Lander Lasa. Lagun Aro GBCko jokalaria

«Itsasertzera iritsi naiz, baina busti gabe»

22 urte, gipuzkoarra, eta Gipuzkoak elitean duen taldeko kide. Lander Lasak hilabeteak daramatza hori barneratzen, eta bere egoera zailari buelta gehiegi eman gabe.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
Tolosa
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Usabal kiroldegia eta Laskorain ikastola. Lander Lasaren bizitzan mugarri izan dira bi gune horiek (Tolosa, Gipuzkoa, 1988). Eskolak ematen ditu ikastolan, ahal duenean, eta bertako eta Tolosako umeentzat eredu da. Denek animatzen dute, eskua eman, eta bakarren batek 50 euro zor dizkiola gogoratu dio, Lasak berak sari hori emango ziola agindu baitzion, hiruko bat saskiratzen bazuen.

Hilabete gutxitan ikaragarri aldatu da zure bizitza. Nola moldatu zara?

Pasa den sasoian hasi nintzen Lagun Arorekin entrenatzen, Iraurgirekin kanporaketak bukatuta. Nire asmoa sasoi honetan ere Azpeitian jarraitzea zen, baina Pablo Laso eta German Cea taldeko gerentearekin hitz egin nuen, eta konfiantza eman zidaten. Horri esker eman nuen pausoa.

Nolakoa izan zen hasiera?

Berria. Pentsa, 22 urte, Tolosakoa, Gipuzkoak Europako saskibaloi liga onenean duen taldeko kide, ni neu foku guztien erdian, zer esango ote zuen jendeak, herrian ere denak niri begira… Gauza asko batera.

Zertan dira ezberdinak Zilarrezko LEB liga eta ACB liga?

Denean. Aldaketa fisikoaren aldetik nabaritu dut batez ere. Buruz-eta ez hainbeste, baina fisikoaren aldetik ikaragarria da jauzia. Denboraldi-aurrean asko sufritu nuen, ez nengoelako hain gogor entrenatzen ohituta, baina ohitzen hasi naiz. Gorabehera batzuekin, baina ohitu naiz, denek lagundu didate lehen urte hau ondo eramaten.

Ez dakit zein zen zure asmoa, baina pentsatzen dut espero baino minutu gutxiago jokatu duzula.

Bai, hori egia da. Lau minutu bakarrik jokatu ditut liga osoan, eta gogorra egiten ari zait. Beti egoten dira lesioak, eta beste jokalari batzuk jokatzeko aukerak, baina lesio gutxi egon da, eta parte hartzeko aukera gutxi izan ditut.

Nola daramazu partida osoa aulkian egitea?

Bakoitzak zein paper jokatzen duen onartzea garrantzitsua da. Banekien ez nuela 20 minutu jokatuko partidako. Gehiago jokatzea espero nuen, baina gaztea naiz, hasiberria, eta konfiantza osoa daukat Lasorekin, ez naiz urdurituko.

Litekeena da taldeak mailari eusteko lorpena ziurtatzean aukera izatea.

Ea hala den. Nik Lasori, taldekideei, jokatzen badakidala erakutsi nahi diet, eta hori kantxan lortzen da.

ACB ligan jokatu duzula esan zenezake, behintzat.

Bai, hala da. Gogoan dut 13-14 urterekin koadrilako lagunei-eta esaten niela, egunen batean ACB ligan jokatuko nuela, harro-harro. Hori lortu dut behintzat.

Zer moduz taldekideekin? Jimmy Baronekin denbora asko pasatzen duzu lan saioetan.

Asko laguntzen nau, mutil jatorra da. Abuztuan, Donostiara etorri zenean isil samarra zen, baina gero asko ireki da. Ikusi nuenean harrituta geratu nintzen, ni baino txikiagoa delako, baina azkar konturatu ginen denok jokalari puska dela. Jaurtiketak zuzentzen dizkit, oinak nola jarri, paseak nola eman, oso garrantzitsua da niretzat, eta eskertzekoa da atzerritar batek, taldeko saskiratzaile onenak gazteenarekin halako ardura hartzea.

Ze aholku eman dizkizute bi kapitainek, Ritxi Uri zek eta David Doblasek?

Esan didate lana egin behar dudala beltz. Goraino iritsi naizela azkar, baina horrek ez duela esan nahi goian mantenduko naizenik. Egiten ditudan akatsak zuzentzen dizkidate, baina batez ere jarrera aldetik eta nola jokatu esaten didate. Errespetuz beti, baina etsi gabe.

Jaurtitzaile petoa zara. Iraurgin hamazazpi puntu saskiratzen zenituen partidako.

Bai, hirukoetan naiz batez ere trebea. Saskibaloi jokalari gisa iraun badut hirukoei esker izan da, baina hori meritu eskasa da ACB ligan jokatzeko. Liga honetan denek dakite ondo jaurtitzen, eta defentsan trebea izateko gaitasunak, blokeoak pasatzeko indarrak ematen dizu etorkizuna. Erasoan ez daukat arazorik, defentsan bai.

Urtebeterako akordioa sinatu zenuen. Non ikusten duzu zure etorkizuna?

Etxean baino hobeto inon ez. Gipuzkoan geratu nahi nuke, baina horrek urtebete jokatu gabe egitea suposatzen badu, nahiago dut beste nonbaitera joan, jokatzeko. Ez nuke arazorik izango koska bat jaisteko, beti ere ikasteko baldin bada.

Zeuk esan duzu, etxean baino hobeto inon ez. Kanpoan ibilitakoa al zara?

Beno, Burgosen egin nuen urtebete, eta gertu egonda ere, gogorra egin zitzaidan. Neska-laguna, koadrila, gurasoak… dena hemen eta joan beharra ere… Joatekotan gertu joan nahi nuke.

Jokatu, gutxi jokatzen duzu, baina talde dinamikan sartuta zaude bete-betean. Orain arteko balantze bat egiteko modurik bai?

Mailari eustea zen asmoa liga hasieran, eta orain ere bai. Tartean gorago sailkatzeko aukera izan genuen, baina zazpi partidako bolada txar hori etorri zen. Alacanten aurka etxean galdu genuen partidak min handia egin zigun, bagenekielako hori irabaziz gero Kopa eskura genuela.

Zein azalpen ematen diozu bolada txar luze horri?

Nonbait beherakada fisikoaren ondorio zela irakurri nuen, baina ez nago ados. Konfiantza kontua da. Aurkariak aurrea hartu izan digunean talde zentzua galdu dugu, bakoitzak bere aldetik jokatu apur bat, eta horrela jai dugu. Talde honen ikurrak defentsa, errebotea eta korrika egitea dira, baina erasoan asmatzen ez duzunean defentsan ere gutxiago saiatzen zara, eta defentsan gaizki aritzen zarenean, agur. ACB ligan ezin da halakorik egin.

Manresaren aurka argi ikusi zen hori. Egurra ematen hasi zinetenean hasi zen taldea ondo jokatzen.

Bai, baina egurra emate horrekin tentuz jokatu behar da. Beraiek ere asko eman zutelako eman genuen guk asko, baina buruz-eta bizkorrak izan behar dugu. Esan nahi dut, egurra eman, baina itsusi jokatu gabe, epaileek zorrotz zainduko gaituztelako. Badakite egurra emateko gai garela, baina egurra emateko moduak eta moduak daude, eta oso agerikoa bada ematen ari garela, asko zigortuko gaituzte.

Zer moduz ikusten duzu igandeko derbia?

Zaila. Bilbo Basket askoz hobeto ari da orain, Donostiara etorri zenean baino. Kopan sartu zen, eta zortzi onenen artean dago. Indarra hartu du.

Jende guztiak Aaron Jackson dauka buruan. Hura da bizkaitarren arima.

Bai, eta oso jokalari ona da. Trantsizioan oso ondo jokatzen du, eta barneraketetan ere oso indartsua da. Guk Javi Salgado daukagu. Motibazio handiarekin arituko da, eta neurketa parekatua izatea espero dut.

Bilbo bihar, eta Real Madril hurrengo ostegunean. Zortzi onenen multzora hurbiltzeko azken trena da.

Bai, hala da. Hiru garaipenera gaude. Nire ustez, aukera, egon, badago, baina lehen esan ditudan ezaugarri horiek berreskuratu behar ditugu derrigor: defentsa, errebotea irabazi eta korrika egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.