txandak egiten dituzte, eta guk hirurogeikoak, eta agian egokitze prozesu bat eskatuko luke horrek. Baina zergatik ez? Agian ez dute nahi emakume batek gizonei irabazterik, edo gizonezkoz bakarrik osaturiko finala. Nik behin probatuko nuke, behintzat, eta gero ondorioak aztertu».

Aukera onena, Europakoan

Egoera hotzean aztertuta, eta abuztuko Munduko Kopari muzinik egin gabe, Carreraren ustez 2020ko Europako Txapelketa da aukerarik onena. Otsail amaieran jokatuko da, Wroclawen (Polonia).«Ordurako Europako tiratzaile batzuk sailkatuta egongo dira, eta hori abantaila da». Tiratzailea, baina, aldakako arazoekin dabil iaztik: trokanteritis batek mina eragiten dio nerbio ziatikoan. Askoz hobeto dago, baina, dioenez, «ez du laguntzen» Aurten, esaterako, Europako Txapelketaren aurretik puntzio lehor bat egin behar izan zioten. Halere, baikorra da. «Konfiantzaz nago. Entrenamenduetan marka onak egiten ditut. Orain, lehiaketa batean lan hori berdintzea falta zait».

Eta sailkatuko ez balitz? «Oporrak aldatuko lizkidake», esan du, umoreko. «Ni ez naiz profesionala, eta ez nabil tiroan diruarengatik. Jokoetara sailkatu ezean, ADO diru laguntza kolokan egon daiteke, eta pentsatu egin beharko genuke nola jarraitu.Egia da adinean oso gora egin arte jarrai daitekeela gure kirolean. Nik urteak daramatzat Espainiako selekzioan, eta pentsatu beharko nuke zer egin etorkizunean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.