Fussballliebe izena du 2024ko Eurokopan erabiliko duten baloiak. Alemanez, futbolarekiko maitasuna esan nahi du, eta, hain justu, horixe sentituko dute futbolzale askok hurrengo hilabetean: futbolarekiko pasio eta maitasun mugagabea. Europako 24 selekzio onenak berriz ere aurrez aurre ikusteko aukera izango da Alemanian jokatuko den Eurokopan, eta Berlingo Olinpiar Estadioan altxatuko du selekzio garaileak Henry Delaunay trofeoa.
Duela hiru urte bezala, 24 selekzioak zortzi multzotan banatuta egongo dira, eta multzo bakoitzeko bi onenek eta hirugarren postuan sailkatu diren lau talde onenek egingo dute aurrera. Parte hartuko duten selekzio guztiek Italiaren ondorengoa izan nahi dute, azzurriek irabazi zutelako 2021eko Eurokopa. Haiek irabazi zuten ere Berlingo Olinpiar Estadioan erabaki zen azken txapelketa, 2006ko Munduko Kopa.
Ikusi gehiago
ANTZEKO HAUTAGAIAK
Ingalaterra eta Frantzia, kiniela guztietan
Duela lau urte bezala, Frantzia eta Ingalaterra dira txapelketa irabazteko hautagai nagusiak. Didier Deschamps lapurtarraren Frantzia Munduko Kopa finala jokatzetik dator, eta, Gareth Southgaten Ingalaterra, berriz, egungoko Europako txapelketako txapeldunordea da. Bi selekzioak aise gailendu dira txapelketarako sailkatzeko faseko euren multzoetan. Azken urteetan, selekzio batak zein besteak, jarraitutasunaren aldeko apustua egin dute, eta badirudi urtez urte talde hobeak eta osoagoak lortu dituztela.
Ingalaterrari dagokionez, Phil Foden, Jude Bellingham, Bukayo Saka eta gisako gazteek nazioartean esperientzia handiagoa lortu dute, eta jokalari gisa helduta edo helduta egoteko zorian ailegatuko dira Europako txapelketara. Frantziako taldean, berriz, Deschampsek bere multzoaren alde egiten segitzen du, nahiz eta maila handiko gazteak sartu dituen zerrendan: Bradley Barcola edo Warren Zaire-Emery. Hala ere, Antoine Griezmann eta Kylian Mbappe izango dira liderrak, eta Aurelien Tchouameni eta Eduardo Camavinga jokalariek garrantzitsuago izan beharko lukete.
Bi selekzio horien atzetik Espainiak, Belgika, Herbehereek eta Portugalek osatuko luketen multzoa legoke. Lau horien artean, Nazioen Liga txapelketa irabazi du Luis De la Fuenteren selekzioak, eta hark dirudi indartsuena eta fidagarriena, baina Portugalek zein Herbehereek ere maila oneko selekzioa dute. Belgikak ere ongi jardun du sailkatze fasean eta azken lagunartekoetan, baina pentsa liteke selekzioaren garairik onenak jada igarota daudela.
EZ DAGO JAKITERIK ORAINDIK
Alemaniaren eta Italiaren maila
Gauzak ondo, Alemaniako eta Italiako selekzioak txapelketa irabazteko hautagai nagusien multzoan beharko lukete, edo bai behintzat hautagai nagusien azpiko lehen multzoan. Alta, azken txapelketetan eman duten maila ikusita, jakinkizun dago batak zein besteak zer egingo duten. Egia da Italia egungo txapelduna dela, baina azzurriak ez dira sailkatu azken bi munduko kopetarako. Orain, Luciano Spallettiren gidaritzapean, badirudi taldeak norabidea apur bat berreskuratu duela, baina ez dirudi nahikoa izango denik txapelketan oso aurrera egiteko. Edozein moduz, 2021eko Europako txapelketara ere antzeko egoeran ailegatu zen, eta, azkenerako, txapeldun izan zen, Londresen Ingalaterra menderatuta.
Alemaniak ere azken urte eta txapelketetan fidagarritasuna galdu du. 2014an Munduko Kopa irabazi eta gero, 2016ko Europako txapelketan finalerdietara ailegatu zen, baina hurrengo hiru txapelketa nagusiak dezepzio handia izan dira Die Manschaftentzat: 2018ko eta 2022ko munduko kopetan multzoen fasean joan ziren etxera, eta 2020ko Europako txapelketan final zortzirenetan kanporatu zuten. Hala, 2023ko irailean Julian Nagelsmann gazteak hartu zuen selekzioaren ardura, eta berriro ere lehen lerroan kokatu nahi ditu. Maila handiko jokalariak ditu lerro guztietan, baina badirudi hautatzaileari bere konfiantzazko taldea eta hamaikakoa aurkitzea falta zaizkiola oraindik. «2006an eta 2014an taldeak izan zuen aura hori berreskuratu behar dugu», adierazi zuen duela aste batzuk Alemaniako hautatzaileak.
ZERESANA EMANGO DUTE
Toni Kroosen azken partidak
Gainontzeko jokalari guztien baimenarekin, Mbappe da Europako txapelketako izar nagusia. PSGrekin denboraldi zail bat bizi ostean, aurrelari frantziarrak Real Madrilekin 2029ra arteko kontratua sinatu du, eta Madrilera ailegatu aurretik, nor den erakusteko gogo handia izango du. Aurrerantzean taldekide izango du Bellingham, eta hark ere distira egin lezake, nahiz eta denboraldiaren bigarren erdian bere mailak apur bat behera egin duen. Harry Kane edo Foden herrikideei, Jamal Musiala alemaniarrari, Xavi Simmons herbeheretarrari, eta Espainiako selekzioarekin ariko diren Nico Williamsi eta Lamine Yamali so ere jende asko egongo da.
Dena den, norbaitentzat Europako txapelketa berezia izango bada, Toni Kroosentzat izango da, txapelketa jokatutakoan erdilari alemaniarrak erretiroa hartuko duelako. 2021ean selekzioa uzteko erabakia hartu bazuen ere —Nagelsmannek eskatuta—, berriro ere hautatua izan da, eta bere palmares erraldoia osatu nahiko du falta zaion garaipen bakarrarekin. Era berean, Cristiano Ronaldok Portugalekin eta Luka Modricek Kroaziarekin jokatuko dituzten azken txapelketa handiak izan daitezke.
Txapelketa jokatuko ez duten selekzio esanguratsuenak Suedia, Norvegia eta Errusia dira, eta jokalariei dagokionez, badira azpimarratzeko hutsuneak ere: Erling Haaland Manchester Cityko golegile norvegiarra, Thibaut Courtois Belgikako atezaina eta Frenkie de Jong Herbehereetako erdilaria, besteak beste. Ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu eta gero, Real Madrileko atezaina denboraldiaren azken txanpan berragertu da, baina, Domenico Tedesco hautatzaileak ez zuen aste batzuk atzera emandako zerrendan sartu, haren esanetan ez baitago fisikoki «txapelketa jokatzeko prest». Edonola, itxuraz, hautatzailearen eta jokalariaren arteko harremana ez da ona. De Jongi, berriz, ez zaio osatu orkatileko mina. Robert Lewandowski aurrelari poloniarra deialdian dago, baina min hartuta dago, eta ikusteko dago noiz jokatuko duen berriro.